euskaraespañol

Azeleragailu handietako partikulen arteko talka simulatu dute ordenagailu kuantiko baten bidez

UPV/EHUko QUTIS taldeak bere proposamen teorikoa frogatu du Pekingo Tsinghua Unibertsitateko harrapatutako ioien laborategian

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/25

Irudia
Enrique Solano eta Lucas Lamata UPV/EHUko QUTIS ikerketa taldeko kideak

2011. urtean, UPV/EHUko QUTIS taldeak proposamen teoriko berritzaile bat argitaratu zuen Physical Review Letters aldizkarian. Ondokoa zen proposamena: azeleragailu handietako partikulen arteko talkak erreproduzitzea azpiegitura erraldoi horien beharrik gabe. Orain, eta Pekingo (Txina) Tsinghua Unibertsitateko Kihwan Kim irakaslearen laborategiaren laguntzarekin, beren proposamenaren balioa baieztatu dute harrapatutako ioien simulagailu kuantiko batean. Nature Communications aldizkariak argitaratu du.

Munduko partikula fisikako laborategi handiek azeleragailu itzelak dituzte: CERN (Ikerketa Nuklearrerako Europako Erakundea, frantseserako bere sigletan) delakoaren kasuan, esaterako, 27 kilometroko zirkunferentzia dauka. Azeleragailu horiek kostu izugarriko esperimentuak gauzatzen dituzte materiaren sorkuntza eta deuseztatzea aztertzeko. Posible al litzateke talka horiek mahai gainean eginiko esperimentu txikietan simulatzea? Ikerbasqueko irakasle Enrique Solanok UPV/EHUn zuzentzen duen QUTIS Taldeak bere proposamen teorikoa egin zuen 2011. urtean eta zazpi urte geroago beren teoria frogatu ahal izan dute, Tsinghua Unibertsitateko Kihwan Kim irakaslearen harrapatutako ioien laborategian.

“Antzoki kuantiko bat jarri genuen martxan, non partikulak aktoreak diren ordenagailu kuantiko batean; hau da, beren portaera elkarren artean antzeratzen dute xede ezberdinetarako”, azaldu du Enrique Solano irakasleak. Ukitu ludiko bat izan zuen, baina oso praktikoa izan zen gehienbat, mota honetako frogek diru asko aurreztea ekarriko bailukete etorkizunean eta, halaber, ordenagailu arruntetan kalkulaezinak izango liratekeen froga kontrolatuak izango bailirakete. “Materia (fermioien bidez ordezkatuta, naturan aurki daitezkeen oinarrizko partikuletako mota bat) eta antimateria (antifermioiak) nola sortzen eta suntsitzen den simulatzeko gai izan gara laserrak, kargatutako atomoak (ioiak) eta tranpa atomikoak erabiliz. Hau da, azeleragailu handietako fisikaren oso antzekoa den fisika bat harrapatutako ioien ordenagailu kuantiko batean simulatzea lortu dugu”, gehitu du QUTIS taldeko zuzendariak.

QUTIS taldeari buruz

QUTIS Taldea munduko liderra da simulazio eta konputazio kuantikoaren arloan eta munduko laborategi onenetan gauzatu diren inplementazio kuantikotarako proposamenak egin ditu. Bost kontinenteetako ikertzaileekin lan egiten du, plataforma kuantiko ezberdinak erabiliz: harrapatutako ioiak, zirkuitu supereroaleak, fotonika kuantikoa eta erresonantzia magnetiko nuklearra. Halaber, arlo honetako teknologia enpresa multinazional ezberdinekin lan egiten du sarritan: Google edo IBMrekin, besteak beste. Enrique Solano irakaslea buru izan duen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko taldean ondoko doktoreek parte hartu dute ere: Lucas Lamata, Jorge Casanova eta Julen Pedernales. Azken biak QUTIS taldean zeuden bitartean hasi ziren proiektuan lanean eta doktoratu osteko ikertzaileak dira egun Ulmeko Unibertsitatean (Alemania).

Erreferentzia bibliografikoa