euskaraespañol

Ikasturte berria, erronka berriak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/09/12

Irudia
Kurtso hasieraren ekitaldiaren une bat. Argazkiak: Nuria González. UPV/EHU.

Erakundeetatik eta akademiatik etorritako ordezkaritza zabala, hala nola gizarte eta legebiltzarreko partidu guztietako kideak bertaratu ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultateko Areto Nagusira, UPV/EHUren irekiera ekitaldian parte hartzeko.

Unibertsitateko idazkari nagusi Pedro Iriondok 2018-2019 ikasturteko memoria aurkezteko egin zuen mintzaldiaren ondoren, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko Haur Literaturako irakasle Xabier Etxanizek ikasturte hasierako hitzaldia egin zuen, ‘Herri ipuinak gaurko gizartean’ izenburukoa. Etxanizek azpimarratu zuen ipuinen balorea gaur egun, eta irakurketa kritikoa egin behar zaiela, gizarte bidezkoagoa sortzen laguntzeko, desoreka, aurreiritzi, diskriminazio eta gehiegikeriarik gabekoa. “Herri ipuinen edo istorio horiek birsortuz egiten diren bertsioen bidez edota hipertestu ezagunetatik abiatuz istorio berriak sortuz, gure umeak irakurtzera bultzatu ez ezik, literaturan hezi, irakurle gero eta trebeagoak, irakurtzen dutena ulertzen eta interpretatzen gai direnak, prestatu behar ditugu”.

Nekane Balluerka errektorearen eta Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiak etorri ziren gero. Proiektuak garatzean eta erakundeak hastean izan beharreko jarrera etikoaren aldeko apustu sendoa izan zen errektoreak botatako mezu nabarmenetako bat. “Ezin da produktibitaterik egon balorerik gabe”, adierazi zuen, “edo, beste modu batean esanda, produktibitate ekonomikorik hoberenak balore etikoak txertatzen ditu, horiek gabe, epe ertainera porrot egiten baitu produktibo izan nahi duen edozein proiektuk”. Etika eta produktibitatearen arteko aliantzaren defentsa da Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarrizko osagaietako bat, unibertsitate publiko eta gizarte baloreez arduratua izanik.