euskaraespañol

BCAM NAUKAS dibulgazio-jardunaldia Bilbora itzuliko da matematikaren jai handia ospatzeko

  • Ekitaldia

Noiz eta non

2022/03/14, 18:30

Deskribapena

Martxoaren 14a gorriz markatutako eguna da matematika-zientzientzat. 1988az geroztik, data honetan ospatzen da Pi Eguna, munduko konstante matematikorik ezagunenetakoa den Pi zenbakiaren oroitzapenez. 2019tik hona, egun horretako ospakizuna bikoitza da, izan ere, UNESCOk martxoaren 14a Matematikaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen urte hartan.

Jai-giro honetan, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak indarrak bilduko dituzte berriz ere BCAM-NAUKAS ekitaldiaren hirugarren edizioa ospatzeko. Jardunaldia datorren astelehenean izango da, martxoak 14, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan. Aurreko urteetako edizioen arrakastaren ondoren, dibulgazio-ekitaldi ludiko hau indarberrituta itzuliko da, matematikak eskaini ahal duez guztiaz gozatzeko prest dauden gazte, heldu eta gainerako pertsonei zuzendutako jarduera-programa zabal baten bitartez.

Goizean, lehen eta bigarren hezkuntzako azken mailetan dauden 450 ikasle inguruk hainbat matematika-tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, eta horietan guztietan, enigmak argitzeko, buru-hausgarri erraldoiak osatzeko eta hiru dimentsioko irudiekin nahiz tamaina handiko kuboekin jolasteko behar adinako buruargitasuna dutela frogatu beharko dute.

Guztira, doako 18 tailer antolatuko dira 10 eta 16 urte bitarteko ikasleei matematika modu ludiko eta erakargarrian hurbiltzeko, hauen artean zientzia honekiko jakin-mina piztu nahian. Tailer hauetan, arte plastikoak, matematika, misterioa edota adimen-jolasak jorratuko dira, besteak beste.

Arratsaldean, Bizkaia Aretoko Mitxelena gelan, adituek emandako ordu laurdeneko sei hitzaldi labur antolatuko dira, eta horien laguntzaz, zientziako profesionalek modu dinamikoan aztertuko dute arlo honen izaera liluragarria, Pi zenbakiaren propietateak eta eguneroko bizimoduan dituen aplikazioak jendaurrean nabarmentzeaz gain.

BCAM NAUKASeko hitzaldiak 18:30etan hasiko dira Javier Peláez dibulgatzaileak aurkeztuta, eta honako zientzialari hauek izango dituzte protagonista: konputazio zientifikoan aditutako Pablo Rodríguez fisikaria, Carmen Quinteiro eta María Ángeles García-Ferrero matematikariak, Nicolás Moreno kimikaria, Adolfo Quirós matematikaria eta Almudena M. Castro fisikaria.

BCAM-NAUKASeko hitzaldietarako sarbidea librea eta doakoa izango da aforoa bete arte. Bertaratzerik ez dutenek hitzaldi guztiak zuzenean eta streaming bidez ikusteko aukera izango dute EiTBren Kosmos kanalaren bitartez. 

Natura, matematikaren begiekin ikusita

BCAM NAUKAS jardunaldia ez da 2022ko Pi Egunaren barruan bultzatuko den ekimen bakarra. Bihartik martxoaren 18a arte, UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, matematika nonahi dagoela, baita naturan ere, frogatzen duten 12 argazkik osatutako “Geometria naturala” erakusketa izango da ikusgai.

Erakusketa Enfoque geométrico matematikaren inguruko argazki-taldeko kide diren Pilar Moreno, Lucía Morales, Inmaculada Gutiérrez eta Leopoldo Martínezen argazki ederrez osatu dute, naturari matematikaren begiekin so egitea proposatuz. Argazkiei azalpen-testu laburrak gehitu zaizkie, argazkiaren irudiarekin lotutako alderdi matematikoren bat edo beste nabarmentzeko asmoz, hala nola, Fibonacciren segida eta urrezko zenbakia landareetan edota espiral logaritmikoa barraskiloaren maskorrean

Argazki-erakusketa astelehenetik ostiralera ikusi ahal izango da, 08:00etatik 20:00etara bitartean. Matematikaren Hilabetea ekimenaren barruan sortu eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak kofinantzatutako proiektu honek Basque Center for Applied Mathematics zentroaren eta  eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) laguntza izan du.

