euskaraespañol

Bilboko Metroa eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea elkarlanean ari dira Geologia dibulgatzeko helburuz

Zazpikaleetako geltokia, ‘Zergatik Geologia?’ erakusketaren lehenengo geralekua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/21

Irudia
Gaur inauguratu da erakusketa, Zazpikaleetako metro geltokian. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Bilboko Metroa, Energiaren Euskal Erakundea, Euskal Geologoen Elkargoa eta Zientzia eta Teknologia Fakultatea elkarlanean ari dira geologo lanbidearen berri zabaltzeko; hain zuzen ere, ‘Zergatik Geologia?’ erakusketa prestatu dute, zeina Bilboko hiri inguruko geltokietan bisitatu ahal izango baita.

Gaur inauguratu da erakusketa, Zazpikaleetako metro geltokian. Zortzi panelen bidez, Geologia zertarako den azaltzen da, zientzia hori nahiko ezezaguna baita jende gehienarentzat; izan ere, Lurraren historia ikertzeko ez ezik, Geologiako ezagutza espezializatuak baliagarriak dira hala nola portuak, eraikinak eta errepideak diseinatzeko, hidrokarburoen hobiak eta meatokiak esploratzeko edota giza kontsumorako edo ureztapenerako akuiferoak ustiatzeko.

Erakusketaren bidez, agerian jarri nahi da Geologiak eguneroko bizitzan duen garrantzia, eta, beraz, nabarmendu nahi da beharrezkoa dela etorkizuneko geologoak prestatzea, gizartearen premiak bermatzeko. Erakusketa Zazpikaleetako geltokian ikusi ahal izango da irail osoan; gero, Santutxuko geltokira lekualdatuko da urrian, eta Santimami / San Mamesekora azaroan.

“Urte hauetan, Geologia ia-ia desagertu egin da erdi mailako irakaskuntzetatik; horren erakusgarri, Geologiako graduetako matrikulazioak izan duen beherakada, eta ez bakarrik UPV/EHUn, baita estatu osoan ere. Horrela, bada, ikasle gutxik hautatzen dute Geologia Gradua bokazioz, ez dakitelako lan aldetik zein irteera dituzten Geologiako ikasketek”, esan du Fernando Plazaolak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoak.

Askotariko jarduera esparruak

Geologoek askotariko jarduera esparruetan lan egiten dute: irakaskuntzan, ikerkuntzan, lehengai mineralak, energetikoak eta hidrogeologikoak ebaluatzen eta lortzen, eraikin eta azpiegiturak egiten, arrisku naturalak ebaluatzen eta prebenitzen, ingurumenaren arloan, lurzoru kutsatuak aztertzen eta lehengoratzen, zabortegiak eraikitzen, turismoaren eta geoaniztasunaren arloan, ondare historiko eta kulturalaren arloan, bildumak egiten eta museoetan, besteak beste.

“Alabaina, gure iritziz, jendeak ez du batere garbi benetan zer lan egiten dugun, eta gure lanak berebiziko garrantzia du ongizatearen gizarteak aurrera egin behar badu. Kanpaina honen bitartez, Geologiak gure eguneroko bizitzan duen garrantzia erakutsi nahi dugu. Horretarako, kartel hauek prestatu ditugu, zeintzuek gure lana beharrezkoa duten alderdietako asko laburbiltzen baitituzte”, adierazi du, azkenik, Álex Francok, EEE Energiaren Euskal Erakundeko Geologia eta Meatzaritza Saileko arduradunak.

Inaugurazioan izan dira, beste zenbait agintari eta ordezkariren artean, Eneko Arruabarrena, Metro Bilbaoko zuzendari nagusia; Patxi Juaristi, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Fernando Plazaola, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko dekanoa; Alfonso García de Cortázar, Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialeko zuzendaria; Iñigo Ansola, EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendaria; Koldo Narbaiza, Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzia; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara arloko zuzendari nagusia; Alex Franco, EEE Energiaren Euskal Erakundeko Geologia eta Meatzaritza Saileko arduraduna; eta Luis Muñoz, SHESA Euskadiko Hidrokarburoak elkarteko zuzendaria.