euskaraespañol

Begoña Sevilla: «Lanez, ahaleginez eta dedikazioaz, ez dago ezinezkorik»

UPV/EHUn Kazetaritzako eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako ikasketan lizentziaduna, 7 Emmy sari eskuratu ditu hiru urtean baino gutxiagoan

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/21

Irudia
Begoña Sevilla. Argazkia: B. Sevilla / UPV/EHU.

1982ko uztailaren 2an telebistako izar bat jaio zen: Begoña Sevilla. Publizista gisa lan on bat lortu zuenean, kazetari izateko ametsa betetzeko bideari ekin zion. Amari ez zitzaion gehiegi gustatu, bera garaian hau esan baitzion: “Ez, kazetaria ez, gero gerrara joango zara eta”.

Begoñak erreportaria izan nahi zuen, Radio Televisión Españolan. Beti miretsi zituen munduko bazter guztietatik albisteak ematen eta istorioak kontatzen zituzten bertako kazetariak; haiekin ikasi egiten zuen, eta bazekien bera ere taldeko kide bat izatea irits zitekeela. Gainera, Informe Semanal kate publikoaren ikerketa programa nagusiaren jarraitzaile sutsua zen, eta gauza bera egitearekin amesten zuen. Helburu hori gogoan izanda eta, UPV/EHUn Publizitateko eta Harreman Publikoetako lizentziatura amaitu ondoren, Telebistako Kazetaritzari buruzko master batean eman zuen izena, Madrilen. Haren ibilbideak jauzi handi bat eman zuen, urte hartatik aurrera; izan ere, han bere talentua erakusteko aukera izan zuen Torrespañako RTVEko estudio nagusietan hasieran eta handik urte batzuetara Pozuelo de Alarconeko estudioetan, non erreportari nazional gisa egin baitzuen lan Toñi Moreno buru zen “Entre Todos” magazine ezagunean. Horren aurretik, estatuko beste hedabide batzuetan aritu zen lanean, hala nola Antena 3en. Kate horren Andaluziako ordezkaritzan, zehazki Sevillan, asteburuko albistegien estatuko edizioaren arduradun bihurtu zen, Lourdes Maldonadorekin batera. Haren ibilbidea, ordea, Bilboko Kale Nagusian hasi zen, Radio Euskadiren estudioetan, bertan izan baitzuen mikrofonoen aurrean jartzeko lehen aukera.

«Beti sentitu izan dut halako behar bat gauzak galdetzeko, jakiteko eta dakidana, kontatzen didatena, entzuten dudana… partekatzeko»

Lehenengo helmuga horiek guztiak lortu ondoren, beste jauzi bat eman zuen 2014an, eta Estatu Batuetara joan zen. Emaitzek erabaki ona izan zela erakusten dute: 7 Emmy Award sari, Estatu Batuetako telebistaren industriak urtero bikaintasunari ematen dizkion sariak, eta gainera beste hiru izendapen. “Ez dut ezagutzen hain denbora gutxian hainbeste lortu duen beste inor”, nabarmendu du Sevillak.

Gehiago zehaztuta, Begoña Sevillak Emmy Award sari hauek irabazi ditu: aurkezle onenari emandakoa; erreportari onenari emandakoa; osasun erreportaje onenari emandakoa, “Leche materna, negocio en auge” lanarekin; eta, beste bat, Orlandoko sarraskiari buruz emandako berriengatik. Sari horiek guztiak AEBko mendebaleko eskualdean eskuratu zituen, garai hartan Begoña Univision-en baitzegoen, herrialdeko kate hispano nagusia. Handik denbora batera, beste hiru Emmy Award sari irabazi zituen Ekialdeko kostaldean, Voz de América Estatu Batuetako Gobernuaren albisteen multimedia agentziarentzat Washington DCn egindako lanei esker. Han, MMJ (Multimedia Journalist) onenaren Emmy saria lortu zuen, “idazten, ekoizten eta editatzen duen kazetari bat da –MMJ–, orkestra emakume bat, funtsean” azaldu digu. Beste bi sari lortu zituen “El impacto de la mujer latina en Estados Unidos” ikerketa bereziari esker, bi kategoriatan saritu baitzuten; ikerketa horretan, NASAko eta Estatu Batuetako kongresuko kideek parte hartu zuten.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen komunikazioaren munduari lotuta egon nahi zenuela?

Beti sentitu izan dut halako behar bat gauzak galdetzeko, jakiteko eta dakidana, kontatzen didatena, entzuten dudana… partekatzeko. Izugarri gustatzen zait komunikazioa; are gehiago, odolean daramadan zerbait dela uste dut, nira aitona-amonengandik herentzian jaso dudana, komunikatzaile bikainak zirelako eta oso onak ere harreman publikoetan.

