euskaraespañol

Xabier Etxaniz

Gazteak eta irakurketaz

Irakasle titularra

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/02

Xabier Etxaniz
Xabier Etxaniz. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Azken urteotan zarata eta iskanbila dezente izan dugu gure artean gazteen irakurketa dela eta. PISA azken txostenek eta berriki atera den PIRLS 2016 txostenak ere emaitza nahiko kaskarrak utzi dizkigute irakurketa gaitasunaren inguruan; eta eztabaida edo kezka hau zaharra bada ere, azken boladan areagotu egin dela dirudi.

Teknologia berriak irakurtzeko moduan izaten ari diren eraginaz lehen estudioak hasi badira ere, oraindik asko dugu sakontzeko eta ikertzeko arlo horretan. Dena den, badirudi orain arteko irakurketa, informazioa jarraian bilatzen zuen irakurketa, alde batera utzi eta gero eta gehiagotan jauzika, testuak erabat irakurri gabe batetik bestera salto eginez, irakurtzen edo bilatzen dela informazioa.

Edozein modutan bai modu batean bai bestean oinarrizko formazioa behar dugu ongi irakurtzeko, testuak interpretatzeko, erdizka, erdi ezkutuan, zeharka aipatzen dena (edo ez dena) irakurtzen jakiteko. Eta formazio hori eskolak eman behar du, Pedro Cerrillo irakasleak dioen bezala eskolari dagokio irakurle kritikoak heztea, literatura irakurleak formatzea.

Irakurketa, jakina, ez da bakarrik literarioa. Baina, batez ere, literatura testuen bidez hasten da irakurle formazioa. Eskoletan, eta eskoletara etorri aurretik, hasten den formazio hori herri kanta eta ipuinetatik abiatuta literaturako idazlan kanonikoetara iristen da. Eta bai, denon ardura da irakurketaren aldeko giroa sortzea, irakurketa aberatserako tresnak ipintzea eta hau baloratzea. Bai, baloratu, gure artean izan ditugulako ikasketarik ez izateaz harro zeudenen kasuak, duela urte batzuk El Pocerok, Francisco Hernando enpresarioak, –kiebrara jo aurretik-, egin zuen bezala.

Azken urteotako datuek erakusten digute irakurketa ez dela gure gizarteko lehentasunetako bat. EAEko Eustateko datuetan (2008 urtekoak dira aurkitu ditudan azkenak) zera agertzen da, populazio erdiak ez duela prentsa irakurtzen. Espainian duela bi urteko datuen arabera, berriz, populazioaren % 40ak ez du libururik irakurtzen (eta bakarrik %24ak lau liburu baino gehiago urtero). Datuok ez dira aurreko urteetakoak baino okerragoak, baina ezta hobeak ere… egonkortzen ari da irakurketa maila hori, baina gizartea aldatzen ari da era bizkorrean. Gazteen –eta ez hain gazteen- komunikatzeko era aldatu da erabat; orain ez dute hitz egiten, elkarri idazten diote. Mezu laburrak, ikonoak, bideo edo argazkiak. Horixe da komunikatzeko modua, eta idazteko eta irakurtzeko era berria. Eta modu hori, idazkera hori, testuetara ere iristen ari da. Honek, jakina, emango luke beste artikulu baterako.

Irakurketa eta eskolara bueltatuz, zein da unibertsitatetik, formazio zentroetatik egin behar dugun ekarpena prozesu honetan? Argi dago gazteak –baita unibertsitateko ikasleak- formazio prozesu batean daudela eta gure lana dela haiei tresnak ematea orainari eta etorkizunari aurre egiteko; kritikoak izan daitezen, kontzeptuak ulertu, hausnartu eta beren jarrera, jokabidea gara dezaten. Eta formazioa beti da lana, esfortzua. Guk irakurketa ahalik eta osoena izaten erakutsi behar diegu; aurretik, baina, etxean egin behar izan da lan. Eta eskoletan. Eta komunikabideetan. Eta gizarte mailan gure instituzioek. Kultura, heziketa, ez delako bakar batzuen kontua.

Etxean txikitatik ipuinak entzun dituena, kanta eta jolasekin aritu dena; geroago eskolan testu ezberdinak, genero ezberdinak, estilo ezberdinak irakurtzen ikasi duena; kalean eta komunikabideetan irakurketaren aldeko jarrera bat ikusten duena; unibertsitatean testu teknikoak ulertzeko gaitasuna duena… pertsona horrek askoz ere errekurtso gehiago izango ditu edozein egoeraren aurrean. Baina, horretarako, jakina. Etxean egin behar da lana; eskoletan ikasleak irakurtzen formatu egin behar dira –beste edozein arlotan egiten den bezala- testu gero eta zailagoak eta aberatsagoak interpretatzen irakatsiz, eta gure instituzioek politika zehatzak diseinatu behar dituzte. Are gehiago, esparru ezberdinetako agintariek onartu eta bultzatuko luketen politika bat behar dugu, epe luzera begira, emaitzak jasotzeko presarik ez duena baina norabide egokian bideratutakoa. Beste modu batean esanda, ez dugu behar –orain Gasteizen egiten ari diren bezala- tranbiaren hurrengo bi kilometroen inguruko eztabaida, tranbiaren ibilbide osoarena baizik; eta hau adostu ondoren, akordio zabal baten ostean, goazen kilometroak egitera… ahal direnak, baina denok dakigularik nora iritsi nahi dugun eta zertan ari garen.

Gazteak irakurketara hurbiltzeko eskaintza zabaldu beharko litzatekeela esaten da; ez dut uste hori arazo bat denik orain. Egun, gai, estilo eta joera askotako obrak aurki daitezke merkatuan. Are gehiago, asko eta onak direla esango nuke.

Irakurketa kirola egitea bezalakoa litzateke, irakaskuntzan gaudenok kezkatu egin behar gara gure ikasleek igeri egiten ikas dezaten, kapazak izan daitezen igerilekuan metroak eta metroak egiten arnasa ondo hartuta eta gehiegi nekatu gabe. Gero, igerilari on horrek, igeri egiteari utziko balio ere kapaza izango litzateke aurrerago arazorik gabe igerilekura itzuli eta kilometro bat egiteko… plazerez. Etxeko sofan liburu bat esku artean duela egongo litzatekeen bezala.

Gure hurrengo belaunaldiak hobeak izan daitezen irakurle kritikoak izaten erakutsi behar diegu. Denon arteko konpromiso bat behar dugu, zentzu horretan, administrazioak, irakaskuntza mundua, familia, komunikabideak, gizarte zerbitzuak… denon artean lan egin behar dugu edo bestela jai dugu, zama hau handiegia eta garrantzitsuegia delako bakarrik eskolaren esku uzteko.