euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak, 2018/19 eta 2019/20 ikasturteetako 1.300 tituludunen artetik espediente onenak aintzatetsi ditu graduazio-ekitaldian

Lau ikaslek –bi neska eta bi mutil– batez besteko 10eko nota, kalifikazio gorena, lortu dute

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/14

Bilboko Ingeniaritza Eskolaren graduazio-ekitaldia. Argazkia: UPV/EHU

Bilboko Ingeniaritza Eskolak 2018/19 eta 2019/20 ikasturteetako 1.300 tituludunen artetik espediente onenak aintzatetsi ditu gaur, graduazio-ekitaldian. 634 titulu 2018/19 promozioari dagozkio. Izan ere, iaz horien aintzatespena atzeratu behar izan zen COVID-19aren pandemiak eragindako murrizketen ondorioz; 696, berriz, 2019/20 promozioari dagozkio.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea eta Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria buru izan dituen eta nahitaezko osasun-arauek ezarritako baldintza bereziak betez egin den graduazio-ekitaldian, unibertsitateko komunitateak azken bi ikasturteak behar bezala osatzeko egindako ahalegina nabarmendu da. 

Ingeniaritza Teknologikoko Gradua (192 titulazio 2018/19 ikasturtean eta 187 titulazio 2019/20 ikasturtean) izan da diploma gehien eman dituena; ondoren, Ingeniaritza Mekanikoko Gradua (114 eta 127 titulazio, hurrenez hurren) eta Ingeniaritza Elektroniko Industriala eta Automatikoa Gradua (70 eta 86 titulazio) etorri dira. Telekomunikazio Ingeniaritza Teknologiako graduak 57 titulazio banatu ditu 2018/19 ikasturtean eta 74 2019/20 ikasturtean; 41 eta 48 titulazio Ingeniaritza Zibileko graduak; eta 34 eta 41 titulazio Kudeaketaren eta Informazio Sistemen Ingeniaritza Informatikoa graduak. Ingeniaritza Elektrikoko graduak 2018/19 ikasturteko 40 diploma eta 2019/20 ikasturteko 43 diploma banatu ditu; 2018/19 ikasturtean 28 ikaslek eta 2019/20 ikasturtean 36 ikaslek bete dute Industria Antolaketako Ingeniaritzako gradua; 19 eta 11 ikaslek Meatzeen eta Energiaren Teknologiako Ingeniaritzako gradua. Nautika eta Itsas Garraioko graduak 8 ikasle diplomadun izan ditu 2018/19 ikasturtean, eta 22 ikasle 2019/20 ikasturtean; Itsasketako graduak 8 eta 22 diploma eman ditu; eta, azkenik, Ingurumen Ingeniaritzako graduak 15 ikasle tituludun ditu 2018/19 ikasturtean, eta 8 ikasle 2019/20 ikasturtean. 

Eskolak, lehenik eta behin, aurrez aurre aintzatetsi ditu titulazio bakoitzean espedienterik onenak lortu dituzten ikasleak. “Onenen” arteko lauk batez besteko 10eko notarekin amaitu dute prestakuntza: Borja Hernando, Industria Teknologiako Ingeniaritzako Gradua (2018/19); Andoni Díaz de Cerio, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritzako Gradua (2018/19); Ana Luisa Ruiz, Industria Teknologiako Ingeniaritzako Gradua (2019/20); eta Haizea Lasa, Telekomunikazio Teknologiako Ingeniaritzako Gradua (2019/20). 

Espediente horiek eskolako tituludunen mailaren erakusgarri dira; izan ere, kategoria horietako ikastetxe ospetsuenetako batean ikasketak amaitu dituztela egiaztatzen dute, eta horrek agerian uzten du Shanghaiko 2021 rankingaren arabera Euskal Herriko Unibertsitatea ingeniaritzaren arloko munduko 200 unibertsitate onenen artean sartu izanaren zergatia. 

Azken bi promozioetako tituludun guztiek eta praktikak egiteko edo master edo gradu amaierako proiektuak garatzeko akordioen bitartez eskolarekin harreman estua duten enpresetako ordezkariek streaming bitartez jarraitu ahal izan dute 55 laguneko edukiera baino izan ez duen graduazio-ekitaldia. Eskolak enpresa-mundura egiten duen hurbilketa hori ez da euskal punta-puntako konpainietara mugatzen; horrez gain, atzerriko enpresa garrantzitsuetan trebatzeko aukera ere ematen die ikasleei, eta, horrela, ikasketak amaitu bezain laster gazte horien laneratzea ia bermatuta geratzen da. Ekitaldian Asier Nuñez Ikasle Kontseiluko presidenteak eta ikasle egresatuen ordezkariek egin dute berba. 

Emaitza on horiei, 1.330 tituludunetatik % 20k prestakuntzaren zati bat atzerrian egin ahal izan duela gehitu behar zaie, eskolak parte hartzen duen nazioarteko truke-programetako bati esker. 

Enpresa-sareak asko eskatzen ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolako tituludunak. Ospe handia dute enpresen eta unibertsitateen artean, eta espezialitate askotan enpleguaren ehunekoa %100ekoa da. Batez besteko enplegu-tasa %95 ingurukoa da. 

Bilboko Ingeniaritza Eskolak UPV/EHUk Bizkaiko Campusean ematen dituen irakaskuntza teknikoen espezialitateetan urte askoan izandako esperientzia, baliabideak eta ezagutza biltzen ditu. Bere 570 irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako 150 langileen konpromisoa gizarteari ondo prestatutako profesionalak -4.700 ikasle ditu- eta teknologiaren arloan ezagutza zabala eskaintzea da.