euskaraespañol

Aurkezpena Salamancako Unibertsitatean: ‘Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas’

Espetxeko emakumeen bizipenei buruzko lan aitzindaria da UPV/EHUko Argitalpen Zerbituak argitaratuko Estibaliz de Miguelen liburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/17

Irudia

UPV/EHUko ikertzaileak, Estíbaliz de Miguel Calvok, aurkeztuko du Salamancako Unibertsitatean Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas liburua, apirilaren 18an. Lan horrek ekiten die gizartearen eta kulturaren, ikasketa akademikoen eta eztabaida feministen bazterretan bizi diren emakumeen bizipenei.

UPV/EHUko Soziologiako doktoreak ikusgai egin ditu emakume presoak, bikoteko maitasuna aztertu du, eta espetxeko maitasun amatiarren garrantzia deskubritu du. Azterlan feminista horrek (Relaciones amorosas de las mujeres encarceladas) UPV/EHUren Micaela Portilla Vitoria Saria irabazi zuen, eta ikuspuntu soziologikotik jorratzen du emakume presoen bizitzako maitasuna. Hala, lanaren bidez, egiaztatu da ez dagoela “emakume espetxeratu” baten eredurik, eta hein handi batean emakumeon maitasun harremanak baldintzatzen dituzten faktore ohikoenak aztertu dira: besteak beste, egoera sozioekonomikoa, jatorria eta droga kontsumoa.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak plazaratu du liburua, zazpi kapitulutan banatua. Lehen kapituluan, emakume presoak orain artean eginiko ikerketen ikuspuntuetatik aztertzen dira. Bigarren kapituluak emozioak eta maitasuna jorratzen ditu, gizarte eta genero desberdintasunetan oinarrituta. Hirugarrenean, Langraitzeko espetxean 2008an gauzatutako landa lana azaltzen da. Laugarren kapituluak emakume espetxeratuen bizitza du aztergai, eta bosgarrenak, berriz, maitasun esperientziak. Ondoren, seigarren kapituluan, maitasunaren bi alderdi ikusarazten eta argudiatzen dira: alde batetik, maitasuna nolabaiteko gatibualditzat jotzen da eta, bestetik, espetxealdiko askapentzat. Azkenik, zazpigarren kapituluak bost emakume espetxeraturen (Ángela, Celia, Jasmine, Rosa eta Ariadna) kontakizunak eta haien maitasunezko bizipen eta kezkak biltzen ditu.

Egileari buruz

Estíbaliz de Miguel Calvo (Barakaldo, 1974). Soziologian doktorea Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik, gizarte langilea, gizarte hezitzailea, eta espetxeetako bisitaria hamar urtez. UPV/EHUren I. Micaela Portilla Saria lortu zuen, feminismoari/generoari buruzko 2013ko doktorego tesi onenagatik. Emakumeen eta espetxeen inguruan ikertzeko SinRejas proiektua zuzentzen du. Gainera, Geispe-Red Zigor Sistemaren eta Generoaren Nazioarteko Sareko kide da. Arlo hauek ikertzen ditu: bazterketa soziala eta kriminologia, genero azterlanak, eta emozioen eta maitasunaren soziologia. Azken argitalpena: Mujeres usuarias de drogas en prisión, Praxis Sociológica, 19.zk. (2015).