euskaraespañol

Biokolonizatzaileek arriskuan jartzen dute Machu Picchuko granitoaren kontserbazioa

UPV/EHUk ebaluatu du zer rol duten Machu Picchuko Haitz Sakratua kolonizatzen duten mikroorganismoek haren kontserbatzio-egoeran

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/13

Irudia
UPV/EHUko doktore eta irakasle Héctor Morillas. Argazkai: Mikel Mtz. de Trespuentes (UPV/EHU)

UPV/EHUko IBeA ikerketa-taldeak metodologia ez-suntsitzaile bat erabili du determinatzeko zer rol duten Machu Picchuko Haitz Sakratua degradatzen duten esfoliazioak eta xafla-askatzeak eragin litzaketen algek, likenek, goroldioek, zianobakterioek eta abarrek. Izan ere, Haitz Sakratua hiri arkeologiko peruarreko ikurrik garrantzitsuenetako bat da. Machu Picchuko Parke Arkeologiko Nazionalak ingurunea kontserbatzeko zuzentzen dituen ikerketa-lanen barnean kokatzen da ikerketa hau.

Machu Picchu jainkotegi inkako monumenturik garrantzitsuenetako bat da Haitz Sakratua. Cusco eskualdean dago, Perun. Jainkoak gurtzeko inkek erabiltzen zuten granitozko haitz bat da, eta lurraren eta zeruaren arteko sarrerako atetzat jotzen zuten. Hiri arkeologikoaren kokapenaren eta tokiko klima-kondizioen ondorioz, haitz askori erasaten diete biokolonizatzaileek; zehazki, Haitz Sakratuan “hainbat esfoliazio ageri dira; alegia, material-galera txikiak gertatzen dira, haitzaren eremu txikietako xaflak askatuz baitoaz”, dio UPV/EHUko doktore eta irakasle Héctor Morillasek, zeina Machu Picchurekin lotutako ikerlan-multzo batean ari baita lankidetzan. “Egia da arroka narriatu egin zela kolonizazio biologikoaren ondorioz, baina narriadura minimoa da —dio Morillasek—. Ez dago Haitz Sakratua desintegratzeko batere arriskurik, eta, gainera, Machu Picchuko Parte Arkeologiko nazionaleko arloko espezialistak etengabe ari dira ingurunea kontrolatzen eta monitorizatzen”.

Machu Picchuko PANak, Cuscoko Kultura Zuzendaritza Deskontzertatuak – Peruko Kultura Ministerioak, zuzendutako ikerketa hau UPV/EHUko Morillas doktoreak egin du, zeina UPV/EHUko Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean ari baita irakasle gisa gaur egun, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Saileko IBeA ikerketa-taldearekin eta Landareen Biologia eta Ekologia Sailarekin lankidetzan.

Analisi anitzeko metodologia ez-suntsitzaile bat erabiliz, ikertzaileek zehaztu dute Haitz Sakratua kolonizatzen duten liken-, alga-, goroldio- eta zianobakterio-espezieek, besteak beste, zer rol betetzen duten haitzak dituen kontserbazio-arazoetan. Morillasek azaldu duenez, “haitzean sortuz joan diren akats txikietatik sartzen direnean espezie horiek, materialari berari atxikitzen zaizkio, haitzaren mineraletatik elikatzeko, eta, hala, haitza degradatuz doaz. Denborarekin, mikroorganismo horiek xafla txikiak askatzea eragin dezakete, eta, ondorioz, haitzaren materiala pixkanaka galaraz dezakete”.

Biopigmentuak monitorizatu, sakonera zehazteko

Haitzaren mikrolagin askotan aurkitutako mikroorganismo-espezie bakoitza zer familiatakoa den eta espezie bakoitzak zer biopigmentu iraizten duen zehaztu ondoren, “sakonera-profilatze bat egin genuen, aurresateko noraino sar litezkeen mikroorganismo horiek”. Horrenbestez, ikertzaileek hau ondorioztatu dute: “Ugari dira Haitz Sakratua kolonizatzen duten espezieak; haietako gehienak haitzaren substratu porotsuan barrena sartzen dira, eta haitza jasaten ari den estresaren erantzuleetako bat izan litezke”, berretsi du Morillas doktoreak.

UPV/EHUko ikertzaile-taldea eremu hartan egiten ari den ikerketetako bat baino ez da lan hau. Izan ere, hiri arkeologikoko hainbat eraikinen kontserbazio-egoeraren diagnostikoa ere egiten hasi dira, hala nola tenpluena, etxebizitzena eta meditazio-esparruena; bestalde, Machu Picchu osoan erabilitako eraikuntza-materialaren analisi bat egin da, eta, gainera, “aztertzen ari gara zer alterazio eragin ahal izan dituzten material granitikoan Machu Picchuko toki batzuetan garai batean egin omen zituzten konponketa-lan okerrek”. Halaber, ikertzaileak dionez, “ekotoxikotasun-azterketa bat egin dugu hirian bertan eta parke arkeologikoaren inguru osoan. Zoruak, aireak eta euri-urak izan zitzakeen kutsatzaileak analizatu ditugu”. Horrez gainera, Morillasek parkean aurkitutako labar-pinturak analizatu ditu, eta determinatu dute zer material erabili zituzten haiek egiteko; “uste dugu pintura horiek garai prehispanikoa baino askoz lehenagokoak direla”. Amaitzeko, ikertzaileak hau erantsi du: “Lan horri guztiari esker, proiektu baten oinarriak idazten ari gara, beste herrialde batzuetako zenbait unibertsitate eta erakunderekin, UNESCOren toki enblematikoen kontserbazioa aztertzeko”.

Informazio osagarria

Machupicchuko Parke Arkeologikoa, Cuscoko Kultura Zuzendaritza Deskontzentratua – Peruko Kultura Ministerioa da inguruneko ikerketa- eta kontserbazio-lanen arduraduna, 2009tik gaur egun arte. Machu Picchuko PANeko zuzendari Fernando Astete doktoreak eta ikerketa- eta kontserbazio-lanen arduradun Gladys Huallparimachi Quispe biologoak zuzentzen dute lana. Inpaktu biotiko eta abiotikoak ikertzeko eta arintzeko lanak egiten dituzte, ingurune naturala eta kulturala hondatzen ez duten kontrol jasangarriak eginez, Machu Picchuko Jainkotegi Historikoa babestu eta kontserbatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa