euskaraespañol

Kuartzitaren karakterizazio geoarkeologikoa

Material horren erabileraren bitartez Paleolitikoko gizarteak ezagutzeko aukera emango du UPV/EHUko ikerlanak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/06

Alejandro Prieto. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Alejandro Prieto. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Lehenengo metodologia finkatzen du azterlanak testuinguru arkeologikoetan kuartzitak ulertu eta karakterizatzeko. Hala, metodologia horrek ahalbidetu egingo du harri horren inguruan Kantauriko eskualdean bizi izan ziren historiaurreko gizarteek egituratutako ekonomia ulertzea.

Komunitate zientifikoak nahiko ondo ezagutzen du silexa, Kantauriko Ekialdeko eskualdean Paleolitikoko gizarteek gehien erabilitako harria, baina lehengai nagusi den kuartzitari buruzko ezagutza oso urria da Kantauriko eskualdeko gainerako lekuetan eta Penintsulan. ‘Archaeometry’ aldizkarian orain argitaratutako artikuluan, UPV/EHUko taldeak, ikuspegi geoarkeologiko batetik, Paleolitikoko aztarnategietako erregistro arkeologikoaren barruan karakterizatu du bigarren lehengai litiko hori.

Artikuluan metodologia bat finkatzen da etorkizunean adierazi ahal izateko zein den kuartziten hornidura iturria historiaurreko taldeen aldetik (oso silex gutxi dagoen eskualdeetan). “Metodologia hori hedatu ahala ezagutuko ditugu lehengai horren azaleratze bakoitzaren ezaugarriak, eta horrela osatu ahal izango dugu Paleolitikoko mapa “ekonomikoa” (une honetan, ia hutsik, Euskal Herrian eta Katalunian izan ezik) Penintsulako gainerako eskualdeekin”, dio Alejandro Prietok, azterlanaren egilekideak. Hala, ehunka kilometro urrun dagoen haran bateko azaleratze bateko berezko kuartzita baten presentziak, adibidez, berau garraiatzen zuten giza taldeek egindako lekualdaketa emango luke ezagutzera. Behaketen kopurua ugarituz gero mapeatu ahal izango dira historiaurreko populazioen mugimenduak, lehengaien azaleratzeetatik landutako hondakin horiek, amortizatu ondoren, geratzen ziren aztarnategietaraino.

Aipatu denez, lana mugatzen den eremu geografikoan, Kantauriko erlaitzean, kuartzita da kopuruan bigarren lehengai litikoa. Erregistro arkeologikoan are eta garrantzi handiagoa hartzen du Kantauriko eskualdeko erdialdeko eta mendebaldeko lekuetan, eta baita Paleolitikoko antzinako garaietan ere, zehazki Behe Paleolitoan eta Erdi Paleolitoan. Beraz, material horren karakterizazioak leiho berri bat zabaltzen du Paleolitoko gizarteak ezagutzeko, aldi hartako baliabide garrantzitsuenetako baten hornikuntza, eraldaketa eta erabilera mekanismoak ulertzetik abiatuta.

Kuartzita arkeologikoa ulertu eta karakterizatzeko, El Habario eta El Arteu aztarnategietako materialen 17 lagin hautatu dira. Industria litikoaren bi bildumak Moustier Aldikotzat daude karakterizatuta, argi eta garbi Erdi Paleolitoari lotuta (150.000-40.000 BP) eta Neandertaleko populazioek landuak. Bi aztarnategiak daude oraingo Kantabriako probintziaren mendebaldean, aldakortasun geologiko handiko lekua izanik. Lehena, El Habario, goi-lautada bilakatutako zona batean dago, Europako mendien inguruko ipar-mendebaldeko mendietan, eta kuartzitazko ertzak dituzten konglomeratu txiki batzuen ondoan dago. Bigarrena, El Arteu, Hermidako haizpitartean dago kokatuta, oso orografia malkartsu batean eta kareharrizko estratuez inguratua, eta nahiko gertu dago Deba ibaitik.

Erabilitako metodologia petrografiaren aplikazioan, irudien analisi digitalean eta X izpien fluoreszentzian oinarritu da. Hiru teknika horiek ahalbidetu dute kuartzita osatzen duten orri meheen eta kuartzo pikorren testurak karakterizatzea; kuartzo pikorren tamainak, formak eta noranzkoa ezagutzea; kuartzoarekin batera kuartzita horiek osatzen dituzten beste mineralak ezagutzea; eta kuartziten konposizio geokimikoa karakterizatzea. “Lan honen emaitzek aukera eman digute kuartziten prozesu genetikoak, haien sorkuntzaren eta osaketaren prozesuak ulertzeko eta eraketa-ingurune desberdinak detektatzeko. Horiek sedimentarioak izan daitezke erabat (kuartzo pikorren metaketa) eta baita erabat metamorfikoak ere (kuartzo pikor berrien sorkuntza birkristalizazioaren bitartez), mekanismo diagenetiko eta deformazio mekanismo aurreratuagoen mailaketa batetik igaroz”, azaldu du ikertzaileak.

Prozesu horiek ulertzeak, eta baita testuinguruan kokatzeak ere, ahalbidetu du sei kuartzita mota finkatzea, eta bi aztarnategietako erregistroa neurri batean ulertzeko eta kuartzita eskuratu eta kudeatzeko mekanismo konplexuak ziurtatzeko erabili izan dira. Hala, baliabide litikoen eskuraketa dualak (konglomeratuetan eta ibai metakinetan) aukera ematen du behatzeko hainbat inguruneren (erdi-mailako mendia eta haranetako hondoak) mugikortasun eta erabilera mekanismoak, urte arteko mugimendu ereduak iradokitzen dituztenak, eta gaur egun oraindik ere dirautenak landako eta abeltzaintzako eremuetan. Neandertaleko populazioen mugimendua eta lanabesen garraioa ziurtatu ahal izan da, baita kuartzita mota ugariren erabilera ere. Bestalde, deformazio maila handiko kuartzita moten edo kuartzita metamorfikoen harrera eta erabilera lehenetsiak ‒lantzeko eta erabiltzeko egokiak izateagatik‒ Neandertaleko populazioaren portaera ereduak “modernoak” eta “konplexuak” zirela pentsarazten digu.

 

Informazio gehigarria

Alejandro Prieto hirugarren zikloko ikaslea da Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, eta gai honi buruz ari da prestatzen doktorego tesia. Archaeometry aldizkarian argitaratutako artikulua, ‘Defining and characterizing archaeological quartzite: sedimentary and metamorphic processes in the lithic assemblages of El Habario and El Arteu (Cantabrian Mountains, Northern Spain)’, ondokoekin batera landu du: Iñaki Yusta, UPV/EHUko Mineralogia eta Petrologia Sailekoa, eta Álvaro Arrizabalaga, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailekoa.

Erreferentzia bibliografikoa