euskaraespañol

BERC POLYMATek 89.000 eurotik gorako zuzkidura jaso du Gipuzkoako Foru Aldunditik minbiziari buruzko proiektu baterako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/11/19

Irudia
Marcelo Calderón, Ana Beloqui, Jose Ramon Sarasua eta Sandra Camarero. Argazkia: UPV/EHU

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaixotasun larriak ikertzeko laguntza programaren ebazpena eman du, eta 89.013 euro bideratu ditu BERC POLYMATek aurkeztutako proiektu baterako: “Nanoibilgailu adimendunak glioblastoma tratatzeko. Material eta eredu zelular berrien garapena”. Foru programa honen xedea da gaixotasun larrien alorrean ikerketa egiten duten zentroei laguntza ematea, eritasun horien aurkako borrokan aurrera egiten lagunduko duten proiektu eta inbertsioen bidez.

Ana Beloqui, Aitor Larrañaga ikertzailearekin batera proiektuaren buru den ikertzaileak dio: “Gure proiektua hautatuta, urteetan aplikazio biomedikoetarako material polimerikoen alorrean egindako lana saritzen ari dira. Tradizioz hezurrak eusteko edo josturetarako erabili izan dira material polimerikoak, eta potentzial izugarria dute alor horretan. Gaur egun, gainera, estimulu biologikoei erantzuten dieten polimero adimendunak sintetiza daitezke. Horrek izugarri zabaltzen du bidea gero eta eraginkorragoak, pertsonalizatuagoak eta lotutako arrisku gutxiagokoak izango diren terapiak lortzeko. Horrek guztiak eta teknologia berri batzuen garapenak (hala nola bioinprimaketa zelularra) aukera ematen digute aztertu nahi dugun arazo biomedikoa hobeto ezagutzeko eta, horrela, modu arrazionalean diseinatzeko sistema polimeriko aurreratuak. Sistema horien lana izango da minbiziaren itu konplexuari eraso egitea. Proiektu honek aukera ematen digu inplikatutako taldeen arteko lankidetza indartzeko, ingeniaritzaren, kimikaren eta biologiaren alorreko zenbait diziplina uztartuta, gizartearentzako onuragarriak izango diren nanomaterial polimeriko berriak garatzeko”.

Hautatutako proiektuak glioblastoma multiformea (GBM) aztertzen du. Garuneko tumore gaizto primarioen arteko ohikoena da, eta 100.000 biztanletik zazpiri erasaten die Estatuan. Tumore oldarkorrenetako bat da, bai eta tratamenduaren aurrean erresistentzia handiena izaten duenetako bat ere. Pazienteen erdiak hilda daude diagnostikoa egin eta urtebetera, gehienak hil egiten dira bi urte igaro baino lehen, eta % 5 baino ez dago bizirik 5 urte beranduago. Oso inpaktu bortitza du bizi kalitatean, eta ez pazienteari dagokionez bakarrik, baita familiari dagokionez ere. Izan ere, funtzio neurologikoak eta autonomia galtzen dira modu progresiboan. 

“Diziplinartekotasun handiko proiektua da. Izan ere, material terapeutikoen ekoizpenaz eta karakterizazioaz gain, horiek ebaluatu ere egiten dira laborategian sortutako glioblastomaren hiru dimentsioko ereduetan”, azpimarratu du Ana Beloqui doktoreak.

BERC POLYMATek garatutako proiektuak zenbait helburu ditu. Alde batetik, barrera hematoentzefalikoa zeharkatu dezaketen nanoibilgailuak formulatu nahi dira eta, bestetik, glioblastomaren hiru dimentsioko eredu baliagarri bat diseinatu eta ekoitzi nahi da, zelulen osaera eta giroa in vivo ahalik eta ondoen imitatzeko, bioinprimaketa tekniken bidez. Lanaren emaitza gisa, nanogarraiagailu berriak jarriko dira abian, eta horiek tresna erabilgarriak izango dira egungo medikuntzan, pazienteen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin, tratamenduak iraun bitartean. 3Dko bioinprimaketa eredu zelularrak, gainera, beste eragile terapeutiko batzuen baheketan ere erabili ahal izango dira.

Aitor Larrañaga doktoreak honela laburbildu du hautatutako proiektua: “Gure lanaren xedea da nanokapsula polimerikoak garatzea, gauza izango direnak makromolekula biologikoki aktiboak garraiatu eta babesteko, hala nola antigorputzak, hazkuntza faktoreak edo entzimak. Proiektu jakin honetan, tumore zelulen ugaltzea inhibi dezakeen antigorputz bat estalki polimeriko batez estali nahi dugu. Estalki horrek antigorputza babestuko du administrazio sistemikoko baldintza gogorretan, haren egitura eta aktibitatea arriskuan egongo baitira eta horrek arrakasta izateko probabilitatea murrizten duelako. Itura iristean, hots, garuneko tumorearen eremura, estalki polimerikoa desegin egiten da, eta antigorputza libre geratzen da bere lan terapeutikoa egiteko. Bestalde, bioinprimaketa bidez garatu nahi dugun hiru dimentsioko ereduaren xedea da tumorearen mikrogiroa laborategian imitatzea egun erabiltzen diren eredu sinplifikatuek baino errealismo maila handiagoarekin. Horretarako, glioblastomaren aurrerapenean funtsezko rola duten zelula moten arteko interakzioa izango da kontuan. Horrela, garatzen ditugun nanokapsulak probatu eta baliagarritzat jotzeko plataforma bat izango dugu”.

Proiektuko ikertaldea BERC POLYMATeko eta Euskal Herriko Unibertsitateko sei ikertzaile seniorrek osatzen dute. Doktorego aurreko eta ondoko 11 ikertzaileren laguntza izango dute. Jasotako zuzkidura ekonomikoarekin esperimentazio lanetarako langileak kontratatuko dira, materialak erosiko dira eta glioblastomaren 3Dko ereduak ekoizteko bioinprimagailu bat eskuratuko da.

Proiektuko kideak

Ana Beloqui (UPV/EHU-BERC POLYMAT)

Aitor Larrañaga (UPV/EHU-BERC POLYMAT)

Marcelo Calderón (BERC POLYMAT – UPV/EHU)

Sandra Camarero (UPV/EHU-BERC POLYMAT)

Jose Ramon Sarasua (UPV/EHU-BERC POLYMAT)

Jone Muñoz Ugartemendia (UPV/EHU-BERC POLYMAT)