euskaraespañol

Idoia Camacho Markina

Hitz egitea eta komunikatzea ez da gauza bera: arrazoia azalduko dizuegu

Bozeramaileen Prestakuntza eta Kazetaritza Espezializatuko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/25

Irudia
Idoia Camacho Markina. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bezeroari egindako aurkezpena amaitu eta Carlos presaka irten da bilera aretotik, bere bulegora joateko. Bidean kideekin hitz egitea ekidin du. Beste behin ere, eta duela urtebete proiektuburu izendatu zutenetik hilero gertatzen den moduan, bere taldeak azken asteotan egin dituen aurrerapenak argi eta garbi helarazteko zailtasunak izan dituela sentitu du. Urduritasunak egindako lan ona frogatzea galarazi dio.

Carlosen antzera, beste profesional on askok, dagokien gaiaren inguruko ezaguera handia izanik ere, maiz, beren ideiak besteei helarazteko zailtasunak dituzte. Baliteke hain lengoaia teknikoa erabilita ulergaitza izatea, beren mezuak modu desordenatuan adieraztea, hitz egitean burua paperetik ez altxatzea, modu monotono eta aspergarrian adieraztea edo edukiak nahi adina laburtzen ez jakitea. Baliteke, baita ere, beren komunikazioa zailtzen duten bestelako arrazoiak egotea, nahiz eta aurrez aipatutakoak diren ohikoenak.

Artikulu akademiko eta enpresa txostenek argi eta garbi azaldu dute komunikatzen jakiteak zehazten duela, hein handi batean, arrakasta pertsonal eta profesionala. Munduko Foro Ekonomikotik hasi eta Google enpresara bitarte, edozein alorretako zuzendari eta profesionalak, unibertsitateko ikerlariak, baita munduko pertsona aberatsena ere, ados daude komunikazioa aurrera egiteko funtsezko trebetasuna dela. Hori nola garatu ez dago hain argi.

 

Eraginkortasunez komunikatzea

Egia esan, denok dakigu hitz egiten, baina denok ez dugu behar bezala komunikatzen ikasi. Hala ere, denok eman ohi dugu jakintzat hitz egitean komunikatzen ari garela eta, askotan, ez da hori gertatzen, edo ez da eraginkortasunez gertatzen.

Komunikatzeko, lehendabizi, informazioa egon behar da. Hala ere, komunikatzea informatzea baino gehiago da. Komunikatzen ari den pertsonak mezu bat osatzen du, beste pertsonak jaso dezan era ulertu dezan, beragan ondorioren bat izan dezan, erantzunen bat. Datuak aurkezteaz gain, igorlea datu horiek sinesgarri egiten saiatuko da. Horretarako, datuak filtratu, ordenatu eta laburtuko ditu, edo beste era batera esanda, hartzailearentzat mezu onargarri bat osatuko du.

Komunikazio eraginkorra ahozko hizkuntza eta ahozkoa ez dena gure ideiak helarazteko behar bezala erabiltzea da. Hala, gure solaskidearekin lotu eta helarazi nahi dugun hori jasotzen dutela lortuko dugu, ondoren guk nahi dugun ildotik joka dezaten. Azken batean, mezu aproposa une aproposean eraginkortasunez helaraztea da.

 

Komunikatzen ikastea

Hitz egiten ikasteko prozesua konplexua da. Hala ere, bizpahiru urte genituenean, erraza zirudien, eta berehala ikasi genuen, salbuespenak salbuespen. Hitz egiten ikasi genuen, hitz egiteko beharrezko tresnak genituelako, hau da, gure alboan genituen heldu bat edo bi, etengabe hitz egiten zigutenak, eta guk etengabe hitz egiten genuen haiekin. Hori dela eta, esan genezake prozesu hori modu naturalean ebatzi genuela.

Jendaurrean behar bezala komunikatzen ikastea ez da prozesu naturala. Inork ez du prozesu hori bizitzako lehenengo urteetan ebazten. Berri ona da, behintzat, helduak garenean ikasi eta hobetu daitekeen trebetasuna dela. Menperatu nahi dugun beste edozein diziplinarekin gertatzen den moduan, eraginkortasunez komunikatzen ikasteko lau fase igaro behar ditugu, Abraham Maslow psikologo estatubatuarrak asmatutako ikasketa ereduaren arabera.

- Lehenengo etapa Gaitasunik ez inkontzientea da. Jendaurrean komunikatzeak esan nahi duena ez dakigu, eta ez gara kontziente hori ezagutzen ez dugula, ez baitugu inoiz horri lotutako ezeren inguruan hausnartu behar izan.
- Bigarren etapan, Gaitasunik ez Kontzientea dugu, horren inguruan informatzen hasten gara, hainbat teknika ikasten ditugu, ikastaroen bat egin, liburuak eta artikuluak irakurri, etab. Fase horretan ikasten da gehien. Era berean, ikasteko duen guztiaz kontziente gara.
- Gaitasun Kontzientearen etapan, jendaurrean komunikatzeko behar dena modu teorikoan ikasi dugu. Praktikan jartzeko gai gara, emaitzak onak edo txarrak izan badaitezke ere, eta hori egiteko arreta osoa ipintzea beharrezkoa da.
- Laugarren etapan Gaitasun Inkontzientea dago. Aurreko fasearen ondotik, komunikatzeko gai izateaz gain, ohitura bihurtu zaigu. Ez da beharrezkoa komunikatzeko bost zentzumenak piztea, gehiegi pentsatu gabe irteten da.

 

Komunikazioaren abantaila

Baliteke Carlos proiektuburuak lau etapa horiek igaro ez izatea. Baliteke jendaurrean behin eta berriz hitz egin izana, baina ez du hori behar bezala egiteko nahikoa prestakuntza jaso. Baliteke teoria behar bezala ikasi izana, baina agian ez du oraindik nahikoa praktikatu. Edo, baita ere, baliteke bere komunikatzeko estiloaz kontziente ere ez izatea eta, beraz, ezinezkoa da berak jakitea zeintzuk diren hobetu ditzakeen alderdiak, ezta zein indartu behar dituen jakitea ere.

Eraginkortasunez komunikatzeak segurtasun eta abantaila handiagoa emango lizkioke, besteek bere ideiak entzun eta kontuan har ditzaten. Izan enpresan, izan enpresatik kanpo ere.

The Conversation