euskaraespañol

Erakusketa: ‘Supazterreko istorioak’

Noiz eta non

Noiztik: 2018/05/21 Noiz arte: 2018/06/12, 09:00 - 20:30

Kokapena

Txillardegi aretoa - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia

Deskribapena

Clara Probanza Arrizabalagak (Urretxu, 1959) 2008an ekin zion bere ametsen materia zizelkatzeari, bizitza erro-errotik aldarazi zion gaixotasun larri bat sufritu ondoren, denbora gehiena sofa batean etzanda eman behar izan zuen garaian. Orduantxe hasi zen, ahizpa duen Concetta Probanza ilustratzailearekin batera, koloretako eta kotoizko izaki miragarriz jositako mundu txiki bat eraikitzen. Geroago, izaki horien itzal luzeak bultzaturik-edo, fantasiazko mundu kolorista hura paperera eramaten hasi zen, horrek oinazea baretzen eta bere gorputzaren bazter txiki batean konfinatzen lagunduko ziolakoan.

Clara Probanzaren marrazkietan munduaren potentzia osoa islatzen da, bizitzaren posibilitate infinituak: beso bakarreko pertsonaiak, mila begiko buruak, txori-hankak dituzten gizakumeak… Izaki dibertigarri eta abismalak denak ere, supazterretik bizi-lezio paregabeak ematen dizkigutenak.

‘Supazterreko istorioak’ erakusketak 30 margolan biltzen ditu, denak errotuladorez eginak paper edota egurraren gainean.

Erakusketa ehukultura Gipuzkoa programaren baitan antolatu da eta ikusle guztientzako egongo da irekia, UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian, maiatzaren 21etik ekainaren 12a arte. Ordutegia goizeko 8etatik arratsaldeko 8ak arte izango da, astelehenetik ostiralera, eta larunbatean 9:00-14:00.

Sarrera librea da.