euskaraespañol

Bizkaia Zientzia Plazaren 3. edizioa, dibulgazio zientifikorik informalena eta zorrotzena

  • Ekitaldia

Noiz eta non

Noiztik: 2019/09/18 Noiz arte: 2019/09/25, 19:00 - 20:00

Kokapena

Bilbao (Bizkaia)

Deskribapena

Bizkaia dibulgazio zientifikoaren epizentroa izango da aurten ere, irailaren 18tik 25era bitartean antolatuko den Bizkaia Zientzia Plaza (BZP) jaialdiaren hirugarren edizioari esker.

Bizkaia Zientzia Plazari atxikitako askotariko jarduera eskaintza zabala bost ekitaldiz osatuta dago: Naukas Bilbao, Naukas Pro, Naukas Kids, Bidebarrieta Zientifikoa eta Ciencia Show. 10 minutuko hitzaldiek, antzerki eta musika ikuskizunek, bakarrizketa-lehiaketek, dibulgaziozko bideoek eta haurrei zuzendutako jarduerek eta tailerrek osatzen dute jaialdiaren programa.

Bizkaia Zientzia Plazak ibilbide luzea duten izen handiko zientzialariak ekarriko ditu agertoki gainera, zientziari buruz modu informalean baina zorroztasunez hitz egin dezaten, hitzaldiak umorez eta musikaz apainduz.

Bizkaia Zientzia Plaza 2017an sortu zen UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eskutik eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean, eta Bilboko Udala, Petronor, Metro Bilbao eta EITBren laguntza du. Jaialdiak hasiera-hasieratik izan duen harrera onaren harira, Bizkaian hirugarren edizioa antolatuko da. 

Naukas Bilbaoren IX. edizioa

Aurten bederatzigarren edizioa beteko duen Naukas Bilbao, dibulgazio zientifikoaren arloko estatuko ekitaldi nagusia, jaialdiaren ardatz bihurtuko da berriro ere, dibulgazioa, umorea eta ikuskizuna uztartuz eta 10 minutuko agerraldiak erabiltzen dituen formatuari esker. Naukasen formula Bilbon sortu zen 2010ean eta estatuko beste hiri batzuetara hedatu da -egun bakarreko formatu laburragoarekin-, hasiera-hasieratik lortu duen arrakasta handiaren seinale. Izan ere, duela hiru urtez geroztik ekitaldiaren egoitza bilakatu den Euskalduna Jauregiko Auditoriuma estatu osotik etorritako milaka ikuslez bete ohi da zientziarekiko jakinminak bultzatuta, Bizkaia dibulgazio zientifikoaren epizentro bihurtuz.

Izen handiko zientzialariak eta dibulgatzaileak

Aurtengo topaketan ere, izen handiko 100 zientzialari eta dibulgatzailetik gora izango dira. Horien artean daude haurren minbiziari buruzko ikerlan garrantzitsuak egiten diharduen Antonio Pérez-Martínez Madrilgo La Paz Ospitaleko Haurren Onkologiako burua; Virginia Arechavala, Biocrucesen ikertu eta Gaixotasun Neuromuskularren Taldea koordinatzen duen neurologiako doktorea; Eva Ferreira, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuko katedraduna; eta Juan Manuel Bermúdez Ingurumen eta Oinarrizko Kimikako doktorea, hozteko sistemei iraultza ekartzeko gaitasuna izango duten ‘perovskiñak’ izeneko material solido berriei buruzko ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituena.

Horiez gain, Isabel Moreno RTVEko “Aquí la tierra” saioko meteorologoaren hitzaldia, Astrobiologia Zentroari atxikitako Carlos Briones Kimikako doktorearen ikuskizun zientifiko-artistiko-musikala, eta La Gata de Schrödinger (Rocío Vidal) eta Quantum Fracture (José Luis Crespo) youtuber ezagunen agerraldiak azpimarra daitezke

Naukaseko aurpegirik ezagunenetakoa bihurtu den Xurxo Mariño neurozientzialari galiziarrak ‘Carbón, la brillante historia de una piedra negra’ (Ikatza, harri beltz baten istorio distiratsua) izenburuko antzezlan zientifikoaren estreinaldia ekarriko du Oswaldo Digón antzezlearekin batera. Horrekin batera, EHUorkestrak larunbat eguerdian Euskaldunan emango duen kontzertua nabarmendu behar da.

ETBn, streaming bidez

Ekitaldira joaterik ez dutenek zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dute streaming bidez EITBren "Kosmos EITB" kanalean, Kultura Zientifikoko Katedrarekin sinatua duen hitzarmenari esker, izan ere, kanal horren bitartez zabaltzen dira erakundeak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldi gehienak. Hitzaldiak EITBren "Nahieran" plataforman ere ikusgai izango dira.

BZPko jarduera guztietarako sarbidea doakoa eta librea da, eta programazioa bzp.eus webgunean kontsulta daiteke.