euskaraespañol

Beka solidarioa Bekas-entzat

Euskampus Fundazioaren beka programa baten bitartez, Bekas Hussein gazte kurdu siriarrak Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterra ikasi ahal izan du eta, gaur egun, Master Amaierako Lana egiten ari da Tecnalian

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/09/09

Irudia
Bekas Hussein. Argazkia: Euskampus Fundazioa

Hamar urte igaro dira Sirian gerra hasi zenetik, eta gerraren ondorioek gero eta dimentsio handiagoa dute oraindik ere, etorkizun hurbilean bakea lortzeko zantzurik gabe. NBEren datuen arabera, 500.000 pertsona baino gehiago hil dira edo ez dakite non dauden, eta 12 milioi pertsonak etxetik alde egin behar izan dute; hain zuzen ere, 2011ko martxoan gatazka hasi aurretik herrialdean bizi ziren 22 milioi siriarren erdiak baino gehiagok. Lekualdatutako pertsona horien ia erdiak atzerriko errefuxiatutzat erregistratuta daude, azken urteotako errefuxiatuen exodorik handienetako bat izanik. 

Bekas Hussein gazte kurdu siriarra bere herrialdetik Europara ihes egin behar izan zuen horietako bat da, aukera berri baten bila. 2016ko Aste Santuan, Idomeni-ko (Grezia) errefuxiatu-esparruan zegoela, Jordi Campàs ezagutu zuen patuak hala nahi izan zuelako; Campàs Euskampus Fundazioaren Lankidetzarako Ikerketako arduradun izan zen eta, orain, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Europako Funtsen sailburuordea da. Bost urte geroago, bere petrolio ingeniaritzako karrerarekin lotutako master bat ikasteko ametsa bete du Euskampus Fundazioaren laguntzarekin. Hauxe da bere historia. 

Sei urte zituela, Bekas herriko supermerkatu apal batean hasi zen lanean, ikastetxean ikasten ari zen bitartean; aita zen supermerkatuko arduraduna. Handik gutxira, aita hil egin zen eta 40 urteko emakumea alargun utzi zuen, zortzi seme-alabarekin. Bere kulturaren arabera, Bekas senide zaharrena zenez, zortzi urte baino ez zituela familiaburu bihurtu zen eta gogor borrokatu behar izan zuen bere familia osoa aurrera ateratzeko, ikasketekin jarraitzen zuen bitartean.

Familiaren egoera kaxkarra zela eta, senide guztien artetik Bekasek baino ez zuen aukera izan karrera bat ikasteko, eta Petrolio Ingeniaritza hautatu zuen; izan ere, karrera horrekin etorkizun oparoa ziurtatu baitzezakeen bai berarentzat, bai bere familiarentzat, baina 2011n Siriako Gerra hasi eta ametsa zapuztu zitzaion.

23 urte zituela, 2014an, unibertsitate-ikasketak gatazka betean amaitu zituelarik, familiarekin batera Turkiara joatea erabaki zuen, eta han eraikuntzan lan egin zuen, egunean 14 orduz. Bizimodu hobea izatearren, ama eta arreba batekin batera Europara etortzea erabaki zuen, eta behin baino gehiagotan zeharkatu behar izan zuten Egeo itsasoa patera batean. Zortzigarrenean lortu zuten.

Hala ere, Greziara iritsi zirenean, Europako mugak itxi egin ziren eta beste 15.000 errefuxiaturekin batera Idomeniko esparruan harrapatuta geratu ziren; esparruan zeudelarik, Bekas Husseinek interprete lanak egiten zituen errefuxiatuen kontsulta medikoetan, eta Jordi Campàs ezagutu zuen. Jordi boluntario lanetan ari zen, eta Bekasek bere ametsa ingeniaritzarekin lotutako master bat ikastea zela kontatu zion. Eta ametsa bete egin zen.

Unibertsitatearteko Masterra

Hainbat urte geroago, Euskampus Fundazioaren beka programa baten bitartez, Bekas Husseinek Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus Masterra (REM) ikasi ahal izan du; Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) bideratutako unibertsitatearteko masterra da, Europako beste hiru unibertsitaterekin batera: University of Strathclyde (Eskozia), Norwegian University of Science and Technology (Norvegia) eta École Centrale de Nantes (Frantzia).  

“2016an, Jordi Campásek –garai hartan Euskampuseko Jakintza Guneak Komunitateko arduraduna zen– Idomeniko errefuxiatu esparru greziarrean izandako esperientziaren ondoren, eta gure Plan Estrategikoaren testuinguruan (2016-2020), proiektu pilotu bat sortzea erabaki genuen, laguntza lerro moduan, hemen goi-mailako hezkuntza jaso nahi zuten errefuxiatuei laguntzeko eta, hartara, etorkizun hobea izateko aukera izan zezaten”, adierazi du Igor Campillok, Euskampuseko zuzendariak. 

Eta, zentzu horretan, Bekas Husseinen kasua laguntza lerro honen adierazgarritzat jo da, horri esker Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatzen duen master ospetsuenetako batean sartzeko aukera izan baitu.

 “Gatazkak, jazarpena edo giza eskubideen bestelako urraketa edo gabetze larri batzuk direla-eta lekualdatuak izan diren pertsonei beka bat eskaintzea zen ideia, jatorrizko herrialdean bertan edo kanpoan, eta, besteak beste, errefuxiatuak, aberrigabeak, asilo eskatzaileak eta abar hartzen ditu barnean”, adierazi du Campillok.

 Ildo horretan, hasiera batean proiektu pilotua izan zena ekimen sendo bihurtu da jada, eta, Campillok dioenez, “aldian-aldian laguntza lerro bat txertatuko dugu UPV/EHUren nazioarteko masterrekin lotuta, kolektibo kalteberetako pertsonentzat”.

Bekasen ametsa egia bihurtu da: Europako hainbat tokitan, hala nola Euskadin, Strathclyde-n (Eskozia) eta Nantes-en (Frantzia) master bat egin du eta horrek aukera eman dio offshore itsas energiaren sektorean jakintza eta lanbide-trebetasunak areagotzeko eta esperientzia hartzeko.

Gaur egun, Bekas master amaierako lana egiten ari da BRTA (Basque Research and Technology Alliance) aliantzaren barruan sartuta dagoen Tecnalia Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Zentroan. Baina bere ametsa ez da master horrekin amaitzen; aitzitik, bere etorkizuna Euskadiko zentro teknologikoren batean ikusten du eta, aldi berean, Europako hainbat tokitan sakabanatuta dagoen bere familia Bilbon berriz elkartzea lortu nahi du. Bekas eskertuta dago Euskampusek eskaini dion aukeragatik eta jaso duen laguntzagatik; izan ere, bere ustez, “zailtasun asko gainditzen lagundu dit, ez bakarrik maila profesionalean, baita maila pertsonalean ere, eta familia bihurtu dira niretzat”. 

Euskampuseko zuzendariak, bere aldetik, ondorio hau atera du: “hainbat gorabehera izan diren arren, hala nola ikasketak denboraldi batez bertan behera utzarazi zizkion egoera, guretzat oso esperientzia pozgarria izan da hasiera-hasieratik, eta uste dugu oso aberasgarria izan dela Bekasentzat”.