Oso txikitatik izan nuen kazetaritzaren har hori; zeren eta, besteak beste, beti hartzen nuen zerbait eskuan eta mikrofono bat balitz bezala erabiltzen nuen; istorioak kontatu nahi nituen beti, eta galdera asko egiten nituen. Nire ama asko haserretzen zen horregatik, baina nik banekien zerbaitengatik zela…

Nola gogoratzen dituzu UPV/EHUn igarotako urteak?

Gogoratzen dut sei urte haiek oso dibertigarriak izan zirela, bizitasun handikoak eta zirraragarriak; birziklatzeko, mundura irekitzeko eta oso malgua izaten ikasteko prozesu bat. Asko asko ikasi nuen, baina une gogorrak ere gogoan ditut, irakasgai pare bat trabatuta nituelako, esate baterako, Zuzenbidea, kar-kar-kar. UPV/EHUn ikastean beste leku batean ikasiko ez nituen gauza asko ikasi nituela uste dut.

Esan behar dut Euskal Herriko Unibertsitatea niretzat estatuko erreferente bat dela. Kalitate handiko irakasleak eta profesionalak daude, zu ikasteaz eta motibatua egoteaz kezkatzen direnak, lan merkatura ateratzen zarenean ahal bezain ongi prestatuta egon zaitezen. Uste dut, gainera, unibertsitatean igarotako urteak ezinbestekoak direla zure hazkunde pertsonal eta profesionalerako. Oso harro nago unibertsitate publiko batean ikasi izanaz. Hemen, Estatu Batuetan, ikastea ia pribilegio bat da, tasak izugarri altuak direlako; hori dela eta, pertsona askok ezin dute ikasi unibertsitatean. Pena bat da, eta Estatu Batuek eta bertako gizarteak Europako eredua hartzearen aldekoa naiz, herritar guztiek kalitatezko eta doaneko hezkuntza jasotzeko aukera izan dezaten, edo behintzat orain bezain garestia izan ez dadin. Hezkuntza jasotzen duen eta balioak dituen gizarte bat justuagoa izango da, eta analisiak egiteko eta erabakitzeko gaitasun handiagoa izango du.

Zein izan zen zure unerik gozoena hemen lanean ari zinenean?

Milioika oroitzapen ditut, beti alboan eramaten ditudanak. Bereziki gogoan daukat Ricky Martín Puerto Ricoko musika izarrari egindako elkarrizketa; Antena 3entzat izan zen, eta hiru ordu pasa nituen zain! Gizatasun handiko pertsona batekin hitz egiteko aukera izan nuen. Ricky Martin ez da bakarrik agertokietan aldakak ongi mugitzen dakien musikari eta abeslari bat, hori baino askoz gehiago da. Antena 3entzat lan egitea harrigarria izan zen; oso lan trinkoa zen, ez nuen lo askorik egiten, nahiko gaizki jaten nuen, pisua ere galdu nuen; alabaina, oso kazetaritza aktiboa zen, albisteari oso lotuta zegoena, ruhs andrenaline handikoa. Sevillan lan egitea eta niretzat artean lurralde ezezaguna zen Andaluziako edozein lekutatik informatzea bereziki interesgarria eta aberasgarria izan zen. Flamenkoaren maisuekin hitz egitea, haiek elkarrizketatzea, eta cante jondoaren (flamenkoaren estilorik serioena) esanahia ulertzea ere zoragarria izan zen. Edo odol garbiko ehunka zaldiren ondoan egotea, eta haiek ukitzea, sentitzea, eta haiei buruzko erreportajeak egitea, ileak tente jartzen zaizkit! Antena 3en leku eta kultura batean murgildu nintzen, ustez ezagutzen nuena, baina oker nengoen. Kontatzeko asko zegoen.

Nabarmendu nahi ditut ere nire hastapenak Radio Euskadin, nire lehen esperientzia hedabide batean. Han, lau hilabete inguru igaro nituen oraindik gogoan ditudan erreportaje zirraragarriak egiten eta eguraldiaren iragarpena zuzenean egiten. Eta jakina, RTVEn igarotako denbora, nire azken lana, amestutako herrialdera, hots, AEBra joan aurretik. Toñi Morenoren “Entre todos” saioan erreportari nazionala izan nintzen Madrilen, eta pertsona zoragarriak ezagutu nituen, maitasun eta gizatasun handia eman zidatenak eta begiak sekula pentsatuko ez nuen moduan ireki zizkidatenak; hori guztia, ordea, kameraren atzetik gertatzen zen. Are gehiago, ia sei urte geroago, Estatu Batuetan, badira showean parte hartu zuten pertsona batzuk oraindik nire ibilbideari jarraitzen diotenak eta ni ezagutu izanaz oso pozik daudenak, sentsazio hori bera daukak nik. Niretzako hitzik ez dauka igaro naizen lekuetatik aztarna utzi izanak.

