Berdinen arteko Tutoretza programa sendotuz doa

6. edizioan, 33 gradutako 115 ikasle tutorek parte hartzen dute UPV/EHUKo ikasle berrien lehen urratsetan gidatzen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/12

Berdinen Arteko Tutoretza programa 2012/2013 ikasturtean hasi zen. UPV/EHUk sortu zuen ekimena, ikasleek ikasle berriei unibertsitateko lehen urratsetan lagundu diezaieten. Esperientzia pilotuan lau ikastegik hartu zuten parte, eta bost gradutako ikaslek. Aurtengo ikasturtean, 6. edizioan, 13 ikastegitako 33 gradu aktibatuta daude programan, eta, 18 irakasle koordinatzaileren laguntzarekin, 115 ikasle tutore ari dira jarduera aurrera eramaten.

UPV/EHUko Berdinen arteko Tutoretza programaren ikasle tutoreak. (Laura López. UPV/EHU)
UPV/EHUko Berdinen arteko Tutoretza programaren ikasle tutoreak. (Laura López. UPV/EHU)

Mayra Viñambres, Guillermo Ledesma, Iván Álvarez, Maite Lazkano e Iria Arrese ikasleek Berdinen arteko Tutoretza programan parte hartu zuten iaz, eta aurten ere. Aurreko ikasturtean (2016-2017) Iria Arrese ikasle tutorea izan zen. Besteok, ikasle berriak ziren, eta unibertsitatean lehen urratsak eman bitartean, programa ezagutu zuten. Aurten, guztiok tutoreak dira, eta ostegunean, otsailaren 8an, bildu dira, beste 70 bat ikaslerekin, esperientziak elkar banatzeko. 

Berdinen arteko Tutoretza programaren bitartez, goragoko mailetako ikasleek ikasle berriei laguntzen diete unibertsitateko bizitzara moldatzen, hala arlo akademiko eta sozialean nola pertsonalean, goragoko mailetako ikaskideen esperientziaz baliaturik.  Programa Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko Errektoreordetzak darama, hain zuzen, Ikasleen Zuzendaritzak. “Plan horren helburua unibertsitatera datozen ikasle berriei berton egokitzen eta integratzen laguntzea da —Montse Maritxalarrek, Ikasleen zuzendariak azaldu duenez—. Horrez gain, programa honek aukera ematen du ikasle tutoreen gaitasun orokorrak lantzeko, adibidez, komunikaziorako, harremanetarako, orientaziorako eta lidergorako gizarte trebetasunak”.