euskaraespañol

BCAM-ek 'Severo Ochoa' bikaintasun-akreditazioaren saria jaso du

Matematika aplikatuen arloan aitorpena lortzen duen lehenengo zentroa da, baita Euskadin saria lortzen duen lehena ere

Lehenengo argitaratze data: 2014/07/15

Irudia

Luis Vega González katedradunak, BCAM-eko - Basque Center for Applied Mathematics- zuzendari zientifikoak jaso du Severo Ochoa programaren 2013ko deialdiari dagokion saria. Sari honek BCAM bere arloan munduko onenen artean dagoen bost espainiar zentroetako bat dela adierazten du. Estatuko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzan Estatu Idazkaria den Carmen Vela Andereak zuzendu du ekitaldia, eta bertara bildu dira Itziar Alkorta Idiakez Anderea, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariak.

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak Innobasque eta Ikerbasquek sustatu zuten BCAM. 2008an hasi zen lanean eta Bilbon du egoitza.  Matematika aplikatuen arloan Severo Ochoa saria lortzen duen lehenengo zentroa da, eta baita Euskadin saria lortzen duen lehenengoa. Akreditazioak zentroaren indartzea bultzatuko du, BERC Programaren bidez - Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak sustatuta- jasotzen duen laguntzarekin batera, hurrengo hilabeteetan doktorego ikasleak eta ikerlariak kontratatzeko aukera izanik. Lanpostu hauek betetzeko nazioarteko deialdi bat ireki da eta 300 hautagaitza inguru jaso dira. Zentroaren Plan Estrategikoan ikerlari "senior"-ak kontratatzeko asmoa ere badago, Ikerbasque Research Professor bezalako programen bidez.

BCAM-en Ikerkuntza Programaren balio estrategiko nagusiena inguratzen gaituen munduaren konplexutasuna aztertu, ulertu eta, ahal den neurrian, murrizteko tresnak hornitzean datza. Tresna horien artean, aparteko garrantzia dute modelizazio- eta simulazio-teknika aurreratuek, zeinek aukera ematen baitute hainbat eremutako gaur egungo problemak ebazteko, hala nola industria-arlokoak, energetikoak, materialekin lotutakoak, osasunarenak, sozialak, ekologikoak eta finantza-arlokoak). BCAMen helburua da, gainera, matematika aplikatuetako ikerketa bikaina beste eragile batzuetara zabaltzea (eragile zientifikoak, teknologikoak eta enpresarialak), XXI. mendeko gizartearen erronkei modu jasangarrian erantzuteko asmoz

"Severo Ochoa Bikaintasun Zentroen" babesa eta ziurtagiria Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Estatu Idazkaritzaren azpiprograma bat da, eta haren helburua da Espainian egiten  den ikerketa bikaina, zientzia-esparru guztietakoa, sendotzea. Ziurtagiri horri esker, zentroek urtean milioi bat euro jasoko dute programak irauten duen lau urteetan.

Saria Luis Vega Gonzálezek jaso du. 1995etik Euskal Herriko Unibertsitateko Matematika katedraduna da eta 2013ko maiatzetik Basque Center for Applied Mathematics - BCAMeko zuzendari zientifikoa. Bere ekarpen esanguratsuenak Matematikaren arloan aintzatetsiak izan dira Eusko Jaularitzako Euskadi Ikerkuntza 2012 Sariarekin  eta American Mathematical Society Visiting Fellow-arekin. 2004ko "Highly Cited Scientist" izan da ISI-Thomsonek adierazita eta Zientzia Zehatzen, Fisiken eta Naturalen Errege Akademiaren kidea izanik. Vega irakasleak Fourier Analisiaren eta Deribatu partzialetako ekuazioen interakzioan ikerketa egiten du. Bere lanak nazioarteko ohiartzun handia izan du, espainiar matematikari zabalkunde garrantzitsua emanez.