euskaraespañol

Jose Vilar ikertzaileak Europako Batzordearen Big Dataren arloko Horizon saria irabazi du

1,2 milioi euroko golardoa da, eta hauxe da Estatuko ikertzaile batek Horizon saria irabazi duen lehenengo aldia.

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/13

Irudia
Jose M. G. Vilar Ikerbasqueko ikertzailea

Elektrizitatea ezin da eskala handian biltegiratu, eta ondorioz, kontsumitzen dena baino ez ekoiztea lortu behar da, izan ere, gehiegi ekoizteak milioikako galerak ekartzen dizkio sare elektrikoari, ingurumenaren arloko galerez gain, eta gutxiegi ekoizteak erabiltzaileak elektrizitaterik gabe gelditzea eragin dezake.

Europako Batzordeak, Horizon sarien barruan, elektrizitatek herrialde oso bateko sare elektrikoan izango duen fluxua iragartzeko software bat sortzea proposatu zuen 2018rako erronkatzat. Abiapuntua 1.912 linea elektrikotan urtebetez eta 5 minuturo hartutako datuak ziren, eta horrek 200 milioi datu baino gehiago aztertzea suposatzen zuen.

Azterketa horretatik abiatuta, ikertzaileek datu berriak etengabe jaso eta ondorengo orduan sarean egongo zen energiaren fluxua modu autonomoan iragar zezakeen softwarea garatu behar zuten.

Erronkaren bitartez, erabiltzaile partikularren eta enpresen kontsumoak zein elektrizitatearen sorkuntzari lotutako bestelako faktoreek eragindako efektuak iragarri behar ziren, baldintza atmosferikoak eta turbina eolikoak edo eguzki-zelulak bezalako iturri berriztagarriek sortutako elektrizitatea ere kontuan hartuz.

Europako Batzordearen erronkari erantzunez, 84 hautagai aurkeztu ziren, baina azkenean hainbat herrialdetako 23 ikertzailek baino ez zuten soluzioren bat aurkeztu erronkari aurre egiteko, eta azken horien artean, Biofisika Institutuari, (UPV/EHU eta CSIC-en zentroa, Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuan dagoena) atxikitako Jose M. G. Vilar Ikerbasqueko ikertzailea izan da erronka gainditu eta 1,2 milioi euroko lehen saria eskuratu duena, Horizon saria irabazten duen lehen ikertzaile espainiarra izanik.

Irabazlea iragarpenaren doitasunagatik hautatu dute, baita iragarpenaren abiaduragatik ere, azken hau nahitaezkoa baita denbora errealeko ekintza zuzentzaileak aplikatu ahal izateko.

Gizarte eta industria arloan garatu beharreko erronketako askok, epidemiologiatik klima-aldaketaraino, energiaren ekoizpena, garraioa eta transmisioa ere barne hartuta, erregistro historikoak aztertu eta horien araberako bilakaera iragartzea dute oinarri.

Jose Vilarrek garatutako metodologia oso ideia berritzailetan oinarrituta dago eta hainbat jakintza-arlotan aplika daiteke, energiatik biomedikuntzaraino.