euskaraespañol

Kanabinoideek glukosaren metabolismoa apaltzen dute garunean, gizarte interakzioko eskasiak eraginez

Nature aldizkariak argitaratu berri du UPV/EHUko Pedro Grandes katedradunak parte hartzen duen taldearen ikerketa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/17

Irudia
Pedro Grandes, Nagore Puente, Itziar Bonilla eta Svein Achicallende. Argazkia: UPV/EHU

Nerbio sistema neuronaz eta zelula glialez osatuta dago (glia: itsasgarria). Zelula horietan ugarienak astrozitoak dira, besteak beste, odoleko glukosa atzitzen dutenak, energia sortu, beharrezkoa den neurona jarduera ahalbidetu eta funtzio kognitiboak behar bezala zertuko direla bermatzeko. Gainera, neuronek astrozitoen jarduera kontrolatzen dute astrozitoen beraien molekula batzuen bidez –tartean, 1. motako kanabidoideen hartzaileak (CB1)–. Alabaina, hartzaile horiek, astrozitoen eta neuronen arteko komunikazioa ere doitzen dutenak, kalamuaren osagai psikoaktiboaren itu nagusia dira –THC Δ (delta-9-tetrahidrocannabinol)–.

Zer eragiten die THC-k astrozitoei? Pedro Grandes doktorea kide den taldeak parte hartu duen ikerketak ondorioztatu du CB1 kanabinoideen hartzaileak saguen astrozitoen mitokondriatan (energia ekoizteaz arduratzen diren zelula organoetan) aktibatzeak eragotzi egiten duela garunean glukosa metabolizatzea eta laktatoa sortzea. Hala, alterazioak sortzen dira funtzio neuronalean, kaltea eraginez gizarte interakzioko jokabidean.  Zehazki, Grandes doktorearen arabera, «hartzaile horiek aktibatzen direnean, astrozitoek oxigeno espezie erreaktibo gutxiago sortzen dute, eta horrek laktato ekoizpen glukolitikoa kaltetzen du, estres neuronala eta gizarte interakziorik eza eraginez. Ikerketa garrantzitsua da, izan ere, tratamendu kanabinoideak eragindako aldaketa molekular eta biokimikoen manipulazio genetiko eta farmakologikoaren bitartez alderantzikatu daitekeen eskasia identifikatzen du eta kalamuak garunean eragiten dituen alterazioen gainean ezagutza zabaltzen du».

Hauek hartu dute parte ikerketan: Nagore Puente eta Itziar Bonilla, Svein Achicallende eta Pedro Grandes (UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Neurozientzietako Saila eta Achucarro Basque Center for Neuroscience zentroa), Juan P. Bolaños (Salamancako Unibertsitatea), Giovanni Marsicano (Bordeleko NeuroCentre Magendie, Bordeleko Unibertsitatea), Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Poitiers eta Paris-Saclay (Frantzia), Monctoneko eta Victoriako unibertsitateak (Kanada), Lausanneko Unibertsitatea (Suitza) eta Mainzeko Medical Center unibertsitatea (Alemania), etab.

Pedro Grandes doktorearen ikertaldea eta Bordeleko Unibertsitateko Giovanni Marsicano doktorearen ikertaldea lankidetzan aritzea funtsezkoa izan zen neuronen mitokondriatan CB1 hartzaileak daudela lehen aldiz frogatzeko; aktibatzen badira, mitokondrien jarduera apaldu egiten da, oroimen galera eraginez. Ikerketa horien emaitzak 2012an argitaratu ziren Nature Neuroscience aldizkarian eta 2016an Nature aldizkarian. Hala ere, «ezezaguna zen zein funtzio zuten astrozitoen mitokondriatan dauden CB1 hartzaileek, eta horregatik da garrantzitsua aurkikuntza hau, mugaz haraindiko ikerketa eta lankidetza ildoan aurrerapausoa izateaz gainera», Grandes doktoreak dioenez.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Jimenez-Blasco D, Busquets-Garcia A, Hebert-Chatelain E, Serrat R, Vicente-Gutierrez C, Ioannidou C, Gómez-Sotres P, Lopez-Fabuel I, Resch-Beusher M, Resel E, Arnouil D, Saraswat D, Varilh M, Cannich A, Julio-Kalajzic F, Bonilla-Del Río I, Almeida A, Puente N, Achicallende S, Lopez-Rodriguez ML, Jollé C, Déglon N, Pellerin L, Josephine C, Bonvento G, Panatier A, Lutz B, Piazza PV, Guzmán M, Bellocchio L, Bouzier-Sore AK, Grandes P, Bolaños JP, Marsicano G.
  • Glucose metabolism links astroglial mitochondria to cannabinoid effects
  • Nature. 2020 Jul; 583(7817): 603-608
  • DOI: 10.1038/s41586-020-2470