euskaraespañol

Ba al dago harresirik gabeko gaztelurik? Bai

UPV/EHU Viguerako gotorlekua, harresien lekuan berezko hormak dituen gaztelua, aztertzen ari da

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/04

Irudia

Gotorleku kontzeptua oso anitza da, eta ez du beti aditzera ematen harresi handiz eta berdin gune ikusgarriz osatutako sistema. Viguerako gaztelua perimetro osoan berezko hormaz inguratuta dagoen azalera handi bat da, apur bat baxuago dagoen hegoaldeko eremutik, zuzenean harkaitzean egindako horma-mailetan gora, iristen da bertara.

Antzinate berantiarreko eta Goi Erdi Aroko gotorlekuen gaia nahiko konplexua da horien funtzioak, ezaugarriak eta abar interpretatzeari dagokionez, eta formari eta egiturari dagokienez halako aniztasuna izatea ez da batere lagungarria izan panorama orokorra apur bat argitu ahal izateko.

Gotorlekuen polibalentziak eta funtzio-aniztasunak, eta, horri lotuta, formaz oso era ezberdinetako gotorlekuak izateak (kastroak, dorreak eta talaiak, seinale bisualak igortzeko faroak eta seinale akustikoak igortzeko lekuak, bizitzeko gazteluak, motak, espetxeak, errentak eta soberakinak metatzeko gotorlekuak, eremuak mugatzeko edo pertsonen trafikoa puntu jakinetara bideratzeko era askotako hesiak eta hormak…), ez du laguntzen aplikazio unibertsala duten oinarrizko ildo batzuk aurkezten.

Jarduera arkeologikoek, kasurik gehienetan, ez dute erraztu horien erregistroa aztertzen hasi ahal izateko oinarri sendoak ezartzea. Metodologia da, neurri batean, horren arrazoia. Orokorrean, eta euren monumentu izaera dela eta, harresietan “garbitzeko”, zaharberritzeko, eta abarrerako esku hartu izan da, eta barrutik ia ukitu ere egin gabe edo gutxieneko esku-hartzeak eginda utzi dira askotan. Kasurik gehienetan horrela jokatu izanaren ondorioz, ez da berreskuratzerik izan gotorlekua interpretatzeko funtsezkoa zen eta eremu horietan zegoen informazio asko eta asko. Izan ere, inguratzen duen harresia baino askoz gehiago da gotorleku bat…, baina, orain dela urte asko zientzialari ezagun batek esan zuen bezala, errazagoa da atomo bat desintegratzea aurreiritzi bat gainditzea baino. Azken aurrerapen metodologikoek, bai kontzeptualek bai, bereziki, arkeometriaren hainbat adarretakoek, blokeo hori askatzea ahalbidetu dute.

Gotorleku guztiek ez dituzte harresi handiak izaten.

Bestalde, gotorlekuaren kontzeptuak askotarikoak dira. Gotorleku bat ez da beti izaten asko landutako sistema poliorzetikoa, harresi handiz eta berdin gune zabalez, eta abarrez osatutakoa, nahiz eta gotorleku ezagunen hainbat eta hainbat adibidetan halakoak ikustera ohituta gauden. Gotorleku bat izan daiteke zurez egindako eta, zenbaitetan, perimetroan inolako babesik (oholesi, babes hobi, horma…) gabeko zaintzako dorre txiki bat ere, eta berez hala da, gainera. Gotorlekuen helburua puntu gailen bat izatea da. Hemen aztertuko dugun kasuan, lurraldea efizientziaz kontrolatzea zen bere funtzioa.

Horrela, lurraldea kontrolatzeko sistema horien alderdirik garrantzitsuena elkarri konektatutako guneen (lehen mailako barruti gotortuak, dorreak, faroak, pasabide estuetan kontrol puntuak, etab.) sare bat eratzea zen. Behar izanez gero, dagokion mezua igorri, transmititu edo erantzun ahal izango zuten; gune horietako batek operatiboa izateari uzten bazion, sistema osoaren funtzionaltasuna arriskuan geratuko zen eta eraginkorra izateari utziko zion, eta ez zuen sistema osoa sortzean zuen funtzioa beteko.

Laburbilduz, ikuspegi operatibotik, gune guztiek maila funtzional bera zuten (barneko hierarkizazioaren eta antolaketaren ikuspegitik ez zuten arren). Horrela bada, era horretako gotorleku berezien, zaintzarako eta seinaleak jasotzeko eta transmititzeko dorreen, funtzioa, funtsezkoa zen lurraldearen kontrol erreala eraginkortasunez egin ahal izateko.

 

Viguerako gotorlekua

Viguerako gaztelua izen bereko udal barrutian dago, Iregua ibaiaren haranean, Iberiar Sistemak Ebroko haranarekin bat egiten duen puntuan, eta 2018ko udan hirugarren kanpaina arkeologikoa egin da bertan.

Ireguako komunikazio bideak segur aski garrantzi handiko rola jokatu zuen Toledoko erresumaren azken aldian, haranaren goiko aldean aurkitutako erregistro arkeologikoaren arabera (VII. mendearen amaiera/VIII. mendearen hasiera, eta gero XIV. mendea), bai eta ondorengo mendeetan ere, dokumentu iturrien arabera (bereziki IX., X., eta XI/XII. mendeetan Viguera inguruan). Horrek bere isla izan behar zuen bai bidearen beraren erregistroan, bai bidea zaintzeaz arduratzen ziren gotorlekuen erregistroan ere.

