Bost Kontinenteetako Landareen Azokaren V. edizioa egingo da urriaren 5ean eta 6an

EAEko, Espainiar Estatuko eta Frantziako 37 erakusketari bilduko dira UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Arboretumean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/03

Landare usaintsuak eta sendabelarrak, miniaturan egindako paisaiak eta egokitutako landareak, kaktusak, teila gainean landatutako iratzeak, orkidea tropikalak... Argazkia: UPV/EHU.

Bost Kontinenteetako Landareen Azokaren V. edizioa egingo da asteburuan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta UPV/EHUk antolatzen dute, Leioako eta Erandioko udalekin eta BBK-ko Gizarte Ekintzarekin lankidetzan. Aurten ere, ekoizleen topagunea izango da, eta mundu guztiko espezieak ekarriko dituzte, merkataritza-harremanak sendotzeko eta landareak landatzen dituztenen artean teknikak trukatzeko.

2015etik egiten den bezalaxe, ekimena jaio zen urtea, UPV/EHUk Leioa-Erandio eremuan duen Arboretumean egingo da azoka. Urtez urte erakusketari kopurua gorantza doa, eta aurtengoan EAEko, Espainiar Estatuko eta Frantziako 37 erakusketari bilduko ditu.  Bai larunbatean, bai igandean 10.00etatik 18:00etara irekita egongo da. Landare usaintsuak eta sendabelarrak, miniaturan egindako paisaiak eta egokitutako landareak (bonsaiak, landare zukutsuak...), kaktusak, teila gainean landatutako iratzeak, orkidea tropikalak, Hegoafrikako landare erraboildunak, landare haragijaleak; horiek dira, besteak beste, azokan ikusi eta erosi ahal izango diren espezieetako batzuk (gehienak, ezezagunak dira gure ingurunean, baina landatzeko errazak). Aurten ere basoko hazien eta Martintxuneko foru mintegiko landareen erakusketa bat egingo da. Mintegiko landareak interes bereziko eremuak lehengoratzeko erabiltzen dira. Bertoko produktuak dastatzeko txosna bat ere egongo da.

Bertaratzen direnek autobusak izango dituzte Leioako eta Astrabuduako metro-geltokietatik, 10:00ak eta 18:00ak bitartean, hau da, azokako ordutegian. Halaber, bi aparkaleku ere izango dira Arboretumaren alboan. Gainera, antolatzaileek ibilgailu bat eskainiko die mugikortasun murriztua duten pertsonei.

Sarrerak euro bat balio du, baina 12 urtetik beherako neska-mutilak doan sartu ahal izango dira.  Azokara doazenek, gainera, Arboretum-eko bidezidor-sareaz gozatzeko aukera izango dute. Lursail horrek 19 hektarea eta 1,700 zuhaitz ditu, bost kontinenteetatik ekarritako 130 espezietakoak. Arboretum Bizkaiko espazio naturalik garrantzitsuenetakoa da.