euskaraespañol

Aurelio Mateo Alonso ikertzailea buru duen FantastiCOF proiektu europarrak Europako Batzordeak emandako 2,8 milioi euro jaso ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/11/16

Irudia
POLYMATen nahiz Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean ikerketa-irakasle dabilen Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko ikertzailea. Argazkia: Polymat

FantastiCOF ikerketa-proiektua hautatu dute Europako Batzordearen Horizon Europe esparru-programa berriko EIC Pathfinder Open (European Innovation Council) europar deialdian. Teknologia urratzaileen sorrera erraz ditzaketen ideia berritzaileak garatzeko lankidetza bidezko proiektuak finantzatzea da Pathfinder programaren helburua.

POLYMATen nahiz Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean ikerketa-irakasle dabilen Aurelio Mateo Alonso Ikerbasqueko ikertzaileak koordinatutako proiektu honetan, nazioarte mailako izen handiko unibertsitateek, ikerketa-zentroek eta enpresek parte hartu dute: Aveiroko Unibertsitatea (Portugal), Graphenea (Espainia), Lovainako Unibertsitatea (Belgika), CIC nanoGUNE (Espainia) eta Zuricheko Eskola Politekniko Federala (Suitza).

Polimero bidimentsionalak eta grafenoa uztartzen dituzten material exotikoen familia berri bat garatzea da FantastiCOF proiektuaren helburu nagusia. Material berri horien laguntzaz, errendimendu eta sentikortasun handiagoa izango duten gailu elektroniko supereroaleen fabrikazioa erraztea espero da, eta hau giltzarrizkoa da diagnostiko mediko zein konputazio kuantikorako teknologia berriak garatu ahal izateko.

Ikertzailearen esanetan, “diziplina anitzeko proiektu honek material exotiko horiek sintetizatzeko oinarriak finkatu eta horien propietateak eta hainbat teknologiari lotutako potentziala zehatz-mehatz aztertzeko aukera emango digu, material polimerikoek aplikazio berrien garapenean duten moldaerraztasun handia agerian utziz”.

Aurelio Mateo Alonsok Kimika Organikoan lizentziatu (1999) eta Masterra egin zuen (2000) Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Gero, Kimikan doktoratu zen (2004) Londresko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Queen Mary College delakoan. 2004tik 2009ra bitartean, doktorego-ondoko ikertzaile bezala lan egin zuen Triesteko (Italia) Unibertsitatean. 2009an, banakako ikerketa-karrera hasi zuen Friburgoko Ikasketa Aurreratuen Institutuko (Alemania) taldeburu bezala. 2012az geroztik, POLYMATeko Material Molekular eta Supramolekularren Taldea lideratzen du.

Mateo irakaslearen ikerketa-taldeak nanografenoen (tamaina nanometrikoko grafenoetatik eratorrita) nahiz bi eta hiru dimentsiotako polimeroen sintesi eta kimika supramolekularra ditu ardatz, material horiek elektronika eta energia arloetako aplikazioetan izan dezaketen potentziala esploratzeaz gain.

Haren ikerketa-lana estatuko zein nazioarteko hainbat sarik aitortu dute orain arte: Triesteko Unibertsitatearen Ikertzaile Gazteen Saria (Italia, 2007); Friburgoko Unibertsitatearen Eugen-Graetz Saria (Alemania, 2009); Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ikertzaile Gazteen Saria (Espainia, 2011); Estatu Batuetako Elektrokimikako Elkartearen Nanokarbonoen dibisioko Ikertzaile Gazteen Saria (AEB, 2021), eta berrikitan, Espainiako Kimikako Errege Elkartearen Ikerketa-Bikaintasunaren Saria (Espainia, 2021).