euskaraespañol

Arabako Campuseko unibertsitate lehiaketak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/28

Irudia

Ipuin laburren unibertsitate lehiaketarako eta Iritzi artikuluen unibertsitate lehiaketarako idazlanak aurkezteko epea ireki da. Arabako Campuseko Errektoreordetzak antolatu ditu lehiaketak, kultura jardueraren garapena unibertsitatean bultzatzeko eta akademiaz kanpoko jarduera aberasten laguntzeko.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzak Ipuin laburren Unibertsitate Lehiaketako edizio berri bat antolatu du. Xedea da aurkeztutako idazlan guztien artean beren kalitateagatik nabarmendu diren literatura lanak saritzea, Campuseko kultura jardueraren garapena sustatzea eta akademiaz kanpoko jarduera aberasten laguntzea.

Lehiaketan hala nahi duen edozeinek parte hartu ahal izango du, aurreko hiru edizioetan saritutako egileek ezik. Lehiaketa amaitu ostean, ez da inolako postatrukerik egongo parte hartu duten pertsonekin eta ez dira bidalitako idazlan orijinalak itzuliko. Lehiaketa honetan parte hartzeak baldintza hauek onartzea dakar.

Idazlanak orijinalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta beste lehiaketa edo txapelketetan saritu gabeak ere. Bi modalitate egongo dira, euskarazko ipuinak eta gaztelerazko ipuinak, eta idazlan guztiak 1.000 hitz luze izan beharko dira, gehienez. Idazlanak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 5ean itxiko da.

Lehiaketak bi sari izango ditu, gaztelerazko ipuinentzako bata eta euskarazko ipuinentzako bestea. Sari bakoitzak 800 euroko zuzkidura ekonomikoa izango du. Zenbateko horri indarreko legedian ezarritako atxikipen fiskalak aplikatuko zaizkio. Epaimahaiak erabakita, saria eman gabe gera daiteke.

Epaimahaiaren erabakia 2019ko maiatzaren 20an emango da aditzera eta iragarki tauletan eta UPV/EHUko webgunean argitaratuko da. Horrez gain, hedabideen bitartez iragarriko da ere. UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak xede horrekin antolatuko duen ekitaldi batean emango da saria.

Informazio gehiago, UPV/EHUko webgunean.

 

Iritzi artikuluak

Aurrekoaz gain, UPV/EHUk eta El Correok Iritzi Artikuluen XVI. Unibertsitate Lehiaketa antolatu dute. Lehiaketan hala nahi duen edozein UPV/EHUko ikaslek parte hartu ahal izango du. Aurreko bi edizioetan saritutako pertsonek, halere, ezin izango dute parte hartu.

Ikasle bakoitzak gai libreko iritzi artikulu bakarra aurkeztu ahal izango du. Artikulua euskaraz edo gazteleraz egongo da idatzia. Artikuluak orijinalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta beste lehiaketa edo txapelketetan saritu gabeak ere. Idazlanak aurkezteko epea 2019ko apirilaren 5ean itxiko da.

Lehiaketaren sariak 800 euroko zuzkidura izango du artikulurik onenaren egilearentzat. Zenbateko horri, indarreko legedian ezarritako atxikipen fiskalak aplikatuko zaizkio. Bestetik, epaimahaiak zuzkidura ekonomikorik gabeko bi accesit emateko aukera izango du. Sari ekonomikoaz gain, saritutako idazlana El Correoko (Araba edizioa) Iritzia atalean argitaratuko da. Accesita lortzen duten artikuluak ere argitaratu egingo dira.

Epaimahaiaren erabakia 2019ko maiatzaren 20an emango da aditzera eta iragarki tauletan eta UPV/EHUko webgunean eta El Correon argitaratuko da.

UPV/EHUko Arabako Campuseko Errektoreordetzak eta El Correok xede horrekin antolatuko duen ekitaldi batean emango da saria. Bere data dagokionean jakinaraziko da.

Informazio gehiago, UPV/EHUko webgunean.