euskaraespañol

Batxilergorako ikerketa programa

UPV/EHUko LASLAB ikerketa taldea Miguel de Unamuno BHIarekin elkarlanean arituko da proiektua egiteko

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/24

Irudia
Bi erakundeen ordezkariak akordioa sinatu ondoren | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Euskal Herriko Unibertsitateko Language and Speech Laboratory (LASLAB) ikerketa taldeak eta Miguel de Unamuno BHIak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute Batxilergorako ikerketa programa (B+) sortzeko. Gasteizko zentro horrek egingo du programa.

Proiektuaren xedea da ikasleek beren interesekoa den benetako ikerketa lan bat egitea, metodo zientifikoaren bidez. Horretarako, Batxilergoko bigarren mailako lehen hiruhilekoan, ikasleek ikerketa memoria bat aurkeztu beharko dute, eta epaimahai baten aurrean horren aurkezpena egingo dute.

Ikastetxeak adierazi duenez: “Benetako ikerketa lan serio bat berme guztiekin egiteak ikasleei oso prestakuntza baliagarria emango die beren etorkizunerako, eta goi mailako ikasketak egiteko bidea prestatuko du eta haien ibilbide profesionala finkatuko du.  Horretarako, kanpo erakundeek ikerketa proiektuak egiten lagunduko digute”.

Zehazki, UPV/EHUko LASLAB ikerketa taldearekin lan egingo duten ikasleek haien institutuan atzerriko hizkuntzak nola irakasten diren aztertuko dute. Horretarako, ingelesaren ikasketan eragiten duten zenbait faktore ikertu ahalko dituzte; hala nola, irakaskuntza mota (atzerriko hizkuntzen eta edukien ikasketa integratua), tresna digitalen erabilera, aldagai afektiboak (motibazioa edo determinazioa) edo hizkuntzarekiko curriculumaz kanpoko esposizioa.

María Pilar García Mayo doktoreak koordinatutako Language and Speech Laboratory ikerketa taldearen xede orokorra honako hau da: ingelesa ikasketa testuinguru formaletan atzerriko hizkuntza gisa eskuratzeari buruzko ikerketak egitea, hots, hizkuntza hori ikasgeletan eskuratzen denean. Zehazki, honako honetan zentratzen da taldearen ikerketa lana: sistema linguistiko ez berezkoez jabetzeko prozesuko mekanismo kognitiboak identifikatu eta analizatzea, hainbat ikuspegi teoriko eta metodologikotatik eta kontuan hartuta maila linguistikoak –fonologikoa, morfosintaktikoa, semantikoa eta pragmatikoa– eta zenbait aldagaik –lehen hizkuntz(ar)en influentzia, ikasten hasteko adina, atzerriko hizkuntzekiko jarrerak, hizkuntza ikasteko testuingurua eta irakasteko metodologiak– jokatzen duten rola.