euskaraespañol

Basque Center for Alzheimer´s Prevention sustatu dute UPV/EHUk eta CITA-Alzheimerrek

EAEko zentro aitzindari horrek narriadura kognitiboa eta Alzheimerren gaixotasuna prebenitzeko teknologia aurreratuak ikertuko ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/20

Irudia
Guillermo Quindós UPV/EHUko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Ainara Estanga neuropsikologoa eta Pablo Martínez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoa. Argazkia: UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak eta CITA-Alzheimerrek lankidetzarako esparru-hitzarmen bat sinatu dute, Alzheimerren gaitzaren eta narriadura kognitiboaren prebentzioaren arloko hezkuntza, prestakuntza, ikerketa, garapen eta berrikuntza zientifikoa indartzeko. Hitzarmenaren arabera, Basque Center for Alzheimer´s Prevention (BCAP) alzheimerra prebenitzeko teknologia aurreratuak ikertu eta transferituko dituen zentro bateratua osatu aurretiko azterketa- eta prestakuntza-lanak egin beharra dago. BCAPen xedea da EAEren posizionamendua indartzea arlo honetako erreferente global gisa, eta dementziari erabateko lehentasun soziosanitarioa emateko eta dementzia prebenitzeko estrategiak martxan jartzeko Europako Parlamentuak eta Osasunaren Mundu Erakundeak herrialde guztiei egindako deialdiari erantzuten dio.

Bi erakundeek duela bost urte baino gehiagotik daukaten lankidetza estuaren eta jarduera bateratuaren ondorioz sortu dira hitzarmena eta BCAP zentroa. UPV/EHUk eta CITA-Alzheimerrek lankidetzan jardun dute profesionalak eta ikertzaileak prestatzeko. Azken urteotako erakunde bien arteko lankidetza bidezko berrikuntzaren ondorioz, jakintza garrantzitsua sortu eta transferitu da narriadura kognitiboa, haren arrisku-profilak eta arrisku- eta babes-faktoreak detektatzeko eta goiz diagnostikatzeko, eta prebentzio-estrategiak aztertzeko alorretan.

Hain zuzen ere, hau adierazi du Guillermo Quindós Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak: “CITA-Alzheimer Fundazioaren eta UPV/EHUren arteko lankidetza-etapa berri honen helburua izango da alzheimerra prebenitzeko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetzeko irtenbideak bilatzea, zenbait jakintza-alorren ikuspegitik. BCAP zentroa askotariko alorretako ikuspegien arteko sinergiak garatzeko arragoa izango da, besteak beste hauena: QUALIKER gure ikerketa-taldeak alderdi sozioemozionaletik lantzen du alzheimerra; SPIN taldeak mendekotasuna duten pertsonentzako laguntzaile birtualen teknologiak garatzen ditu; ALDAPA taldeak, bestalde, gaitzarekin lotutako datu asko eta asko sakon analizatzeko adimen artifiziala eta ikaskuntza automatikoa nola erabili aztertzen du. Neurozientzien arloko beste talde batzuk ere erronka honetan sartuz joango dira, adostutako helburua lortzeko: gure gizarteari baliabide berriak eta hobeak eskaintzea alzheimerra prebenitzeko, pazienteak zaintzeko eta haien eta ingurukoen bizi-kalitatea hobetzeko”.

“Basque Center for Alzheimer’s Prevention (BCAP) sortu da populazioaren zahartzeak eta alzheimerraren eta bestelako dementzien ondorioz mendekotasuna duten pertsonen kopurua handituz joateak eragiten duten erronka demografiko larriari alderdi zientifikotik, soziosanitariotik eta herrialde-ikuspegitik erantzun ahal izateko. Ezagutzaren egungo egoerak aukera ematen du, dagoeneko, zahartze aktibo eta osasungarriaren testuinguru batean garunaren osasuna zaintzeko eta dementzia- eta alzheimer-kasuen kopurua murrizteko esku-hartze goiztiarreko eta prebentzioko estrategiak planteatzeko eta aztertzeko”, adierazi du Pablo Martínez-Lage CITA-Alzheimer Fundazioko zuzendari zientifikoak. Erakunde horren kalkuluen arabera, gaixotasunaren prebalentzia-kopuruak Eustatek argitaratutako datu demografikoetara eta proiekzioetara estrapolatuz gero, Euskadin gaur egun 40.000 gaixo baino gehiago egongo lirateke, eta, 2050ean, 75.000 inguru izango lirateke.

Hauek izango dira BCAPen jardueraren ardatzak: graduatu aurreko eta osteko trebakuntza-programak bultzatzea eta sortzea; dibulgazioa, osasun-hezkuntza eta herritarren sentsibilizazioa; alzheimerraren euskal ikerketa-plataformaren datuak eta laginak ustiatzea, lurraldeko zenbait kohorte aztertuta; dementziaren eta Alzheimerren gaitzaren prebentzio primario eta sekundarioari buruzko berrikuntza- eta ikerketa-proiektu berriak diseinatzea eta martxan jartzea, lankidetzaren bidez, askotariko jakintza-alorretan eta belaunaldi desberdinetan.