euskaraespañol

Bihar hasiko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ezohiko deialdiko probak UPV/EHUn

Batxilergoko eta LHko 1.307 ikaslek egingo dituzte azterketak hiru egunetan zehar

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/07/04

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.225 ikaslek eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 82k hasiko dituzte bihar, uztailak 5, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) ezohiko deialdiko azterketak. Guztizkoa, 1.307, iazkoa baino handiagoa da: 2021ean 1.261 ikasle matrikulatu ziren ezohiko USEra.

USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 7, bost epaimahaitan (bat Arabako Campusean, bi Bizkaikoan, eta bi Gipuzkoakoan).

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (bihar 2023ko ezohiko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek.

USEari buruzko informazio guztia: USEren ezohiko deialdiari buruzko informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/2023-use-ezohiko-deialdia