euskaraespañol

Baliteke kontsumo urriko gailuak ekoizteko eta inportatzeko energia gehiago behar izatea erabiltzean aurreztuko dena baino

UPV/EHUren ikerketa batek herrialdeen energia-aztarna kalkulatzeko indize bat proposatzen du, produktuen fluxu ezkutuak barne hartzen dituena

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/11

Irudia
Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko ingeniariak herrialdeen energia aztarna ikertu du. Argazkia: Nuria González

Garapen sozioekonomiko jasangarria sustatzen duten energia-eredu berriak ikertu ditu Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko ingeniariak, zenbait erakunde, elkarte eta unibertsitaterekin batera. Ikerketan agerian geratu da energia-trantsizioa ez dela bakarrik gailu eraginkorrak edo energia berriztagarriak instalatuz egiten, baizik eta kontuan izan behar direla egungo merkataritzaren globalizazioa, gizarteko balio-aldaketak eta gizarteak dituen benetako beharrizanak. Zentzu horretan, aztarna energetikoa edo herrialdeen benetako kontsumoa kontuan izanda, estatuetako energia-kontsumoak kalkulatzeko adierazle bat proposatu dute.

Jakina da gaur egungo eredu energetikoa ez dela jasangarria eta eredu jasangarri baterako trantsizioa egin behar dela, hiru faktore nagusiren ondorioz: erregai fosilen erabilerak dakartzan ingurumen-arazoak; erregai fosilak agortzea; eta, azkenik, gaur egungo eredu energetikoak sortzen dituen injustizia sozialak (baliabide energetikoak erauztean eta tratatzean sortzen diren inpaktuak, pobrezia energetikoa edo sistema energetikoa diseinatzean erabaki demokratikorik ez hartzea). Bestalde, Nazio Batuetako Garapen Iraunkorrerako Helburuen arabera (Sustainable Development Goals), besteak beste, gizabanako ororentzat energia-eredu jasangarri eta eskuragarria sustatu behar da, gizarteko ezberdintasun ekonomikoak murriztu eta kontsumo arduratsuak bilatuko dituena.

Horretan guztian oinarrituta, garapen sozioekonomiko jasangarria lortzeko energia-trantsiziorako ereduak ikertu ditu Ortzi Akizu-Gardoki UPV/EHUko ingeniaritzako irakasle eta ikertzaileak. Ikerketak hiru atal ditu, eta hiru ikuspegitatik egin du azterketa: estatu batzuen trantsizio energetikoen azterketa kontzeptuala, komunitate txikiek aldatzeko duten gaitasunaren azterketa eta, azkenik, energia-aztarnaren kalkulua eta giza garapenarekin duen erlazioa.

Azterketak

Lehenengo, kualitatiboki aztertu ditu Hegoalde Globaleko eta Iparralde Globaleko bost estatutan (Kuba, Ekuador, Brasil, Espainia eta Alemania) egiten ari diren trantsizio energetikoak, diziplina anitzeko analisi baten bidez. UPV/EHUko Ekopol eta Parte Hartuz ikerketa-taldeekin eta Ekologistak Martxan gizarte-mugimenduarekin elkarlanean egin du lehen atal hau. Horrenbestez, “trantsizio energetiko inklusibo eta justu bat martxan jartzeko oinarrizko helburuak definitzen saiatu gara, dauden errealitate globalen aldarrikapenak kontuan hartuta”, azaldu du ingeniariak.

Bestetik, Alemanian, azpitik gora (bottom-up) sortutako eskala txikiko hiru komunitate intentzionalen energia trantsizioen abantailen analisi kuantitatiboa egin du, eta Alemaniako errealitate energetiko nazionalarekin alderatu. Horren bidez, “ikusi dugu estatuko trantsizio energetikoarekin alderatuta zer lorpen izan dituzten komunitate horiek, kontsumo-murrizketaren eta energia berriztagarrien ekoizpenaren arloetan”, dio.