«Jendeak uste du Europatik zatozela eta ateak zabaltzen dizkizutela horregatik, baina ez da horrela»

Zergatik joan zinen AEBra?

Txikitatik izan nahi nuen kazetari eta erreportari elebidun ere izan nahi nuen. Nire desafioa da ingelesez lan egitea. Horregatik, asko aritzen naiz ingelesez eta hizkuntzarekin lotutako xehetasun guztiak interesatzen zaizkit. Batez ere, ahoskera lantzen dut, funtsezkoa iruditen baitzait. Gainera, beti egon naiz maiteminduta AEBrekin. Askatasuna maite dut, bururatzen zaizun guztia egiteko gaitasuna, dena horren azkar. Zer eraginkorrak diren gauza batzuetan eta, batez ere, jendearen arrakasta gosea. “Egin daiteke” esapideak laburbiltzen duen jarrera. Hemen oso ezaguna da esaldi hau: “Amets egizu, desira ezazu eta harrapa ezazu”. Hitz horiek oso barnean ditut 2014ko uztailaren 12an –nire urtebetetze eguna– heldu nintzenetik.

Zertan dira desberdinak gure kazetaritza eta AEBkoa?

Hemen bizitza oso desberdina da, janaritik hasita, oso desberdina baita, zaporeak, janzteko modua… eta kazetaritza ez da salbuespena. Tematika desberdina da eta orientazioa ere bai. Istorio oso humanoak bilatzen dituzte, enpatia sufritzen dutenekin, zerbait nahi duen eta horren alde borrokatzen den jendearekin, eta uste dut oso ondo barnetatu dudala hori, nire erreportajeetan islatu ahal izateko.

Itzultzea pentsatu duzu?

Oraingoz ez, ziklo hau ez da amaitu. Oso pozik nago hemen eta gauza asko ditut egiteko, talentu pixka bat ere badut nik uste. Zoriontsu naiz, janaria gogoko ez badut ere, ezta osasun sistema ere. Herrialde honek joko asko ematen du eta aukera asko eskaintzen ditu, kanpotik dirudiena baino askoz zailagoa bada ere. Jendeak uste du Europatik zatozela eta ateak zabaltzen dizkizutela horregatik, baina ez da horrela. Gauzak irabazi egin behar dira, pixkanaka eta pazientzia handiarekin. Prozesu bakoitzetik eta urrats bakoitzetik ikasiz. Hori bai, ia dena zure mende dago. Baldintza bakarra: noraino iritsi nahi duzun jakitea.

«Lanean ari naiz erreportaje batean, hemen eta nazioartean arrakasta izango duena»

Zure ustez, zeren ondorio dira 7 Emmy sariak?

Pertseberantziaren, amore ez ematearen eta determinazioaren ondorio, eta egin daitekeela pentsatzearen ondorio. Zerbait buruan sartu eta dena eman horren alde, zure ametsen bila. Emmy bat lortzea ez da batere erraza, ez da samurra, eta beharbada badut magia pixka bat jendeari gustatzen zaizkion gauzak kontatzeko. Baina hau dena nire ondoan egon den jendearen babesaren ondorio ere bada, lagundu egin didan jendea, behar nuen datu hori eman didana edo une zailetan adoretu nauena. Arrakasta ez da nirea bakarrik, eta bada ere nire senarrarena, gurasoena (asko maite zaitut ama eta faltan botatzen zaitut hemen Lurrean), familiarena, Nela nire txakurrarena eta nire lagun guztiena (errealak eta birtualak). Denona!

Anekdota bat kontatuko dut, orain arte kontatu ez dudana. Masterrean, 5 Emmy sari –uste dut hala zirela– zituen irakasle bat izan nuen, eta zeharo harrituta gelditu nintzen. Eta jakin gabe nola eta zergatik, neure buruari hitzeman nion noizbait nik sari gehiago lortuko nituela. Egia esan, helburuei dagokienez, oso goian ipini nuen langa. Orduan mutilaguna nuenarengana joan nintzen –gaur senarra dut–, horixe esan nion eta erantzun zidan: “Baita zera ere! Ez gara ere AEBn bizi eta oraindik ikasten ari zara”. Orduan ez nuen inolako asmorik, ez etortzeko ez ezer, eta eromen hutsa zen, baina beti izan naiz pertsona ameslaria. Aukera sortu zen eta hementxe nago. Beti jakin dut gertatuko zela. Irakasle horrekin topo egitea seinale bat izan zen, egi bihurtzeko aukeren lurraldera –AEBra– etortzeko nire ametsa.

