euskaraespañol

Marta Macho

Elisabeth Eidenbenz, Elneko amaetxean 600 haurri bizia salbatu zien irakaslea

Matematikako irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/22

Irudia
Elisabeth Eidenbenz

Artikulu honen jatorrizko bertsioa The Conversation webgunean dago.

“Imajina dezagun itsasontzi bat hondoratzen ari dela, eta bertan doazenak biziraupenaren irizpideen arabera heziak izan direla. Horiek bi eskuekin helduko diote oholari, hondorapenaren erdian, eta ez diote inori lagunduko, beren buruari ez bada. Halakoek, ez dute lortuko. Aitzitik, ontzian zihoazenak elkartasunaren balioaz hezitakoak badira, esku bakarrarekin helduko diote oholari eta bestearekin pertsona gehiagori lagunduko diote salbatzen”, Elisabeth Eidenbenz.

Suitzan jaio zen Elisabeth Eidenbenz (1913-2011), Lehen Mundu Gerra hasi baino urtebete lehenago. Herrialde neutrala zen berea, Bigarren Mundu Gerran izan zen bezalaxe. Gerra hartatik kanpo gera zitekeen Elisabeth, Suitzak ez baitzuen militarki parte hartu guduan. Baina ez zuen hori egin. Elneko Amaetxea sortu zuen, eta han, 1939 eta 1944 bitartean, ia seiehun neska-mutili jaiotzen lagundu zien ama espainiar errefuxiatu errepublikarrenak edota nazien inbasiotik ihesi zihoazen emakume judu edo ijitoenak.

Laguntzeko grina zuen maistra

Elisabeth Eidenbenz irakaslea zen. Suitzako eta Danimarkako helduentzako hainbat ikastetxe eta eskolatan irakatsi zuen, beste era batean lagundu nahi zuela erabaki zuen arte.

1936an Suitzako gizarte-mugimenduetako kidea zen, eta Espainiako Gerra Zibilean Madril, Valentzia eta Kataluniako biztanleei laguntzea erabaki zuten. Valentzian zuen “kuartel nagusitik”, Nazioarteko Zerbitzu Zibilak boluntarioak bidaltzen zituen eta hornidurak banatzen zituen.

Elisabethek lehen osasun-sorospenak ikasi zituen eta, Gerrako Haurren Laguntzarako Elkarteko kide gisa, 1937ko apirilaren 24an heldu zen Madrilera, haurdun zeuden emakumeei, neskatoei eta mutikoei laguntzeko errepublikarren eremuan.

1939ko hastapenetan, erregimen frankistari ihes eginez zihoazenak Frantziako zelaietara alde egin zuten babes bila. Elisabeth, beste boluntario batzuk bezala, “giza uholde” ikusgarri hartako kidea izan zen.

Milaka errefuxiatu iritsi ziren Ekialdeko Pirinioetako eskualde frantsesera. Egoera penagarrian bizi ziren. Haietako asko desnutrizioagatik edo hainbat eta hainbat gaixotasunengatik hil ziren. Batez ere haurrak, % 90etik gorakoa baitzen haurren heriotza-tasa.

Testuinguru hartan, haurdun zeuden emakumeak bereziki egoera zaurgarrian zeuden: erraza zen seme-alabak galtzea, eta maiz hiltzen ziren beraiek ere haurra erditzean edo erditu ondoren. Horregatik erabaki zuen Elizabethek amaetxe bihurtzea Languedoc-Rosellón eskualdeko Elne herritik hurbil zegoen Le Château d’en Bardou jauregitxo abandonatua.

Argelès-sur-Mer kontzentrazio-esparrutik hurbil zegoen, eta irakasle gazteak pentsatu zuen inguru horretan zeuden emakumeei erditzen lagun ziezaiekeela. Gerrako Haurrentzako Laguntza Elkarteak ontzat eman zuen haren proposamena. Dohaintzan eman zizkioten 30.000 liberekin, eta zenbait boluntariorekin batera, Elisabethek, “Isabel andereñoak”, jauregitxoa egokitu zuen, eta bera bakarrik aritu zen osasun-zentro haren kargu.

