euskaraespañol

Aurrerapenak 3D inprimaketa bidezko protesi biobateragarrien garapenean

UPV/EHUren Biomat taldeak eta Domotek enpresak kolageno natibozko biomaterial pertsonalizatuak lortu dituzte

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/28

Irudia
Koldo Artola, Domotek-ekoa, eta Pedro Guerrero, Biomat-ekoa. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.

Hiru dimentsioko (3D) inprimaketa aurrerapen handia izan da medikuntza pertsonalizatuan, horrekin osasuneko profesionalen lana hein handi batean errazten duten biomodeloak gara daitezkeelako. Bide horretan emandako beste urrats bat UPV/EHUren Biomat taldeak eta Domotek enpresak elkarrekin egindako lana izan da. Horri esker, kolageno natibozko biomodelo pertsonalizatuak lortu ahal izan dira. Biomatek aurrerapenak lortu ditu 3D inprimaketa bidezko biomaterial prozesagarriak lortzeko xedean, eta Domotekek, bere aldetik, aurrerapausoak eman ditu 3D inprimagailuetarako datuak eskuratzeko eta prozesatzeko jomugan. Bada, hori horrela, ekoitzitako produktuak tresna edo protesi gisa erabil daitezke, biobateragarriak baitira.

«Pazienteari egindako irudi medikoak abiapuntu hartuta (batik bat, ordenagailu bidezko tomografia axial bidez edota erresonantzia magnetiko bidez), zehaztapen handiko 3D modelo digitalak lor daitezke», azaldu du Pedro Guerrero Biomat taldeko ikertzaileak. «Modelo digital horiek datu bihur daitezke, eta 3D inprimagailuek datuok prozesa ditzake, pazientearen anatomiaren kopia zehatzak (biomodeloak) inprimatzeko. Biomodelook prozedura kirurgikoak egiaztatzeko aukera ematen diete medikuei, eta, gainera, medikuen eta pazienteen arteko komunikazioa hobetzen laguntzen dute; izan ere, medikuek pazienteei biomodeloa erakuts diezaiekete hobeto uler dezaten zer ebakuntza egingo dieten. Gaur egun, inplante pertsonalizatuei esker, akatsa berreraiki daiteke pazientearen anatomia aldatu gabe; beraz, kirurgia efizienteagoa da eta, gainera, gutxiago irauten du eta gutxiago balio du».

3D inprimagailuekin plastikozko edo erretxinazko biomodeloak egin daitezke, baina materialok arriskuak izan ditzakete (infekzioak edo materiala bera errefusatzea). Horregatik, funtsezkoa da material berriak garatzea. «Biomatek eta Domotekek egindako garapenarekin, I motako kolageno natibozko biomodeloak egin daitezke. Biobateragarria, biodegradagarria eta porotsua da material hori, zelula atxikipenerako egokia, eta ez du zitotoxikotasunik. Hortaz, baliteke kolageno natiboan oinarritutako materialekin ekoitzitako biomodelo horiek etorkizuneko protesiak izatea; izan ere, haien propietateei esker, kaltetutako ehuna aldi baterako ordeztu dezakete, hori birsortu arte. Inplanteen kasuan, biodegradagarritasuna oso garrantzitsua da, inplantea kentzeko beste kirurgia bat egin behar izatea saihesten baita», argitu du Guerrero irakasleak.

 

Informazio gehigarria

UPV/EHUren Biomat ikertaldeak bioosasunaren arloan ikertzen du, eta biomaterial biobateragarri eta biodegradagarriak garatzen ditu, zitotoxikotasunik gabeak, eta gainera, 3D inprimaketarako teknologiak prozesa ditzakeenak. Horretarako, kolagenoa, hots, material biologiko bat erabiltzen du matrize gisa.

Domotek softwarean eta digitalizazioan zentratu da, 4.0 Industriaren esparruan garatutako fabrikazio aurreratuaren bitartez. Fabrikazio gehigarriak diseinu askatasun handiagoa izateko aukera eman du, eta hori aurrerapen handia da medikuntzan, originalei askoz ere hobeto egokitzen zaizkien protesiak lortzen baitira.