euskaraespañol

Onintze Parra Ipiña eta Roberto Aguado

Biojardinerak, edo harri, landare eta mikroorganismoekin ura arazteko modua

Ingeniaritza Kimikoko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/26

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Legar ohe baten gainean landareak landatuz hondakin urak araztu zitezkeela esan zigutenean, sinesteko lanak izan genituen. Baina are gehiago harritu gintuen El Salvadorko El Rodeo komunitatearen kasua lehen eskutik ezagutzeak. Han, berriki, 60 biojardinera ezarri dituzte, 80tik gora familiaren ur grisak tratatzeko eta ureztapenerako berrerabiltzeko.

Ur grisak dutxatik, konketatik eta bainuontzitik datozen hondakin urak dira eta komunontzitik datozen ur beltzetatik bereizten dira.

Nazio Batuen datuen arabera, hondakin uren % 80 baino gehiago aurretik tratatu gabe isurtzen dira ibaietara, aintziretara edo itsasoetara eta horrek ur baliabideak kutsatzea eragiten du.

Ur kontsumo osoaren % 70 nekazaritza sektoretik dator, beraz, ur grisak ureztapenerako berrerabiltzeko interesa handitzen ari da; batez ere, munduko hegoaldeko komunitateetan.

Baina nola sustatu daiteke hondakin urak tratatzeko sistemak ezartzea baliabide ekonomiko eta material urriko komunitateetan?

Teknologia alternatibo egokiak garatzea funtsezkoa da pertsona guztiek saneamendu sistema egokia izatea ziurtatzeko, eta, hala, Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuen seigarren ardatzeko xedeetako batzuk lortzen laguntzeko.

Beste aukera batzuen artean, biojardinerek edo hezegune artifizialek arreta handia pizten dute, sistema eskuragarri, merke eta efizienteak izateaz gain, erraz jarri eta mantendu daitezkeelako.

Nola funtzionatzen du biojardinera batek?

Saneamendu sistema horien bidez, hezegune naturaletako baldintza berak sortzeko eta are hobetzeko asmoa dago, horiek duten arazteko gaitasunaz baliatzearren. Prozesu fisiko, kimiko eta biologikoak konbinatzen dituzte.

Sistemaren sarreran, urak “koipeen tranpa” deituriko aurretratamendu tanga batean edo batzuetan sartzen dira. Han, olioak eta koipeak flotazioz bereizten dira eta solido astunak tangaren hondoan biltzen dira.

Jarraian, ura legarrez betetako putzu batera pasatzen da. Eta hortxe gertatzen da magia (edo, hobe esanda, zientzia). Sistema horietan erabiltzen diren osagai guztiak konbinatuz, urak garbi eta berrerabiltzeko prest ateratzea lortzen da.

Putzuaren lehenengo sekzioan, harri lodiak jartzen dira, aurretratamenduan atxiki ez diren solido eseki lodiak atxikitzeko.

Legar finak –putzuaren zati handiena betetzen du– mikroorganismoak hazten eta finkatzen laguntzen du. Horiek organismo zelulabakar txikiak dira eta etxeko hondakin uretako kutsatzaile nagusia digeritzen dute, hau da, uretan esekitako materia organikoa. Mikroorganismoak lurzoruan eta uretan daude eta, baldintza egokietan, naturalki ugaltzen dira; horixe kopiatu nahi da biojardineraren legar ohean, hain zuzen.

Azkenik, landareen sustraiek solido eseki txikiak atxikitzen laguntzen dute eta, batez ere, mikroorganismoek materia organikoa digeritzean sortutako nutriente guztiak xurgatzen dituzte.

Beraz, biojardinera bat eraikitzeko, batetik, sustraiak etengabe bustita dituztela biziraun dezaketen landareak aukeratu behar ditugu, klimara egokitzen direnak (tokiko uretako landareak), eta, bestetik, urari pasatzen utzi eta mikroorganismoak finkatzea ahalbidetzen duen legarra. Eta mikrobioek goserik ez izatea ziurtatzen badugu, natura arduratuko da gainerakoaz.

Elementu apaingarri bat ere bai

Ur grisek, ur sistema naturalen oreka aldatu gabe, berrerabiltzeko edo isurtzeko behar besteko arazketa maila izatea bermatzea da biojardineraren lorpen nagusia, baina sistema horrek baditu bestelako abantaila batzuk ere.

Landareen aireko zatia apaingarria da eta inpaktu bisual positiboa duenez, edozein tokitako paisaiaren parte izatea errazten du.

Gainera, karga organikoaren deuseztapen maila handia dela eta, biojardineratik ateratzen den ura lorategiak eta fruta arbolak ureztatzeko erabil daiteke, baita eskualde tropikaletan lehorte garaian baratzeen ekoizpena ziurtatzeko ere.

Kasu gehienetan, biojardinerak etxeetako ur grisak tratatzeko erabiltzen dira, beraz, etxeko inguruneetara oso ondo egokitzen dira. Baina eskala handiagoan ere arrakasta izan dute, adibidez: El Salvadorko Unibertsitateko jantokietako urak tratatzeko.

Hezegune artifizialen zientzia

Nahiz eta hezegune artifizialak ura tratatzeko irtenbide natural gisa erabiltzeko interesa 80ko hamarkadan piztu zen, duela urte batzuk arte sistema horiek ez zuten komunitate zientifikoaren arreta piztu.

Azken hamarkadan, arazketa mekanismoak sakonago ezagutzeko beharra sortu da, sistema horien diseinua optimizatu eta potentzial guztia aprobetxatzeko, eta, horren ondorioz, mota horretako irtenbide naturalekiko interesa piztu da.

Duela gutxi, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa Saileko zenbait kidek sistema horien balioaniztasuna aztertu dugu, modelaketa matematikoaren eta funtzionamendua simulatzearen bidez. Ur grisen emari eta konposizio aldaketei ez ezik, eskualde tropikaletako urtaroaren araberako aldaketei ere eusteko ahalmena dutela frogatu dugu.

Biojardinera bat zure lorategian

Hezegune artifizialak ezartzea erakargarri egiten duen abantaila nagusietako bat da erraz eraiki daitezkeela eta horien bizitza baliagarrian erraz mantendu daitezkeela. Horregatik, munduko hegoaldeko komunitate asko sistema horren aldeko apustua egiten ari dira etxeko ur grisak tratatzeko, adibidez: El Salvador eta Costa Ricakoak.

Biojardinerek abantaila asko baldin badituzte, zergatik ez jarri sistema hori gure lorategietan?

Gaur egun, biojardinerak eraikitzeko eta mantentzeko moduari buruzko gidaliburu asko daude. Beraz, lursail bat badaukagu eta eraikuntzako material sinple batzuk metatu baldin baditzakegu (adibidez, plastikozko hodiak eta bidoiak), aste gutxiren buruan etxeko hondakin urak tratatzeko gure sistema jasangarria erabili ahal izango dugu.