Sendoa Ballesteros Peña

Bizitzaren txinparta: zer da kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa eta nork erabil dezake?

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/01

Sendoa Ballesteros Peña
Sendoa Ballesteros Peña. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Urtero, osasun ingurunetik kanpo suspertzeko moduko 15.000-25.000 bihotz geldialdi gertatzen dira Espainian. Bihotz geldialdia izaten duten pazienteen % 30 baino gutxiago iristen dira bizirik ospitalera. Alabaina, halako fenomenoak itzulgarriak izan daitezke bihotz-biriken oinarrizko bizkortze tekniken bidez.

Bihotz geldialdi bat izan ondoren ospitaletik kanpo bizirik irauteko aukerak aldagai ugariren araberakoak dira.

Larrialdietako zerbitzuak iritsi aurretik kalitatezko suspertzea gauzatzea eta desfibrilazio goiztiarra egitea dira bihotz geldialdiko pronostikoan eragin handiena izan dezaketen esku hartzeak. Hori bai, beste faktore batzuk alde batera utzita.

Duela hamarkada bat baino gehiago, osasun alorrekoak ez ziren langileentzako lehen desfibrilazio planak ezarri eta araututa, legeriak apustu handia egin zuen bihotz geldialdiaren kudeaketa optimizatzeko.

Nola funtzionatzen du kanpoko desfibriladore erdiautomatiko batek?

Kanpoko desfibriladore erdiautomatikoak (KDEA) oso konplexuak diren mikroprozesadoreetan oinarritutako gailu arin eta eramangarriak dira. Adabaki autoitsasgarrien itxurako elektrodoak baliatzen dituzte bihotz erritmoa monitorizatzeko edo talka elektrikoak aplikatzeko.

Pertsona baten seinale elektrokardiografikoa erregistratzeko eta aztertzeko gai dira, eta hilgarria izan daitekeen arritmiarik duen ere zehaztu dezake. Bihotz-biriken geldialdia duten pazienteekin bakarrik komeni da erabiltzea. Hau da, konorterik gabe daudenak eta arnasa hartzen ez dutenak.

KDEA bat erraza da erabiltzen: nahikoa da piztea, eta elektrodoak toraxaren gainean jartzea. Desfibrila daitekeen arritmia bat identifikatzen baduzu, gailuak deskarga elektriko bat gomendatuko dizu.

Batzuetan, bihotza “berrabiarazteko” gai dira halako deskargak. Horrela, miokardioko taupada markagailu naturalei bihotz erritmo eraginkorra lehengoratzeko aukera ematen die.

Gaur egun, desfibriladoreak osasun ingurunetik kanpoko hainbat gunetan topa ditzakegu.

Duten diseinuari esker, edonork erabil ditzake modu seguruan: igortzen dituen soinu seinaleak eta ikusizkoak erabiltzailea gidatzeko gai dira. Hala, bihotz-biriken oinarrizko bizkortze maniobrak egin ahalko ditu larrialdi zerbitzuak iritsi baino lehen.

Nork erabil dezake KDEA bat?

Edonork erabil dezake KDEA bat, prestakuntza maila edozein dela , horretarako sortu baitziren gailu horiek. Espainian, ordea, Errege Dekretu bidez dago araututa kanpoko desfibrilagailu erdiautomatikoen erabilera.

Autonomia erkidego bakoitzak ezartzen ditu larrialdi kasuetan KDSAk nork erabil ditzaketen zehazteko baldintzak.

Esate baterako, Euskal Autonomia Erkidegoan, edozein herritarrek erabil dezake KDEA bat larrialdi egoeretan (betiere aldez aurretik larrialdi zerbitzuei abisatzen badie). Baina estatuko gainerako autonomia erkidegoetan hasierako ikastaro egiaztatu bat egin behar da gailu horiek erabili ahal izateko.

Osasun alorrekoak ez diren langileak gaitzeko prozesua berariazko prestakuntza batean datza. Prestakuntza horrek 4 eta 9 ordu bitarte irauten du. Gainera, aldian behin (gutxienez urtebetera eta gehienez hiru urtera) berritu egin behar da.

Alabaina, hamaika erkidegok (Balear Uharteak, Kanariak, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Katalunia, Extremadura, Galizia, Errioxa, Madril, Nafarroa eta Valentzia) edonori baimentzen diote KDEA bat erabiltzea bihotz geldialdi bat gertatzean, betiere salbuespen gisa eta soilik osasun langilerik edo gaitutako langilerik ez dagoen egoeretan.

Larrialdiei aurre egiteko prestakuntza edo sentsibilizazio programak bultzatzea garrantzitsua dela alde batera utzi gabe, nazioarteko gizarteek KDEAk biztanleen esku uztearen alde egiten dute.

Hala ere, badirudi Espainiako politika arautzaileak ez duela guztiz bat egiten gomendio horrekin.

Askotariko iritziak daudela kontuan izanik, osasun agintariek horren inguruan hausnartu beharko lukete. Eta gauza bera esan daiteke Espainiako legegintza hain heterogeneoa izateari dagokionez.

Zentzuzko neurria dirudi herritarrek askatasuna izatea KDEAk erabiltzeko orduan, inolako akreditaziorik gabe. Azken batean, ez litzateke eragozpenik egon beharko erabat segurua den gailu bat erabiltzeko, horrek heriotza goiztiar bat eragotz badezake.

The Conversation