Azkenik, munduko 126 herrialdetako energia-kontsumoa aztertu du, aztarna energetikoa kontuan hartuz: “Estatu bakoitzaren aztarna energetikoa kalkulatu dugu, inportatzen ditugun produktu eta zerbitzuek beren baitan daukaten energia kontabilizatuz, eta egungo eredu produktibo horrek mundu mailan energia-kontsumoa nola banatzen duen aztertu”, azaldu du Akizu-Gardokik. Ikerketaren atal hau Australiako New South Wales Unibertsitateko (UNSW) ikerketa-talde batean egin du, Basque Center for Climate Change – BC3ko eta Tecnaliako ikertzaileen lankidetzarekin.

Aztarna energetikoa

Ikertzaileak azaldu duenez, “estatuko energia-kontsumoa kalkulatzeko gaur egungo sistemarekin, ez da kontuan hartzen orotara zenbat energia kontsumitzen dugun. Hori dela eta, herrialde garatuenetan —hala nola Danimarka, Austria edo Suitza—, zeinak energia-kontsumo nazionalaren murrizketari dagokionez eredugarritzat jotzen baitira, ez dute kontuan hartzen beste herrialde batzuetan zenbat energia kontsumitzen duten, esate baterako: beren industria herrialde txiroagoetara lekualdatzen dute, edota ez zaie kontuan hartzen kanpotik inportatzen dituzten salgaiak ekoizteko zenbat energia kontsumitu den jatorriko herrialdean; alderantziz, salgaiak ekoitzi diren herrialdeari egozten zaio energia-kontsumo hori”. Izan ere, “askotan joera daukagu etxeko kontsumoa murriztearren kontsumo urriko tresna berriak erosteko (hozkailuak, sukaldeak, bonbillak, telebistak, garbigailuak, autoak...); baina, agian, horrelako ‘kontsumo-keinu bat’ ez da benetako trantsizio energetiko baten aldekoa, zeren litekeena da produktu berri efiziente horiek aurreztuko duen energia baino gehiago behar izatea beste herrialde batean ekoitzi eta hona ekartzeko”, dio.

Beraz, ikertzaileak dionez kalkulu-errore bat gertatzen da: “Jakina da aztarna energetikoa egon badagoela, baina kuantifikatzeko moduak bilatzen ari gara”. Hain zuzen ere, ikerketa honetan, aztarna hori kalkulatzeko eta bistaratzeko indize bat proposatu dute, ezkutuko fluxu energetikoen adierazlea (HEF, Hidden Energy Flows), eta, haren arabera hauteman dute, besteak beste, “energia-kontsumoa txikitzen ari direla dioten 11 estatutan, benetan handitzen ari direla, ezkutuan, beren mugetatik kanpo”. Adierazle hori kalkulatzeko, Input-Output metodologia erabiltzen dute, eta algoritmo matrizialak programatzen dituzte, gai direnak estatuen datu ekonomikoak erkatzeko industria-sektoreetako energia-kontsumoekin.

Adierazle horrek agerian uzten du produktu eraginkor gehiago erosteko joerak ez duela nahitaez energia-kontsumo globala murrizten; aitzitik, kontsumo-tokia lekuz aldatu besterik ez da egiten, eta ekoizle ez diren herrialdeetan murrizketaren irudikeria eragiten du. Hau da, agerian uzten du “ez dela hain erraza kontsumituz murriztea”, eta trantsizio energetikoak kontsumismoak baino baliabide gehiago behar dituela.

Informazio osagarria

Ortzi Akizu-Gardokik (Ezkio-Itsaso, 1983) UPV/EHUko HEGOA – Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuan eta Adierazpen Grafiko eta Ingeniaritzako Proiektuak Sailean egin du ikerketa, Gorka Bueno Mendieta eta Jose Manuel Lopez-Guederen zuzendaritzapean. BC3ko Iñaki Arto adituarekin eta Tecnaliako Patxi Hernandezekin lankidetzan aritu da, eta Australian, University of New South Waleseko Thomas Wiedmann nazioarteko adituaren gidaritzapean jardun du 10 hilabetez. Bestalde, ikerketa-prozesuan, Tradener ikerketa-proiektuko kideekin jardun du lankidetzan; hain zuzen ere, Iñaki Barcena, Leire Urkidi, Rosa Lago, Martin Mantxo eta Izaro Basurkorekin ikerketaren alderdirik sozialena garatu du.