euskaraespañol

Katixa Agirre

Bambirekin negar egitea

Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko irakaslea eta idazlea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/22

Katixa Agirre
Katixa Agirre. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Hedabideek gugan daukaten eraginaz eztabaidatzen ari garela, gustatzen zait ikasleei hurrengo galdera egitea: zerk dauka zugan inpaktu gehiago, Yemeneko gerraren irudiek, benetakoak direla jakinda, edo ume bat hiltzen denean pelikula batean, fikzioa dela kontuan hartuta? Erantzun zuzenena izan ohi da “errealitateak” eragin handiagoa izaten duela haiengan, izan ere, tira, “errealitatea” da, eta bestea, nola esan, “gezur” hutsa. Baina berriz pentsatzea eskatzen badut, berehala konturatzen dira zenbatetan egin duten negar fikzioarekin, Bambiren amaren heriotzarekin edo Jack ur izoztuetan hondoratzearekin ‘Titanic’ pelikularen amaieran, eta zein hotz, zenbateko indiferentziaz erantzun duten hainbatetan informatiboen irudi lazgarrien aurrean.

Izan ere, zer da “errealitatea”, beti kakotx artean idatzi beharreko hitza ez bada, Nabokovek gaztigatu zigun moduan? Eta zer fikzioa, susmatzen dugun baina inoiz ukitzeko gauza ez garen egiara gerturatzen gaituen artefaktua ez bada?

Arinki esaten dugu “pelikularik ez kontatu” edo “ez etorri ipuinekin”, eta ez gara ohartzen noraino mespretxatzen dugun horrela fikzioa. Literatura, zinema… fikzioa orokorrean, espezie moduan daukagun altxor handienaren anplifikatzailea da. Zer altxor? Imajinazioa, irudimena. Imajinazioaren botereari esker etorri da gizateriaren lorpen oro. Horren sinplea da.

Gauzak egiten baditugu, animaliekin konpartitzen ditugun instintuez harago, imajinazioa dugulako da. Beti dago norbait imajinatu egiten duena zer topatu daitekeen harago. Kobazulotik ateraz gero. Mendi hori eskalatuz gero. Itsasoratuz gero. Arazoei beti egin behar izan diegu aurre imajinazioarekin: nola berotu, nola ziurtatu jatekoa, nola sendatu, nola komunikatu. Eta etorkizuneko edozein erronkari ere berdin erantzun beharko diogu: imajinazioarekin. Nola izan sostengarriak, nola zabaldu ongizatea, nola izan zoriontsuagoak, finean.

Sortzaileak imajinatu egiten du, nonbaiten islatu eta komunikatzen du, eta besteok jaso egiten dugu, geure irudimena horrela elikatuz: prozesu iraunkor eta kolektiboa da. Norbaitek ilargirainoko bidaia imajinatu zuen. 104 urte beranduago, beste batzuek gauzatu egin zuten amets hori.

Yuval Noah Hararik dio espezie moduan dugun abantaila behinena kooperazio sare erraldoietan lan egiteko gure gaitasuna dela. Beste espezieek zuzenean ezagutzen duten indibiduoekin baino ez dute kolaboratuko. Guk, ordea, herrialde oso batekin eta are gehiago gizateria guztiarengan pentsatuz jokatu dezakegu. Zergatik? Fikzioak konpartitzen ditugulako (izan erlijioa, izan dirua edo nazionalismoa, ipuinak guztiak ere) lan egin dezakegu elkarrekin, inoiz ezagutuko ez dugun jendea kontuan hartuta. Eta sare horiek geldiezinak dira.

Ez gutxietsi, beraz, fikzioaren boterea, Bambiren amaren heriotzak gugan sorrarazten duena. Ez gutxietsi milioika pertsona hunkitzen duen telesaila. XIX mendetik belarrian xuxurlatzen gaituen eleberria.

Literaturak, arteak, kulturak orokorrean hegoak ematen dizkio imajinazioari, sustatu, xaxatu eta kutsatu egiten du imajinazioaren boterea.

Baina imajinazioa bi ahoko arma da. Pentsa bestela zenbatetan erakutsi diguten beren aurpegi iluna ipuin boteretsu horiek: erlijioak, diruak, nazionalismoak. Azken finean, norbaitek judurik gabeko Europa imajinatu zuen eta horrela sortu zen Irtenbide Finala delakoa, azken mendeko horroretako bat baino ez aipatzearren. Imajinazioa behar da gero hegazkinak bahitu eta bi dorre bikien aurka modu sinkronizatuan botatzeko plana osatzeko. Horregatik arteak, kulturak, literaturak beste gauza bat ere eman beharko ligukete. Gizateriaren beste altxor handia: enpatia. Fikzioen bitartez ez dugu bakarrik gure imajinazioa elikatzen, beste mundu, ikuspegi eta pertsonekin –askotan gure zirkulutik oso urrun daudenak – konektatzea lortzen dugu. XIX mendeko Frantziako probintzietako emakume burges txiki batekin egin dezakegu negar, edo Garibaldiren garaiko Siziliako aristokrata dekadente baten pausoak interes biziz jarraitu.

Fikzioak existitzen ez diren pertsonaiekin konektatzen gaitu. Ez dira existitzen baina benetako pertsonak irudikatzen dituzte, eta beren azaletan jartzen gara, alegia, enpatia aktibatzen digute. Fikzioaren bitartez ezagutzen ez genituen munduetara irekitzen gara, ikuspegi desberdinak probatzen ditugu, ulertzen ez genituen egoera eta zirkunstantzietara gerturatzen gara. Eta hurrengo hausnarketa sortzen da gugan: zenbat pertsona, mundu, ikuspegi, egoera, zirkunstantzia geratzen zaizkigu ezagutzeke. Zer egin dezakegu horiek ezagutzeko.

Gure imajinazioa kitzikatuz, gure enpatia piztuz, hobeago egiten gaitu fikzioak.

Dekorazio, osagarri edo luxu moduan ulertzen den kulturaren kontra nago. Ipuin asko kontatu, pelikula asko ikusi, eszenatoki baten gainean edo aurrean disfrutatu, musikarekin hunkitu, asko sortu eta sortzera asko animatzen duen gizarte bat nahiko nuke nik. Finean, imajinazioa mimatu eta etengabe elikatzen duen gizarte bat. Idazten dudanean, irakurtzen dudanean, telesailen inguruan ikertzen dudanean edo ikasleekin ‘Titanic’ pelikulari buruz aritzen naizenean, neure txikitik, horretan ere ari naizela pentsatu nahi dut.