Iritsiko al da laster zortzigarrena?

Lanean ari naiz erreportaje batean, hemen eta nazioartean arrakasta izango duena, denontzat oso interesgarria den gai bati buruzkoa. Hugo Balta CT Latino News-eko zuzendaria –plataforma horren kolaboratzailea naiz– laguntza eskaini dit proiektu ilusionagarri honetan. Berak eman dit ingelesez lan egiteko lehen aukera, oso eskertuta nago, eta ziur naiz oso bizia eta dibertigarria izango dela.

Hugok konfiantza du nire gaitasunean eta talentuan, eta niretzat erreferente bat da kazetaritzan eta komunitate hispanoan. Nire mentorea da! Gaur egun ANPHren zuzendaria da (Asociación Nacional de Periodistas Hispanos). Ingelesezko Emmy-a lortuko dugu, ez izan zalantzarik. Helburuak ezartzen ditut beti, horixe delako mugiarazten nauena eta nire espiritua indartsu mantentzen duena.

Zer helburu dituzu buruan?

Asko ditut. Nire burua lanean ari da beti eta ezin naiz geldirik egon, bestela aspertu egingo nintzateke, kar-kar-kar. Oraintxe bertan aldizkari bat ari naiz sortzen lagun on batekin, celebrity-ak, moda, edertasun produktuak… ‘Linda internacional’ du izena eta New Yorken hasiko gara zabaltzen. Ni naiz kapitainordea eta milaka gauza eta xehetasun koordinatzeaz arduratzen naiz, eta nire eginkizuna da ere nire nagusi eta lagunaren talentu eta ideia guztiak aldizkarian islatzea. Gainera, nire kanala sortzen ari naiz YouTuben, ‘Begosevillareporta’, informazio kontzeptu fresko, natural eta txinpartadun bat, ikustekorik batere ez duena telebistarekin eta orain arte egin dudanarekin. Kanpora kortseak!

Eta azkenean pilak jarri eta idazten ari naiz nire istorioa, nire esperientzia AEBn, nire lehen liburua: Aviéntate Que La Vida Te Cacha, American Dream. Zalantzarik gabe, beste batzuentzat laguntza eta inspirazio iturri izango diren esperientziak dira, nire bidaia eta ibilbidea ezagutu nahi dutenentzat, herrialde hau nolakoa den jakin dezaten, arrakastak, porrotak, gorabeherak etab. Gainera, liburuan azaltzen dut zer egin behar den Emmy bat irabazteko, kar-kar-kar. Gehien egiten didaten galdera da! Eta gogotik lanean jarraitzen dut lan aukera bat lortzeko ingelesezko kanal batean. Horixe dut helburua: ingelesez lan egitea. Merkatu amerikarra eta latinoamerikarra oso desberdinak dira, eta horixe dut desafioa. Horren bila noa!

Nola laburtuko zenuke esaldi batean orain arte egin duzun ibilbide profesionala?

Hitz batez baloratu beharko banu: arrakasta. Nahi izan dudalako, gogo guztiekin bilatu dudalako, borroka egin dudalako eta baita lagundu egin didatelako ere. Familia apal batean sortu nintzen, unibertsitatean ikasi nuen Eusko Jaurlaritzaren beka bati esker, eta master bat egin nuen Espainiako Telebistan, nire aurrezkiekin eta aitaren eta senarraren laguntzari esker. Orain, hemen, AEBn, nire ametsa bizitzen ari naiz. Sinestezina dirudi, ezta? Laburtuz, lan eginez eta saiatuz gero, ez dago ezinezkorik. Gauza bakarra behar duzu: nahi izatea.

Hitz bitan, nolakoa da Begoña Sevilla?

Zorrotza, adeitsua, nekaezina eta gizatiarra.

Eta alderdi gizatiar horretan?

Hurbileko pertsona naiz, oso irekia, apala… eta batzuetan pitin bat bazter-nahaslea! Atsegin dut unean-unean disfrutatzea, eta xehetasun txikiek ilusionatzen naute. Maite dut gauza goxoak jatea eta faltan botatzen dut Euskal Herriko edozein kaletan usain daitekeen janari usain gozoa. Adibidez, Zazpikaleetan, igandeko txibiak eta muztioa bere olibarekin, txikitako lagun batekin berriketan. Itsasoa maite dut eta maiteminduta nago Sopelako Barinatxe hondartzarekin. Milaka aldiz joan naiz eta munduko onena da niretzat. Nire tenplua da.