BCAM Naukas-eko hitzaldien programa 2022ko Pi Egunean

18:30 - 18:40 - Aurkezpena

18:45 - 19:00 - Con matemáticas en los ojos (Matematika begietan)- Pablo Rodríguez (Netherlands eScience Center)

Goizero, esnatzen zarenean, mirari txiki bat gertatzen da: begiak ireki… eta mundua ikusten duzu! Den-dena hasten da aurpegian dituzun bi erradiazio-detektagailuekin, zure begiekin alegia, eta garunean jarraitzen du, hortxe gauzatzen baita ikusmen-prozesu liluragarri horren zatirik luzeena. Begiei eta garunari esker, xehetasun sinestezinak atzeman ditzakezu: forma, kolorea, mugimendua edo distantziak. Hitzaldi honetan, prozesu hori guztia matematikaz beteta dagoela ikasiko dugu, izan ere, begiak zabaltzen dituzun unetik, garunak hainbat arazo konpontzen ditu, norbera konturatu gabe.

Pablo Rodríguez Sánchez (Guadalajara, 1984) Oinarrizko Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Naukasen parte hartzen du 2011z geroztik, "fuga de cerebros" deritzon blogari eutsiz. Zenbait urtez industria optikoan ingeniari lanetan ibili ondoren, Herbereetara joan zen, Wageningeneko Unibertsitatean Matematika Aplikatuko doktoregoa egiteko asmoz. Egun, konputazio zientifikoaren arloko aditua da Netherlands eScience Center delakoan.

19:00 - 19:15 - Sembrando cuadrados, cosechando árboles (Karratuak ereinez, zuhaitzak bilduz) - Carmen Quinteiro (Vigoko Unibertsitatea)

Hitzaldi honek puntu finkoak izango ditu ardatz, eta horretarako, Brouweren teorema eta Banachen teorema argituko ditu. Modu atseginagoan egiteko, Brouwerren teoremaren kasuan, Spernerren Lema erabiliko da jolas bezala. Bestalde, Banachen puntu finkoa aztertzeko, erraz-erraz azalduko da zer diren uzkurdura eta funtzio-sistema iteratua. Kontzeptu hauen bitartez, puntu finko bitxiren batera iristeko modua aztertuko da, fraktalak eraikiz.

Carmen Quinteiro Sandomingo Matematikan doktoratu zen Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta Aljebra arloko irakasle titularra da Vigoko Unibertsitatean. Egungo ikerketa-jardunean jolas kooperatiboen arloko soluzioen azterketa du ardatz. Hezkuntza arloko berrikuntza-proiektuetan parte hartu du, baita matematika dibulgatzeko eta emakumeek zientziaren historian izandako garrantzia ezagutzera emateko jardueretan ere.

19:15 - 19:30 - El número pi y la muralla de Cartago (Pi zenbakia eta Kartagoko harresia) - Adolfo Quirós (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa)

Elisa Tirokoa feniziarra erbestera abiatu eta Tunisiaren egungo kostaldera iritsi zenean, Jarbas erregeak baimena eman zion segizioarekin batera lur-zati txiki batean gera zedin. Alabaina, buru-argitasunari, triangeluei eta pi zenbakiari esker, Elisak hiri zabala sortzea lortu eta Kartagoko Dido erregina bihurtu zuen. Hitzaldi honetan, zehatz-mehatz azalduko dugu nola erabili zuen Elisa-Didok matematika Jarbas erregea intelektualki garaitzeko eta Erromaren botereari aurre egitera iritsi zen inperioaren oinarriak finkatzeko.

Adolfo Quirós Gracián Matematikan doktoratu zen Minnesotako Unibertsitatean eta Aljebra arloko irakasle titularra da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Geometria Aljebraiko Aritmetikoa du ikerketa-jardunaren ardatz nagusia, baina kriptografian eta Matematikaren zabalkundean ere interesatuta dago. Ildo honetan, aipatzekoa dira El País egunkariaren erronka matematikoetan izandako parte-hartzea eta Espainiako Matematika Errege Elkartearen (RSME) La Gaceta egunkariko (RSME) zuzendari-karguan egiten duen lana. Horrez gain, Europako Matematika Elkarteko Etika Batzordeko kidea eta presidentea izan da. 2018an RSMEren dominetako bat jaso zuen egindako lanaren esker onez.