Gotorleku horretako esku-hartze arkeologikoari ekin aurretik, Viguerari eta inguruari buruzko IX. mendetik XIII. mendera arteko iturri arabiarretako eta latindarretako agiriak aztertu zituen Jesús Lorenzo Jiménez doktoreak. Azterketa horren emaitza 290 orriko lana izan da, eta ikerketaren ikuspegitik oraindik ikertzen ari dira bere garaian argitaratu ahal izateko.

Viguerako gaztelua, Valdemetria edo Valdemetriako gaztelua ere deitzen dena, azalera handiko gotorleku bat da (18 hektarea), perimetro osoan 100-120 metroko malda duten berezko hormak ditu. Apur bat baxuago dagoen hegoaldeko eremutik bakarrik irits daiteke bertara, harkaitzean zuzenean egindako horma-mailetan gora.

Bere azalerako eremu txiki batzuetan okupazioa egonkorra izan zen.

Gaur egun eskura dauden arrastoen arabera, azalera horren guztiaren eremu gutxi eta txiki batzuk baino ez ziren “egonkortasunez” okupatu (halako leku malkartsuetan okupazio militarrek izan ohi dituzten denbora baldintzatzaile guztiekin). “Uste dugu gainerako azalera 30-40 ardi eta ahuntzez osatutako artaldeek aprobetxatzen zutela, segur aski hantxe ibiliko baitziren normalean bertan instalatutako goarnizioak hornitzeko: gazta egiteko esnea (estratigrafian zeramikazko esne ontzi baten hainbat zati aurkitu dira), haragia, larrua, tendoiak, hezurrak, artilea, adarrak”, azaldu du UPV/EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Saileko José María Tejado Sebastián irakasleak, proiektuaren zuzendaria eta arkeologoa denak.

Viguerako gotorlekuaren testuingurura hurbiltzeko lehenengo kanpaina hauen ostean egiazta daitekeen lehenbiziko gauza aztarnategiaren ahalmen arkeologikoa da. Aztarnategi militarrak, jada adierazi den bezala, ez du harresirik; argi ikusten da bertara iritsitakoan. Harresiak berezkoak dira, gaztelura igotzeko eskalatu egin behar dira eta ez dira, beraz, beharrezkoak. “Bistakoa da gaztelura bertan bizi zirenek nahi bazuten bakarrik sar zitekeela, defentsaren ikuspegitik erasoezina baitzen. Setioen bidez gosez menderatzen zituztenean egoera bestelakoa zen, eta, iturrien arabera, halako egoeraren bat ere jasan zuen”, azaldu du ikertzaileak.

Egin diren eta iturri idatzien bidez berretsi diren datazioen eta azterlan estratigrafikoen arabera, gotorlekua hainbat mendetan zehar erabili zuten eta garai ezberdinetan berrokupatu zuten lurraldea kontrolatzeko eta gotorleku militar gisa. Horixe egiaztatzen dute bertan aurkitu diren abisu-elementu militarrek, gazteluan zeramikazko tronpak aurkitu baitira.

Aurtengo kanpainak berrikuntza ugari eta adierazgarriak ekarri ditu, horietako asko oraindik aztertzen ari dira (zeramikak, hezurrak, metalak, beirak, etab.), eta azpimarratzekoa da, batez ere muino baten gainean aurkitu dutelako, ekialdera orientatutako kultu-eraikin txiki bat: espazio simetrikoko oinplanoa du, kalitate handiko igeltsuz eginda eta antzinate berantiarreko azken fasean eraikita dago. Karbono 12 (AMS) bidez, % 95,4ko probabilitatearekin, VII. mendearen (662) eta VIII. mendearen (774) artean datatu dute.

Inguruan duen nekropolian gutxienez sei gizabanako daude, horietako bost jada induskatu dira eta horietako bat XI. mendearen amaieratik XII. mendearen hasierara artean datatu da. Une hauetan ikerketa-taldea azterlan osteoarkeologikoak egiten ari da xehetasun gehiago jakiteko.

 

Informazio osagarria

José María Tejado Sebastián UPV/EHUko Gizarte Zientzien Didaktika Saileko irakaslea eta “Viguerako gaztelua” ikerketa proiektuaren zuzendaria da. UPV/EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea ikerketa-taldeko (GIPYPAC) kidea da, eta talde horretako ikertzaile nagusia Juan Antonio Quirós da.

Kanpaina arkeologikoan UPV/EHUko ikasleek parte hartu dute, Letren Fakultateko praktiketako programa baten baitan eta nazioarteko kanpaina baten esparruan; kanpaina horretan Italiako, Portugalgo eta Erresuma Batuko unibertsitateetako masterreko edo doktoregoko ikasleek ere parte hartu dute. Dokumentazio geometrikoa UPV/EHUko Ondarearen Dokumentazio Geografikoaren Laborategiak prestatu du.

 

Gehiago jakiteko

- Quirós Castillo, J. A. eta Tejado Sebastián, J. Mª (argtz.), 2012, ‘Los castillos altomedievales en el noroeste de la Península Ibérica, Arkeologiako Dokumentuak 4’, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, Bilbo.

- Tejado Sebastián, J. Mª (koord.), 2018, ‘Vislumbrando la Tardoantigüedad: Una mirada desde la Arqueología’, Instituto de Estudios Riojanos, Logroño. (bereziki, 95-104 orr.).

- Dibulgazioa: Viguerako gazteluaren facebook orria: https://www.facebook.com/Castillo-de-Viguera-156111965221765/