euskaraespañol

Bilbao Kirolak-ek bat egingo du UPV/EHUk eta Athletic Club Fundazioak eskaintzen duten kirol, hezkuntza eta bizikidetzako unibertsitate-tituluarekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/29

Irudia
Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotzia eta Asier Romero UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa. ARGAZKIA: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Bilboko Udalak –Bilbao Kirolak-en bidez– eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) lankidetza-hitzarmena sinatu dute, 2022-2023 ikasturterako kiroleko, hezkuntzako eta bizikidetzako unibertsitate-adituaren titulu propioa garatzeko. Graduondokoa 2020-2021 ikasturtean hasi zen, eta haren diseinuan eta exekuzioan Athletic Club Fundazioa funtsezkoa izan da. Horrenbestez, Bilbao Kirolak-ekin sinatu den akordio honekin, bi erakunde publikok hartzen dute parte graduondoko honetan: Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak.

Titulu honen helburua da kiroleko, eskola-kiroleko eta kirol federatuko profesionalei prestakuntza ematea, ikuspegi berritzaile eta inklusibo batetik, eta pertsonen garapen integrala sustatzen duten bizikidetza-balio batzuekin. Kirola ikaskuntza eta gizarteratze iturri bat da. Adingabekoei balioak eta ohitura osasuntsuak aukera ere bada.

Gaur goizean sinatu dute Bilbao Kirolak-en bulegoetan Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak eta Asier Romero UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoak. 

Batetik, prestakuntza-programa euskal unibertsitate publikoaren erantzukizuna izango da eta beraren instalazioetan egingo da. Bestetik, udaleko kirol-entitateak ikasleentzako 5 beka finantzatuko ditu, udako ikastaro bat diseinatu eta egikarituko du UPV/EHU-ko Uda Ikastaroak Fundazioaren markoan, eta zenbait ikusgarritasun-ekintza garatuko ditu graduondoaren gaiari buruz ikasturtean zehar.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziak gogora ekarri du Bilbao Kirolak-ek balioak kirolaren eremuan sustatzeko daukan konpromisoa, eta esan du “kirola gizarte-inklusioko tresna eta espazio bat izan behar dela”. “Kirolak pertsona guztien ongizatea areagotzeko politika gisa duen ahalmena aprobetxatu behar dugu”, gaineratu du. 

Asier Romero dekanoak titulu propio honen testuinguruan sortu den kolaborazio berriaren garrantzi akademiko eta soziala nabarmendu du. “Erakunde publikoen lankidetza eta honelako titulazioetan inplikatzea funtsezkoa da. Batik bat hain elementu garrantzitsuak lantzen direnean, hala nola haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurka babestea kirolaren eta hezkuntzaren testuinguruan”.