euskaraespañol

Bilboko Ingeniaritza Eskolak zibersegurtasunean espezializatutako titulu propioa aurkeztu du

Graduondo ikastaroan parte hartuko dute puntako enpresek eta teknologia zentroek: Ikerlan, Sarenet, Tecnalia, Euskaltel, eta S21Sec/Nextel

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/30

Irudia
Taldeko argazkia: Graduondo kurtsoko irakasleak ikasle batzuekin

Zibersegurtasuna funtsezko elementu bilakatu da jadanik bizitzako arlo guztietan, birusek, asmo txarrez egindako programek, hackerrek, espioiek… eragiten duten mehatxua kontuan izanda. Hori dela eta, beharrezko prestakuntza eta gaitasunak dituzten profesionalen gero eta eskari handiagoa dago. UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak, arazoaren dimentsioaz jabetuta, aurrerapausoa eman du, eta ‘Unibertsitate Espezializazioa: Interneterako eta 4.0 Industriarako Zibersegurtasuna’  titulu propio berria jarri du martxan, kalitatezko prestakuntza emateko xedez. Aurkezpena gaur egin da Eskolako Graduen Aretoan, eta Javier Diéguez Basque Cybersecurity Centreko zuzendariak eta ekimenean parte hartzen duten enpresetako eta ikerketa zentroetako ordezkariek hartu dute parte.

Titulazio berria, sektorean Euskadi mailan lider diren Euskaltel, S21sec-Nextel, Sarenet, Ikerlan edo Tecnalia enpresetako eta teknologia zentroetako profesionalek eta zibersegurtasunean eta komunikazioetan esperientzia luzea duten Eskolako irakasleek emango dute. Helburua zibersegurtasun arloko kalitatezko prestakuntza eskaintzea da, IT (internet) zein OT (4.0 industria) inguruneetarako.


Enplegagarritasun handia

Ikastaroa, ikasleen enplegagarritasun aukera handia kontuan izanda ere planteatu da. Horrela, 4.0 industriaren ezarpena, berehalako irteera profesional handiena duenetako bat da. Baina informatikaren eta aktibo digitalen babesa behar kritikoa da mota guztietako enpresentzat eta erakundeentzat. Azpimarratzekoa da kontsultoretzan eta ingeniaritzetan, industriako enpresetan, telekomunikazio arloko operadoreetan eta enpresetan, bankan eta finantza zerbitzuetan, administrazio publikoetan edo ikerketa zentroetan dagoen eskaria.

 

Ikastaroaren egitura

Titulazio berriak egitura modularra du. Laneko jarduerarekin bateragarria izango den ordutegian emango da (ostiraletan eta larunbatetan) eta bi fasetan egingo da. Lehenengoa 2019/20 ikasturte honetan, bakoitza bere aldetik egin daitezkeen bi titulu osagarri biltzen dituen 30 kredituko Ikastaroa martxan jarriz. Biak egiten dituenak 4.0 Zibersegurtasuneko Unibertsitateko Espezialista titulua lortuko du.

Hurrengo ikasturterako, 4.0 Zibersegurtasun Masterra lortzeko aukera emango duen bigarren ikastaroa ematea aurreikusten da. Horretan, komunikazio modulu bat (18 kreditu) eta Master amaierako Lan bat (12 kreditu) jasoko dira, enpresetan egingo diren praktikez gain.