euskaraespañol

Berogailu-kontsumoa etxebizitzaka neurtzeak gastua % 20raino aurreztea ekar dezake

Bilboko etxebizitza-bloke batean berogailua eta ur beroa banaka erabiltzeak zer aldaketa eragin dituen xehe aztertu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/03

Irudia
Jon Terés

UPV/EHUko ENEDI taldeak zehatz-mehatz aztertu du zer ohitura-aldaketa eragin dituen Bilboko bizilagun-komunitate batean berogailua eta etxeko ur beroa banaka erabili eta kobratzeak. Nahita ez martxan bete beharreko neurria izango da indibidualizazio hori prestatzen ari diren errege-dekretua onartzen denean. Ikusi ahal izan dutenez, gastua % 20 aurreztea ere eragin dezake aldaketa horrek, Europako Iparraldean egin izan diren azterketetan jasotakoaren antzera.

Berogailuaren eta ur beroaren kontsumoa banaka kontabilizatu eta kobratzearen gaia garapen-maila desberdinetan dago Europako herrialde batzuetan eta besteetan. 2012/27/UE Zuzentaraua, energia-eraginkortasunari buruzkoa, 2012an argitaratu zen, eta estatu kide guztiak behartzen zituen horrelako sistemak ezartzera. Zuzentarauak 2016ko muga jarri bazuen ere estatuek zuzentarauaren transposizioa egin zezaten beren barne-araudira, gaur egun “oraindik hemen ez da egin; une honetan dekretu-proiektu bat dago zuzentarauaren transposizioa egiteko, baina ez dago onartuta”, azaldu du Jon Terés UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ENEDI ikerketa-taldeko kide eta ikerketaren egileetako batek.

Indarrean dagoen araudiak oraindik horretara behartzen ez badu ere, “instalazio-enpresak, mantentze-lanetakoak edo baita finka-administratzaileak ere saiatu dira indibidualizazioa sustatzen instalazio zentralizatua duten komunitateetan, hau da, berokuntzako eta etxeko ur beroko sistema bakar batekin, eta hozte-sistema bakarrarekin, dagokion kasuetan, bukaerako erabiltzaile bat baino gehiago hornitzen dituzten komunitateetan. Hori dela eta, gero eta bizilagun-komunitate gehiagok egiten dute indibidualizazioaren alde, baina, hala ere, 1998. urtea baino lehen eraikitako eta instalazio zentralizatuz hornitutako eraikin gehien-gehienek ez dute horrelako sistemarik”, dio.

ENEDI ikerketa-taldeak azterketa xehea egin du Bilboko 140 etxebizitza inguruko bloke batean, berogailuaren eta ur beroaren kontsumoa banaka kontabilizatu eta kobratzeak gastua zenbateraino aurreztea eragiten duen ikusteko. Ikertzaileak adierazi duenez, ikerketaren helburua izan zen “ezagutzea zenbateraino aurrez daitekeen energia klima epeletan neurri horri esker. Halako ikerketa gehienak Europako iparraldean egin izan dira, eta neguan askoz kondizio klimatiko gogorragoak daude bertan. Ikusi nahi genuen zer mailataraino estrapola daitezkeen ikerketa haietako emaitzak gure klimara, neguak askoz leunagoak baitira hemen”.

Egindako ikerketan, indibidualizazioa egin aurreko bi urteetan komunitateak izan zuen gasolio kontsumoa eta egin ondorengo bi urteetan izandakoa alderatu zituzten. “Emaitzek erakutsi zuten % 20raino aurreztu zela energia aztertutako eraikinean kontuan hartutako epealdian; Europako iparraldean egindako ikerketei buruzko argitalpenetan ikusitako ehunekoen oso antzekoak dira. Gainera, aztergai izan dugun kasuan, inbertsioak 10 urteko itzulera-epea du; arrazoizkoa da halako sistemetarako”, zehaztu du Terések.

Kontsumoaren kontrol eta malgutasun handiagoa

Kontsumoaren indibidualizazioak ekartzen duen desberdintasun nagusiena da berokuntza-sistema malgutasunez erabil daitekeela, eta etxebizitza bakoitzaren beharretara egokitu. Halaber, erabiltzaileek kontsumitutakoaren arabera ordaintzen dutenez, kontzientzia handiagoa hartzen dute berogailuaren eta etxeko ur beroaren erabileraz. Oro har, jabetze horrek etxebizitzetan kontsumoa jaistea ekartzen du.

Kontsumoa indibidualizatuta ez duten komunitateetan, ordea, “bizilagunek, askotan, ezin dute sistema ireki edo itxi ere egin, eta berogailua komunitateak erabakitakoaren arabera aritzen da, egutegi- eta ordutegi-irizpide batzuei jarraituz, tarte horietan etxebizitzetan bizilagunak egon edo ez, edo nork bere etxerako nahi duen tenperatura edozein izanda ere. Neguan leihoak irekita ikusi ohi dira berogailua martxan dagoela”, argitu du ikertzaileak. Gainera, berogailuaren gastua banatzeko erabiltzen diren irizpideek ez dute inolako zerikusirik bizilagun bakoitzak kontsumitzen duenarekin; esate baterako, etxebizitzen azaleraren arabera egiten da.

Emaitza horiek ikusita, Terésen iritziz, egindako azterketa “abiapuntu interesgarria da klima epeletan halako analisiak egiteko. Orain banaka ari gara aztertzen bizilagunen kontsumoak, batzuek besteek baino askoz gehiago aurrezten dute-eta, eta etxebizitza-bloke gehiagotan egin beharko genuke azterketa hori bera, eta agian denbora-tarte luzeagoak kontuan hartuta, emaitzak estrapolatu eta orokor bihurtu ahal izateko”.

Erreferentzia bibliografikoa