euskaraespañol

Eraberean Sareak eta Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak lankidetzan jardungo dute diskriminazioaren eta bazterketaren aurkako borrokan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/14

Irudia
Beatriz Artolazabal eta Maggy Barrère hitzarmena sinatzen. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Eusko Jaurlaritzak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez sustatzen duen Eraberean Sareak –bertan daude immigrazioaren eremuan eta ijitoen eta LGTBI kolektiboaren sustapenean modu esanguratsuan lanean ari diren zenbait gizarte-erakunde– eta Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute eta, horren bidez, ezagutzak eta esperientziak trukatu ahalko dituzte eta baterako estrategiak eta interesak garatu.

Akordio horren bidez, harremana formalizatzen da bi erakundeen artean; biek partekatzen dituzte gizarte-diskriminazioaren eta -bazterketaren aurkako borrokan baterako interesak, aniztasunaren eta tolerantziaren sustapena eta gizarte-justizia lortzea. Ekimen horren bidez, baterako lan-dinamikak garatu ahalko dira; izan ere, ezagutza teoriko eta praktikoen elkarrekiko fluxuak aukera emango du helburuak lortzeko baterako ikuspegi partekatuaren bidez.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu du “tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza gizarte moderno orok bete beharreko helburu direla. Akordio honen bidez, urratsak eman ahalko ditugu norabide horretan”.

Bestalde, Maggy Barrère Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoko zuzendariak zera esan du: “hitzarmen honen bidez, urrats oso garrantzitsua emango da unibertsitatea gizarteari zabaltzeko, eta politika publikoak zuzentzen dituenaren, unibertsitatearen eta elkarte-egituraren arteko lankidetza-espirituaren balioa nabarmenduko da, gizarte-diskriminazioko eta bidegabekeriako arazoei eraginkortasunez heltzeko bide bakar gisa”.

Eraberean Sareak Euskadiko politika publikoetan eta sozietate zibilean tratu-berdintasuneko eta bazterketarik ezeko printzipioa sustatzen du eta, horretarako, erakunde- eta gizarte-mailan diskurtso eta praktika inklusiboak sustatzea eta hura eraginkor izateko eragile eta baliabideak aktibatzen ditu.

Hori horrela, honako hauek ditu helburu: tratu-berdintasuneko eta bazterketarik ezeko politika bereziak sustatu eta orientatzea; tratu-berdintasuneko eta bazterketarik ezeko printzipioa politika sektorialetan integratzea; eta, azkenik, pertsonen zerbitzura jartzea informazioko, aholkularitzako eta orientazioko mekanismo eta tresnak, diskriminazio-tratu baten aurrean beren eskubideak balia ditzaten.

UPV/EHUren Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoa Zuzenbidearen eta ikasketa kriminologikoen ikaskuntza-espazio eta, aldi berean, sistema pedagogikoaren eraldaketa-espazio gisa eratuta dago, bai eta diskriminazioaren aurkako estrategia juridikoen gainean hausnartzeko eta horiek identifikatzeko laborategi gisa ere; estrategia horien bidez, gizarte bidezkoagoa izateko duen eginkizun garrantzitsuaz jabetuko dira.

Gizarte-diskriminazioaren eta -bazterketaren aurkako borroka eta aniztasunaren eta tolerantziaren sustapena ditu funtsezko oinarri.

Honako hauek ditu helburu, besteak beste: Zuzenbide Fakultateko ikasleak botere-sistema isolatuek (sexua-generoa, klasea, arraza/etnia, desgaitasuna, nazionalitatea, sexu-orientazioa eta -identitatea etab.) edo horien elkarguneek eragindako injustizia-egoera larriak bizi dituzten pertsona eta taldeen kasuekin harremanetan jartzea; kasuak aztertzeko eta juridikoki bideratzeko tresnak sortzea (zuzenbideen ingeniaritza eta proposamen kriminologikoak) eta, horretarako, ikasketetan ikasitakoak eta gizarte-aktibismoan inplikatuta dauden elkarte eta erakundeen esperientzia lotzea; irakaskuntza juridiko eta kriminologikoetan erreformak planteatzea eta, horien bidez, zeharka, botere-sistemei buruzko hausnarketa egin ahal izatea; botere publikoek gizarte-justiziako politiketan egiten duten lanean laguntzea eta, horretarako, esku hartzeko edo hobetzeko arlo posibleak iradokitzea.