19:30 - 19:45 - Imágenes matemáticas (Matematika irudiak) - María Ángeles Garcia-Ferrero (BCAM)

Itsas hondoaren gainazala ezagutzea. Kardiopatia edo tumore bat diagnostikatzea. Argazki bat zaharberritzea. Zeregin horien guztien helburua irudiak sortzea da. Eta zer dago horren atzean? Matematika. Zehazkiago esanda, zeharkako behaketetatik abiatuta irudi bereizgarria sortzea xede duten alderantzizko problemak. Hitzaldi honetan irudien sorkuntzarako alderantzizko problemak aztertuko dira. Irudi digitalen tratamenduan erabiltzen diren beste tresna matematiko batzuk ere aipatuko dira.

María Ángeles García-Ferrero Juan de la Cierva kategoriako doktorego ondoko ikertzailea da Bilboko Matematika Aplikatuko Euskal Zentroan (BCAM). Aurretik, doktorego ondoko ikertzailetzat lan egin zuen Alemanian: lehenik, Leipzigeko Matematikako Max-Planck Institutuan, eta gero Heidelbergeko Unibertsitatean. Tesia Madrilgo Matematika Zientzien Institutuan (ICMAT) egin zuen. 2018an Matematikan doktoratu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta 2014an Fisikan lizentziatu zen Valladolideko Unibertsitatean. Haren interes zientifikoen artean daude deribatu partzialetako ekuazioak (lokalak eta ez-lokalak), alderantzizko problemak, analisi geometrikoa, fluidoen mekanika eta fisika matematikoa.

19:45 - 20:00 - Dime cómo eres y te diré cómo te mueves (Una historia basada en hechos virales, cualquier parecido con la realidad es pura ciencia) [Esaidazu nolakoa zaren eta esango dizut nola mugitzen zaren (Gertaera biraletan oinarritutako istorioa, errealitatearekiko edozein antzekotasun zientzia hutsa da)] – Nicolás Moreno (BCAM) 

Birusak gure zelulak bahitu eta hauetan haien material genetikoa erreplikatzeko gaitasuna duten entitate nanoskopiko primitiboak dira. Baina nola jokatzen dute gure zeluletara modu eraginkorrean iristeko, beren kabuz mugitzeko gaitasunik ere ez badute? Horrekin zerikusirik izan al dezake SARS-CoV-2, GIB, Herpesa, Influenza eta antzeko birusek koroadun egitura izateak? Hitzaldi honetan argituko dudanez, birusen forma karakterizatzeko eredu konputazionalak erabiliz, gure gorputzean zehar egiten duten garraio-moduari buruzko informazioa lor dezakegu.

Nicolás Moreno Chaparro Ingeniaritza Kimikoan lizentziatu zen Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean eta doktorego ondoko MSCA fellotzat lan egiten du BCAMen. Haren ikerketa-jardunak proteinak, birusak, mesoeskalako fluxu zelularra eta antzeko sistema biologikoak modelatzea du helburu. Egun, odolaren koagulazio-prozesua ikertzen dihardu, eta nola gaixotasun batzuek odolaren fluxuaren ezaugarriak aldaraz ditzaketen. 2016an, Ph.D bihurtu zen Saudi Arabiako King Abdullah University of Science and Technology (KAUST) delakoan eta ikertzaile bezala lan egin du Japoniako Okinawa Institute of Science and Technology (OIST) erakundean.

20:00 - 20:15 - El último puzzle de Bach (Bachen azken puzzlea) - Almudena M. Castro (MásMóvil Taldea)  

Horretarako, behar-beharrezkoa da garai hartako kanonak ezagutzea, izan ere, haiei esker, ideia musikal konplexuak lor ditzakegu printzipio askoz sinpleagoetatik abiatuta. Gauza bera gertatzen da matematikan eta beste sistema formal batzuetan: teoremak lor daitezke, axioma jakin batzuetatik eta horien inferentzia-arauetatik abiatuta. Horretaz guztiaz hitz egingo dugu “Bachen azken puzzlea” izenburuko hitzaldian.

Almudena Martín Castrok Arte Ederretan lizentziatu (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean), Fisikan graduatu (UNEDen Gradu Amaierako Saria, 2017) eta Pianoaren Goi Graduko ikasketak egin zituen. Egun, erabiltzaile-esperientziaren diseinuan dihardu MásMóvil Taldean. Lan honekin batera, zientzia eta teknologia dibulgatzeko jardueretan parte hartzen du. Dibulgazio zientifikoaren Tesla saria jaso zuen 2017an, eta zientziaren erabilerarik onenaren saria NASAren 2019ko Space Apps Challenge delakoan.

20:15 – 20:20 - Amaiera