euskaraespañol

Ibone Ametzaga Arregi

Naturak behar gaitu?

UPV/EHUren Garapen Iraunkorrari eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrako kidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/08

Irudia
Ibone Ametzaga Arregi. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Ez duzue inoiz zuen buruari izenburuko galdera hori egin? Munduan eta, zehatzago, gure ingurumenean gizakiak sortutako inpaktuak ikusita, zertan ibili zen eboluzioa gure Homo sapiens espezie hau garatzen? Ba, egia esanda, ezertan ez ziur asko, azken batean eboluzioa prozesu bat besterik ez da, eta espezie berriak sortzen doaz eta beste batzuk desagertzen. Gure kasuan espezie bezala izugarria gara, ala ez? Pentsatu zenbat gauza sortu ditugun osasun arloan, teknologian, ilargira ere heldu gara, baina badirudi gure ETXEA, hau da, gurea eta gainontzeko espezieena den habitata, BIOSFERA (izaki bizidunok bizi garen geruza, gutxi gorabehera 20 km lodieraduna; lurraren erradioa, 6000 km ingurukoa), ez dakigula nola zaindu edo, hobeto esango nuke, nola kudeatu guretzat ezta gainerako espezieentzat. Hori bai pagotxa! Badirudi oso onak garela gure beharrentzako ingurumena eraldatzen (badakit esaldi hau oso orokorra dela, zeren batzuek asko eta beste batzuek ezer daukaten) kontutan hartu barik eraldaketa horiek gure ingurumenean sortzen dituzten inpaktuak (kutsadura, higadura, biodibertsitate galera etab.), ekosistema horiek gure ongizaterako zein garrantzitsuak diren ahaztuz! Egia da gizakiak sortutako teknologiak gure bizitza erraztu, hobetu eta guk sortutako arazoak konpondu ditzakeela neurri batean, baina naturak erraz erakusten digu hori horrela ez dela eta, azkenean, nahiz eta batzuentzat gogorra izan, onartu behar dugu teknologiak ezin duela dena konpondu! Hortxe dauzkagu noizbehinka gertatzen diren egoerak (uholdeak, lehorteak, suteak, haize boladak, izurriteak etab.), askotan aurreikusi ezin direnak eta izugarrizko hondamendiak sortzen dituztenak.

Baina, hondamendi horiek naturarentzako arazo bat dira? Guk horrela ikusten ditugu, gure ikuspuntutik begiratzen ditugulako, hau da, guk sortutako eraikuntzak apurtzen dituztelako edo janari ekoizpena murriztu, eta, garrantzitsuena, askotan pertsonen bizitzak galtzen direlako! Baina natura uste duzue kezkatuta dagoela? Ba nik uste ezetz. Lurrean bizitza sortu zenetik bere ingurumeneko baldintzetan aldaketak egon dira, eta bizitzak aurrera jarraitu du, egoera berri batera moldatuz. Adibidez, bere momentuan atmosferak ez zeukan oxigenorik, eta ziurrenik espezie batzuk oxigenoa ekoizten hasi zirenean, “kutsadura” mota bat izango zela, beraz, baldintza berrietara ondo moldatuta ez zeudenak desagertu edo oxigenoa erabiltzen zuten espezieek abantailak zeuzkaten, eta nagusitzen joango ziren, baina hori ez dut uste naturarentzako arazo bat izan zenik, lurraren eboluzioan betidanik espezieak desagertu eta berriak sortu izan dira, eta seguraski horrela jarraituko du! Hau da, “oreka” baldintza batzuetatik beste “oreka” baldintza batzuetara moldatuz.

Noski,  arazoa da herrialde “garatuetakook” jarraitu nahi dugula gure bizi-kalitatea (hitz honek beste artikulu baterako emango luke) mantentzen eta hobetzen, kontutan hartu barik Biosferak bere muga biofisikoak dauzkala, eta sortzen ari garen inpaktuak eta aldaketak (biodibertsitate galera, eremu naturalak iragazgaitz bihurtu, kutsadura, gain-ustiaketa, CO2 emendatu, etab.) Biosfera beste egoera batera eramaten ari direla, eta bere egoera berrian beharbada gure inguruak ez digula gure ongizaterako behar duguna bermatuko.

Gure galderara bueltatuko gara? Naturak behar gaitu? Noski, bere momentuan, eboluzioaren bidez sortu ginenean, gure funtzioa betetzen genuen, beharbada beste animalia batzuk ehizatuz, horien populazioak kontrolatzen genituen edo mantenugaiak leku batetik bestera mugituz. Baina gaur egun badirudi gure espeziea ez du zuzenean ezerk kontrolatzen. Izurrite baten modura gabiltza! Beraz, guk natura behar dugu? Naturak gure ongizatean parteren bat hartzen du? Zertarako behar dugu... behar badugu, noski? Horretarako ariketa erraz bat egin dezakegu: pentsa ezazu irakurle gela baten barruan gelditzen zarela eta ezin duzula kanpoarekin harremanetan egon... zenbat iraungo zenuke kanpoko baliabideak sartu edo barrukoak atera ezin izango bazenitu? Ziur nago gauza asko etorri zaizkizula burura, argi dago oxigenoa, ura, jakiak… baina, beste aldetik,handik denbora batera, ziur komunera joateko gogoak edukiko zenituzkeela edo hotza edo bero larregi… Jarraitu pentsatzen… Beno, ba hori dena eta gehiago da gure ingurumenak ematen diguna eta guk sarritan ahazten duguna. Naturak eskaintzen dizkigun onurei ekosistemen zerbitzuak deitzen zaizkie, eta orokorrean hiru taldetan banatzen dira: hornikuntzakoak (jakiak, egurra...), erregulaziokoak (ur eta aire arazketa, polinizazioa, izurriteen kontrola...) eta kulturalak (aisialdia, garapen pertsonala...), denen oinarria biodibertsitatea izanda.

2005ean Nazio Batuek Milurteko Ekosistemen Ebaluazioa Nazioarteko Programa Zientifikoan sortu zuten eremu publiko eta pribatuan aplikagarria den ezagutza zientifikoa sortzeko, ekosistemetan eta euren zerbitzuetan izandako inpaktuen ondorioak (gehien batez lurralde politiken inpaktuagatik) ebaluatuz eta erantzunerako aukerak eskainiz. Programa hau herrialde askotara zabaldu da eta gurera ere bai! Garapen Iraunkorra eta Ingurumen Hezkuntzari buruzko UNESCO katedrak urteak daramatza, bai Bizkaiko Aldundiarekin bai Eusko Jaurlaritzarekin lan honetan. Programa honek neurri batean erakusten ari da zein garrantzitsua den, erraza ez bada ere, gure ingurumena eta kudeaketa egokia egiteko, lurraldean eragina daukagun guztien arteko elkarlana (teknikariak, politikariak, ikertzaileak, biztanleak, enpresariak, nekazariak etab.). Denen helburua, gure inguruko ekosistemak era egokian kudeatzea, denen onurarako delako, eta ahal bada, adibidez, aurten pinudietan gertatzen ari den izurritea berriro ez gertatzea. Garaia da gizakia benetan azkarra dela erakusteko!