euskaraespañol

BBK-k, CEBEKek eta UPV/EHUk prestakuntza duala bultzatuko dute

BBK-k eta CEBEKek 3.600 eurotik gorako diru-laguntzak emango dizkiete enpresei, 2019tik aurrera Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZ) 3. mailako ikasleak hartzen dituztenei

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/26

Irudia
Hiru erakundeek jada epea zabalik dute enpresak programari atxiki ahal izateko. Argazkia: Cebek.

BBK-k, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) eta UPV/EHUk hitzarmena egin dute Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Bilbo) prestakuntza duala hasteko. Horretarako, BBK - CEBEK laguntzen lehen ediziora dei egin dute, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) graduko 3. mailako 15 ikaslek prestakuntza-praktikak egin ahal izateko Bizkaiko enpresetan ikasketak amaitzen dituzten bitartean

Hiru erakundeek jada epea zabalik dute enpresak programari atxiki ahal izateko, honela beren lantokietan Sarrikoko lehen unibertsitate-ikasleak hartzeko aukera izan dezaten. Ikasketak eta lan ordaindua uztartuko dituen prestakuntza duala eskainiko zaie 18 hilabetez (gutxi gorabehera jotako denbora), 2019ko urtarril edo otsailetik aurrera.

Laguntza-programa honen helburua da unibertsitateko prestakuntza-prozesuan bete-betean dauden gazteei esperientzia lortzeko aukera ematea prestakuntza-praktika eginez Bizkaiko enpresa batean, horrela enpresa-ingurunearen eskarien arabera beren gaitasunak hobetu eta espezializatu eta gero lan-merkatuan errazago sartu ahal izateko.

Programa honek agerian uzten du BBK, CEBEK eta UPV/EHUren kezka gure unibertsitario gazteen talentua Bizkaiko enpresetan sartzeko, eta titulazioaren atarian dauden gazteei prestakuntza praktikoa eskaintzeko. Asmoa da Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) ikasketak ibilbide dual batean egin ahal izatea, beren azken fase akademikoan unibertsitatean prestakuntza eta enpresan egonaldia txandakatuz.

Une honetan, BBK-k eta CEBEKek zabalik dute enpresek izena emateko epea (abenduaren 14ra arte). Parte hartuko duten enpresek, unibertsitate-titulazioari loturiko praktikarik onenak eskaintzen dituztenek, lehen hautaketan harturiko ikasleak eta hauen ezaugarriak ezagutuko dituzte, eta aldi berean enpresek proposaturiko praktikak ezagutuko dituzte gazte hauek. Enpresen eta ikasleen arteko interes-bateratze hau kontuan izanda, azken hautaketa egingo da.

Gero, azkenean (2018a amaitu baino lehen) hautaturiko ikasleek prestakuntza dualean parte hartuko dute, 2020ko abuztura arte luzatuko delarik. Gutxieneko iraupena 900 ordukoa izango da, eta gehienekoa 1.200 ordukoa. Ikasleari enpresak emango dion diru kopurua sekula ez da izango Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) baino txikiagoa, enpresan benetan egondako denboraren proportzioan.

Programa honi esker, alde batetik, enpresek ongi prestaturiko gazte bizkaitarren ezaupideak eta talentua sartuko dituzte, eta diru-laguntza jaso ahal izango dute, 3.600 eurokoa gutxienez. Bestetik, ikasleek esperientzia hartu eta lehenengo harremana izango dute lan-munduarekin.

Programa BBK, CEBEK eta UPV/EHUren arteko lankidetza-hitzarmenean sartzen da, eta Bizkaiko gazteei lan-munduan sartzen laguntzeko BBK-k urtero eskaintzen duen beka-ekosistema oparoari gehitu behar zaio, betiere erakunde ospetsuekin lankidetzan, kasu honetan Bizkaiko ugazabekin eta Euskal Herriko Unibertsitate Publikoarekin.