Elena Lazkano Ortega eta Txelo Ruiz Vázquez

Chabot-etik haratago: robot sozialen erronkak

RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko kideak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/04/15

Txelo Ruiz eta Elena Lazkano
Txelo Ruiz eta Elena Lazkano. Argazkia: UPV/EHU.

Herenegun, seme-alabak izerditan atera ziren eskolatik, neguko arropa eta tenperatura altua zirela kausa. Atzo, berriz, hotza pasatu zutela esan zizuten, arropa arinagoa jantzi eta tenperaturak jaitsi zirelako. Udaberria ate joka dagoen garai honetan, ez dago asmatzerik jantzi beharreko arroparekin! Goiz-goiz esnatzen zaretenean, artean ilun dagoelarik, lanera eta eskolara joateko, jantzi aurretik jakin nahiko zenukete nolako eguraldia izango den egunean zehar, arroparekin asmatzeko. Horregatik, pentsatu duzu telebistan iragarri eta modan jartzen ari diren bozgorailu adimendun horietako bat oso lagungarria izan daitekeela, iratzargailuak jo bezain laster eguraldiari buruz galdetzeko: “Buenos días, Exa. ¿Qué tiempo hace hoy? ¿Temperatura alta o baja? ¿Qué ropa me recomiendas: de abrigo o más ligera?”. Gero eta etxe gehiagotan sartzen ari dira horrelako trepeta elektroniko adimendunak: adimen artifizialean oinarriturik, gai dira erabiltzaileak egindako galderei erantzuteko, interneten dauden datu base anitzetan bilatuz erantzun egokiak.

Behin arropa egokia aukeratuta, morroi birtualak emandako informazioari esker, autoan sartu zarete haurrak eskolara eramateko eta gero lanera joateko. Haurrak eskolan utzi ondoren, lantokira iritsi bitarteko tarte hori aprobetxatu nahi izan duzu telefono dei pare bat egiteko, autoa gidatzen duzun bitartean: “Oye, Sii. Llama a Miri por el altavoz. Gracias”. Eta Siik zure telefonoaren datu basean Miriren telefono zenbakia bilatu eta telefono deia bideratu du.

Horrelako laguntzaile birtual adimendunak gero eta ohikoagoak dira trepeta elektroniko askotan, eta erraz ohitzen gara eskaintzen dizkiguten baliabideak erabiltzera, gure eginkizun batzuk errazten dizkigutelakoan.

Testu edo ahots bidez elkarrizketa bat jarraitzeko gai diren programa informatikoak dira chatbotak: erabiltzaileak egindako galdera edo eskaerei erantzun automatizatuak emateko gai dira, adimen artifizialaren teknikak eta metodoak erabiliz. Izenari erreparatuz gero, chatbot… chatbot… bot bukaera hori... robotak al dira? Ez guretzat!

Nolabait esatearren, gorpuzkera fisikoa duten eta helburu zehatzak betetzeko ingurune erreal dinamikoarekin elkarreragiten duten gailu autonomoak dira robotak, adimen artifizialetik eratorritako teknikei esker adimen mailaren bat erakusten dutenak.

Adimena, autonomia..., hitz potolo asko robota zer den eta zer ez esateko.

Azken boladan, gure etxeetaraino iritsi dira horrelako robot mota batzuk, garbiketa lanak egitera: modu autonomoan aritzen diren xurgagailu robotikoak. Ez dira xakean aritzen baina ezin uka adimen zerbait erakusten dutela! Robotak dira, bai, baina sozialak?

Robot sozialak aipatzerakoan, oso aplikazio interesgarriak izan ditzaketen beste robot mota bati buruz ari gara, gure bizimoduak errazteko, egunerokotasunean guri laguntzeko eta gure bizi-kalitatea hobetzeko etorriko diren horiei buruz: pertsona ezinduen eta adinekoen laguntzan, aisialdian, irakaskuntzan, etxeko morroi gisan...

Aplikazio horietarako abilezia sozialak garatu behar dira, pertsonekin modu seguruan elkarreragiteko, robotak pertsonen erara portatzera eramango dituzten portaerak. Hortaz, robot sozialek hainbat ezaugarri izan beharko dituzte: pertsonekin modu naturalean komunikatzeko gaitasuna, autonomia, ikasteko eta egokitzeko gaitasuna...

Ez hori bakarrik, robot sozialak gai izan beharko lirateke gure emozioak identifikatu eta modu adimentsuan erantzuteko, baita emozio egoerak adierazteko ere.

Teknologiarekin, dependentzia hutsetik haratago doan afektibitatea garatzen dugu, maila desberdinetan. Eta afektibitate hori bi noranzkokoa izatea oso aberasgarria izango litzateke. Konputazio afektiboa arras garrantzitsua bilakatzen ari da robot sozialak garatzeko bidean.

Soziabilitate horren bidean, komunikazioa ezinbestekoa da.  Chatbot-ak lengoaia naturalaren bidez ahoz komunikatzeko gailuak dira.

Baina ahozko komunikazioa ez da gure komunikaziorako bide bakarra: aurpegiko muskuluen bitartez egiten ditugun keinuek, adibidez, ekarpen handia egiten dute emozio eta egoera desberdinak adierazteko. Hau da, gorputz bidezko adierazpena funtsezkoa dugu komunikazio prozesuan; gorputzaren bidez ere komunikatzen gara: buruaren eta besaburuen makurrera, energia, mugimenduen abiadura, imintzioak... gure komunikazioan erabakigarriak dira. Eta horrela beharko luke robotetan ere, elkarrekintza asegarria lortuko bada. Beraz, robot sozialak robot afektiboak, sinpatikoak eta enpatikoak izan beharko dira, gure artean arrakasta lortzeko. Urrun chatbotetatik, nahiz eta chatbotak robot sozialetan txertatuta egongo diren, bai edo bai!