null

UPV/EHUk eta Azkuna zentroak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute

Lankidetza horren helburua da baterako jarduera-ildoak garatzea arlo hauetan: ezagutza eta dibulgazioa, kultura eta gizarte-garapena, arte plastikoak eta ikusizkoak eta gizarte-garapena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/16

Juan Mari Aburto eta Nekane Balluerka Azkuna Zentroaren atarian

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, euskal gizartearen kultura, arte, unibertsitate eta ikerketa-gaitasuna sustatzeko, dibulgazio, prestakuntza eta ikerketa-jarduerak elkarrekin eginez.

Bilboko alkate eta Azkuna Zentro – Alhóndiga Bilbaoko ohorezko lehendakari Juan Mari Aburtok eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Errektore Nekane Balluerkak gaur berretsi dute akordioa. Ekitaldian, besteak beste, Kultura eta Gobernantzako udal ordezkaria, Azkuna Zentroko Administrazio Kontseiluko lehendakari Gonzalo Olabarria; Patxi Jauristi (Bizkaiko Campuseko errektoreordea); Arantza Lauzirika (Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultateko dekanoa); eta Fernando Pérez zentroko zuzendaria izan dira.

Bi erakundeek elkarrekiko lankidetza-sistema baten alde egiten dute, eta sistema horren helburu nagusia izango da bientzat interesgarriak izango diren jarduera-ildo bateratuak garatzea arte garaikidearen, kulturaren eta gizarte-garapenaren arloan, besteak beste.

Azkuna Zentroan sinatu den akordio honek bi erakundeen kultur programazioa koordinatzea eta integratzea ekarriko du, eta lankidetza sustatuko du arte plastiko eta bisualen, ikus-entzunezkoen, eszenikoen, arkitekturaren eta pentsamenduaren arloetan, besteak beste. 

Datozen lau urteetan, UPV/EHUk, Arte Ederren Fakultatearen bitartez, eta Azkuna Zentroak elkarrekin lan egingo dute unibertsitate-esparruan ikasketa- eta ikerketa-lanak garatzeko programak ezartzeko, Gradu Amaierako Lanen, Master Amaierako Lanen eta Doktorego tesien bidez. Gainera, lankidetzako prestakuntza-programak planteatzen dira, hala nola mintegiak eta masterreko berezko tituluak. Master horietako lehena 2021-2022 ikasturtean eskainiko da, eta ikusizko arteekin eta zentroko programazioarekin lotuta egongo da

Gainera, topaketak, hitzaldiak eta prestakuntza- eta dibulgazio-ikastaroak antolatuko dituzte elkarrekin, beren ildo estrategikoekin bat etorriz, eta sareak, kontaktuak eta proiektuak partekatuko dituzte. Bestalde, lankidetzako prestakuntza-programak planteatzen dira, hala nola mintegiak eta masterreko berezko tituluak.