euskaraespañol

Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna, RAE-ko eta Euskaltzaindiko urgazlea

‘Euskararen historia’ dela eta

Joakin Gorrotxategi

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/08

Joakin Gorrotxategi. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Joakin Gorrotxategi. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri duen Euskararen Historia liburuaren (1) aurkezpenean esan zen bezala, euskalaritzan sumatzen zen hutsuneetariko bat, ikerketa sakon eta zabalen gainean oinarritutako hizkuntzaren historia oso eta orekatu baten gabezia, alegia, nolabait estalia izan da liburu honekin. Aurrekaririk izan da, jakina, ezer gutxi sortzen delako ex nihilo, eta hor dago Mitxelenaren Sobre el Pasado de la Lengua Vasca liburuxka preziatua horren lekuko, baina orain artekoek, laburrak, zatikakoak edo eginkizunaren egitasmo hutsak besterik ez direlako izan, ez dute xedea bere osotasunean bete. Esan daiteke, bestalde, Historia hau mota horretako lehendabizikoa izateaz gain belaunaldi baten ekoizpena ere badela, hogeitabost urteko ikerketaren ondorioa den heinean.

Beti sortu izan dute jakin-mina norberaren hizkuntzaren jatorriak eta geroko nondik-norakoek. Euskaldunok badakigu munduko hizkuntza txiki bat, askoren iritziz gutxitua, hitz egiten dugula, aldameneko hizkuntzekin alderatzen badugu, behintzat; era berean, zenbait euskalkitan zatituta dagoela, duela berrogei urte euskaltzale orok etxeko paretetan itsatsita zeukan Bonaparte Printzearen mapa ikusgarriak koloretan erakusten duen bezala. Guztiok dakigu baita ere ez dagoela munduan haren ahaidetzat jo daitekeen hizkuntzarik eta herritar askoren ustez Europan hizkuntza indoeuroparrak baino lehenagokoa izatea sekulako antzinatasunaren proba dela. Belaunaldi gazteek badakizkite gainera, eskolari esker, gure literaturaren idazle nagusien izenak, Etxepare, Axular, Aresti edo Atxaga. Baina literaturaren historia ez da hizkuntzaren historiaren baliokidea eta ordaina, biak –bakoitza bere helburu propioari dagokion metodologia erabiliz– idazleen obretan oinarritu arren.

Zer da bada hizkuntzaren historia? Labur esanda, gizarte bateko hiztunek elkarrekin komunikatzeko darabilten hizkuntza sistemak denboran zehar jasaten dituen aldaketen kontu ematea eta azaltzea. Sistema beraren garapenari so egingo bagenio soilik ­–eta berdin zaigu sistema osoari zein hura osatzen duten zatiei, hots, fonologia, morfologia edo sintaxiari zeini bere aldetik so egitea– hizkuntzaren barne historia egiten jardungo genuke, hizkuntzalaritzan ‘gramatika historikoa’ edo ‘gramatika diakronikoa’ izenen bidez ezagutzen dena. Inglesak Shakespearen garaian burutu zuen Great Vowel Shift-a, gaztelaniaren txistukari ahostun eta ahoskabeen arteko neutralizazioa XVI. mendean edo euskal aditzak denbora eta aspektua adierazteko XVI.etik XVII. mendera arte ezagutu zituen aldaketak barne historiako adibideak dira. Baina hizkuntza gizartean errotua dagoenez, azken honetan suertatzen diren  gertakari nagusiek, hala nola, gerrak, agintari aldaketak, krisi ekonomiko larriak, erlijio arazoak, kultura eta teknika berrikuntzak, normalean eragina dute hizkuntzaren baitan. Hizkuntzaren bilakaera gizarte faktore guzti horiekin uztartzea da, zaila bada ere, kanpo historiaren zeregina.

Gurea baino ikertuagoak izan diren hizkuntzen historiak hartu ditugu eredutzat. Hor daude Meilleten Esquisse d’une histoire de la langue latine edo Lapesaren Historia de la lengua española klasikoak, esaterako. Historia horietan bezala, gurean ere, hizkuntzaren hedadura geografikoaren gorabeherak, aldameneko hizkuntzekiko ukipena, grafia kontuak, hizkuntzari buruzko gogoetak, maileguak eta neologismoak, literatur hizkuntzak eta antzeko gaiak aztertuak izan dira. Bestalde, gaiak eta hizkuntza garapenaren azalbideak metodologikoki antzekoak izan arren, euskararen historiak baditu bere berezitasunak, inguruko hizkuntzenekin alderatuta. Askoren artean aipa genezake: zatiketa dialektal sakona, gaztelania, frantsesa edo katalanaren eremuan hain nabaria ez dena; Erdi Aro Berantiarretik hona lurretan zein hiztunetan galduan irtetea, aipatu hizkuntzek lur berrien jabe egin ahala hiztunen kopurua handitu zuten bitartean; hizkuntzaren batasuna eta gaitasunaren alde egin zezakeen errege gorte edo burgesia euskaldunik ez izatea; lekukotasunen desoreka handia, gure historiaren zenbait garai eta euskararen zenbait lurralde ilunpean uzten duena; hiztegiek eta hizkuntzari buruzko gogoetek euskararen historian izan duten eragina; hizkuntzaren batasunean egin diren urratsak, gaztelania edo frantsesaren garapenarekin zerikusi gutxi dutenak, ea.

Euskararen Historia hau hogeitabost urteko ikerketaren ondorioa da, lehen esan bezala. Urte hauetan obra nagusi askoren edizioak (1596ko Refranes y Sentencias edo Axularren Gero) burutu dira, testu aurkitu berriak (gutunak, bertsoak edo sermoiak) argitaratu dira, Larramendiren Hiztegi Hirukoitza eta beste egile batzuenak aztertu dira, literatura urriko euskalkiak, hego-nafarrera esaterako, ikuspegi diakroniko batetik deskribatu dira. Dudarik gabe 2004an agertutako  Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuak iraultza bat ekarri zuen XVI. mendeko euskara arkaikoaren ezagueran, ez zuelako bakarrik garai hartako testu kopurua nabarmenki gehitu, baizik eta euskalki berri bat agerian jarri zigulako bat-batean, arabarra alegia.

Testu ugari gelditzen dira oraindik editatzeko, ikerketa dialektologiko asko burutzeko, garai zehatz eta ezagun batzuetako hizkuntza aldaketak aztertzeko, azken 50 urtekoak, besteak beste. Messis multa, uzta handia da, baina laborariak falta ez diren bitartean, gutxi izan arren, joango gara gure euskararen historia, eta ondorioz Euskal Herriaren historia, hobeto ezagutzen.

 

(1) J. Gorrotxategi, I. Igartua & J.A. Lakarra (arg.), Euskararen Historia, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2018, 860 or. Obraren gaztelaniazko bertsioa: J. Gorrochategui, I. Igartua & J.A. Lakarra (eds.), Historia de la Lengua Vasca, Vitoria-Gasteiz: Gobierno Vasco, 2018, 930 pp.