Zientzialariek barnealdeetan argi ultramorea erabiltzearen alde egiten dute SARS-CoV-2aren transmisioa gutxitzeko

Irtenbide hori languneen eskala handiko desinfekzioan aplika liteke, hala nola bulegoetan, ikastetxeetan, osasun zentroetan eta garraio publikoetan

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/30

SARS-CoV-2aren agerraldia erronka ikaragarria da, eta globalki azkar ekitea eskatzen du, neurri egokiak eta berehalakoak ezartzeko, barnealdeetan haren transmisioa zorrozki gutxitze aldera.

Zenbait azterlanek frogatu dute birusaren transmisioak bi bide nagusiri jarraitzen diela. Lehenik, airearen bidez transmiti daiteke, pertsona kutsatuek bota eta pertsona osasuntsuek hartutako tantatxo edo zipriztinetan. Bigarrenik, gainazaletan egon daiteke, arnastean edo ukitzean utzita, eta horietatik aho, sudur eta begietara eraman daiteke eskuen bitartez.  Zenbait neurri aztertzen ari dira gaixotasunaren transmisioa eragozteko. Ohikoenak maskarak edo bestelako babes fisikoak erabiltzea da. Egoki erabiliz gero, frogatuta dago oso-oso eraginkorrak direla, baina eraginkortasuna herritarren erantzukizun zibikoaren mende dago.

Zenbait azterlanek iradokitzen dute birusaren transmisio tasa askoz handiagoa dela barnealdeetan kanpoaldean baino. Iragazki eta produktu kimikoak erabiltzea defendatu dute arazo hori ahalik eta gehien gutxitzeko irtenbide gisa. Hala ere, aireztapen sistemen bitartez partikula eta tanta kutsatuen kontzentrazioa murrizteko duten eraginkortasuna gorabehera, horrelakoak ezartzea garestia eta motela gerta daiteke. Gainera, badira produktu kimiko batzuk –ozonoa, adibidez– birusa desinfektatzeko oso eraginkorrak direnak, baina, gaizki erabiliz gero, kaltegarriak ere bai gizakientzat.

ACS Nano aldizkarian berriki argitaratutako azterlan batean, barnealdeetan SARS-CoV-2aren hedapena prebenitzeko egon litezkeen metodoak aztertu ditu Javier García de Abajo Zientzia Fotonikoen Institutuko irakasleak, honako beste irakasle hauekin elkarlanean: Andreas Meyerhans (Pompeu Fabra Unibertsitatea) eta Joan Rosell-Llompart (Rovira i Virgili Unibertsitatea), Rufino Javier Hernández (Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea), Ido Kaminer (Technion) eta Tilman Sanchez-Elsner (Southamptongo Unibertsitatea). Birologiako, immunologiako, aerosolen, arkitekturako eta fisikako aditu dira irakasle horiek. Egin duten azterketaren ondoren, uste dute neurri bereziki eraginkorra, ezartzen erraza eta ekonomikoki egingarria izan daitekeela honako hau: birusa argi ultramore bidez inaktibatzea.

Azterlanak gaur egun dauden UV-C argi ultramore iturriei buruzko informazioa ematen du (lanpara fluoreszenteak, mikrokabitate plasmak eta LEDak). Era horretako argia irradiatzen badugu eraikinetako aireztapen sistemen barruan eta barneko eremu partekatuetan –erabiltzen ari ez direnean– azkar eta eraginkortasunez desaktiba ditzakegu airean barreiatuta eta gainazaletan dauden SARS-CoV-2 birusak.

Teknologia hori garatu eta ezartzeko kostuak eta inbertsioak ere aztertu dituzte. Haien iritziz, munduan mila milioi dolar gutxi batzuk inbertitzea UV-C iturrietan aski izan liteke mundu osoko barnealdeetan mila miloi pertsona inguru babesteko.

Oharra: Desinfektatzeko UV-C erradiazio ekipamenduak merkaturatzen dituzte estatuko eta nazioarteko zenbait enpresak. Enpresa horietako bakar bat ere ez da azterketaren egileen babesle.