euskaraespañol

Belén Bengoetxea Rementeria, Letren Fakultateko dekano berria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/10/26

Letren Fakultateko dekanotza talde berria
Letren Fakultateko dekanotza talde berria | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Belén Bengoetxea Rementeria Euskal Herriko Unibertsitatearen Letren Fakultateko dekano berria izendatu dute. UPV/EHUren Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea da eta, izendatua izan arte, Historia Graduan aritu da irakasle.

Kultura Ondare eta Paisaien Ikerketa Taldeko (GIPYPAC) kide da, ikertzaile nagusia Juan Antonio Quirós irakaslea izanik, Euskal Herriko hiribilduetako hiri arkeologia, Aro Modernoko arkeologia eta ondare arkeologikoaren kudeaketa eta zabalkundea direlarik ikertaldearen ikerketa ildo nagusiak. Unibertsitatearen gestioari dagokionez, 2011tik hainbat arlotan izan da Letren Fakultateko dekanordea.

Bere agintaldirako helburutzat planteatu du ikastegirako Bikain ziurtagiria lortzea, nazioartekotzean eragitea, batetik, egungo graduetan ingelesezko irakasgai gehiago eskainiz eta ikasleentzako zein fakultateko irakasleentzako mugikortasun programak bultzatuz; eta ikasleen artean borondatezko praktikak egitea, lan merkatuan hobeto sartze aldera.

Gainera, gizarte proiekzioarekin lotutako ekimenak sustatu eta bultzatu nahi ditu, Giza Zientziak eta Letren Fakultatearen ekarpenak agerikoagoak izan daitezen, inguru hurbilean ez ezik, hortik gorako beste eskala batzuetan ere. Areago, Humanitateen ikerketarekin eta irakaskuntzarekin lotutako unibertsitate sareetan hartu nahi du parte, gaur egungo gizartean jakintza adar hori sustatzen lagunduko duten sinergiak sortzeko.

Belén Bengoetxearekin batera, lagun izango ditu lantaldean Iñaki Moro Deordal, idazkari akademiko gisa; Emiliana Ramos Remedios, Plangintzaren arloko dekanorde gisa; Frederik Verbeke, Antolamendu Akademikoaren arloko dekanorde gisa; Virginia López de Maturana, Praktika, Eleaniztasun eta Irakurletzaren arloko dekanorde gisa; Denis Álvarez Pérez-Sostoa, Mugikortasun eta Nazioarteko Harremanetarako Programen arloko dekanorde gisa; Rakel Varela Ona, Ikasleen eta Gradu Amaierako Lanen arloko dekanorde gisa; María Jesús Pacho Fernández, Kalitate, Jarraipen eta Akreditazioaren arloko dekanorde gisa; eta Naroa García Ibaibarriaga, Irakaskuntza, Gizarte Proiekzio eta Euskararen Berrikuntzaren arloko dekanorde gisa.