Elneko amaetxea

1939ko abenduaren 7an jazo zen lehen erditzea: José Molina zuen izena jaioberriak, Eidenbenzen zerrendan gaztelu hartan jaio ziren haurren erregistroan, agertzen denez.

Elisabethek emakume haurdunen bila jarduten zuen Argelèsko eremuan eta, kontzentrazio-esparruko zuzendaritzaren baimenarekin, Elnera eramaten zituen erdi zitezen. Gainerako errefuxiatuak bezala, egoera fisiko tamalgarrian zeuden emakumeak izan ohi ziren. Hondartzaren erdian zegoen zelaian, osasun eta higiene baldintza txukunik gabe, zaila zen erditu eta bizirik irautea.

Hasiera batean, amaetxeak Europako herrialdeetatik, Gerrako Haurren Laguntzarako Elkartetik, Gurutze Gorritik, Frantziako partikularrengandik bai eta Estatu Batuetako kuakeroengandik ere jasotako dohaintzei esker funtzionatu zuen.

Ez zegoen medikurik erditzen laguntzeko, emagin eskarmentudunak aritzen ziren, suitzarrak batik bat. Haurdun zeuden edo erditu berriak ziren emakumeek, gerra beteko munduan bakarrik zeudenek, laguntzen zioten amaetxea mantentzen.

Bigarren Mundu Gerra hasi ondoren, funtsak murriztu egin ziren eta Frantziako eta Europako errefuxiatuak iristen hasi ziren Elnera, batez ere nazien okupaziotik ihesi zihoazen emakume juduak eta ijitoak. Horregatik, amaetxea Gurutze Gorriarekin lotu behar izan zen, eta mugimendu humanitario horren politikari men egin behar izan zion, bereziki neutraltasun-printzipioari dagokionez.

Arau horrek galarazi egiten zion Elneko amaetxeari errefuxiatu politikoak, une hartan, batik bat, juduak zirenak, babestea. Gizatasunik gabeko agindu horren aurrean amore eman nahi ez zutenez, laguntza behar zuten emakume judu askoren identitateak faltsutu egin zituzten. Gestapok gertutik zaintzen zuen amaetxearen kudeaketa, eta behin Eidenbenz atxilotu ere egin zuten galdekatzeko.

1944ko apirileko hondarrean itxi zuen Gestapok Elneko amaetxea. Bertan jaiotako 597 haurretatik azkena, 1944ko apirilaren 30ean, Danielle Louise zen.

60 urte geroago iritsi dira aintzatespenak

Elisabeth Eidenbenzen istorioa eta Elneko amaetxea ia 60 urtez ahaztuta egon dira. 2001ean, Guy Eckstein, amaetxean jaiotako jatorri juduko frantziarrak, eta Nicolas García, errefuxiatu espainiarren biloba eta Elneko alkatea zenak, Elisabeth bilatzea erabaki zuten, merezi zuen omenaldia egiteko.

2002an, nazien jazarpenean biktima juduei eskuzabaltasunez lagundu zieten pertsona ez-juduak goratzen dituen Jendarteko Zuzenak goresmen-zerrendan jarri zuen Eidenbenz Israelgo estatuak.

2006an, Espainiako Gobernuak Gizarte Elkartasunaren Ordena Zibilaren Urrezko Gurutzea eman zion Elisabethi. Urte hartan bertan, Kataluniako Generalitateak Creu de Sant Jordi domina eman zion Eidenbenzi. 2007an Frantziako Estatuak bere sari nagusia, Ordre national de la Légion d’honneur, eman zion.

Elisabeth Eidenbenz 2011ko maiatzaren 23an hil zen Zurichen, 97 urte zituela. Aitormen berantiar horiek guztiak iristen zitzaizkionean, apal, esan ohi zuen: “Ez nintzen ni izan. Ez zen nire meritua izan. Ni katearen begi bat besterik ez nintzen izan”.

*Oharra: Informazioa, gehienbat, Assumpta Montellàren La maternidad de Elna liburutik jasota dago.