euskaraespañol

Iñaki Milton Laskibar, Alfredo Fernández-Quintela, Maria Puy Portillo

Elikadura txarrarekin, kalteberagoak gara COVID-19aren aurrean

Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/28

Irudia
Iñaki Milton Laskibar, María Puy Portillo eta Alfredo Fernández-Quintela. Argazkia: UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

COVID-19az kutsatu direnen kopurua gora eta gora egiten ari den honetan, eta atzera konfinamendura itzultzeko beldurra gero eta handiagoa dela, itxuraz, txerto eraginkorra garatzea da konponbide bakarra. Txertoarekin, jakina, pandemiari aurre egin ahalko genioke, baina COVID-19a duten pazienteei gaur arte egindako azterketen arabera, nutrizio egoerak ere berebiziko garrantzia du gaixotasunaren sorreran eta bilakaeran.

Esaterako, desnutrizioa (kalorikoa edo proteikoa) COVID-19aren arrisku-faktoreetako bat da, eta hainbat mailatan eragiten du. Batetik, desnutrizioa duten pazienteen sistema immuneak ez du egoki funtzionatzen, eta gaixotzeko aukera handiagoa dago. Bestetik, desnutrizioak gaixotasun koadro larriagoak eragin ditzakeela ikusi da, eta pazienteak nekezago oneratzen direla.

Izan ere, ospitaleratze luzeetan, pazienteak mugikortasuna murriztuta duelako edo arnasketa lagundua behar duelako (esaterako, COVID-19a duten pazienteak), muskulu masa galtzen da, eta horrek desnutrizioa larriagotu dezake. Ezin gara ahaztu, gainera, pertsona adintsuetan ohikoagoa izaten dela desnutrizioa, eta kolektibo horrek besteek baino gehiago nozitu dituela pandemiaren ondorioak.

Horrenbestez, gero eta aditu gehiagok adierazi du nutrizio protokolo espezifikoak behar dituztela COVID-19arekin ospitaleratuta dauden pazienteek. Frogen arabera, pazientearen egoera nutrizionala garaiz baloratuz gero, plan pertsonalizatu bat diseinatu ahalko litzateke paziente horren energia eta mantenugai beharrak asetzen laguntzeko. Ondorioz, COVID-19aren pazientearen egoera orokorra hobea izango litzateke (larritasun gutxiagoko koadro klinikoak), eta ospitaleratze aldia laburragoa.

Ospitaleratu gabeko pertsonen kasuan, dieta orekatu bat izan behar da, energia eta mantenugai kantitate egokia bermatzeko, eta bizimodu aktibo eta osasungarria. Hori da modurik onena desnutrizioa eta horri loturiko azaroak ekiditeko.

Kontra egin ezin zaion estrategia bat da, nahitaez kontuan hartu behar litzatekeena: kolektibo jakin batzuetan, batik bat arrisku kolektiboetan (pertsona adintsuenetan), desnutrizioa ekiditera bideratutako esku hartzeak diseinatu eta ezarri behar dira.

Obesitateak COVID-19a okerragotzen du

Malnutrizioa ez da desnutriziora mugatzen. Izan ere, ikusi da obesitateak eta dieta eredu desegokiek eragin negatiboa izan dezaketela COVID-19an. Azken batean, obesitatearen bereizgarrietako bat da maila apaleko egoera inflamatorio kroniko bat eragiten duela.

Hala, teoria baten arabera, ehun adiposo «aurreinflamatuak» (obesitatea duten pertsonenak, adibidez) infekzioaren aurreko erantzun immunea handitu dezake, eta zitokina proinflamatorioen ekoizpena areagotu, koadro orokorra larriagotuz. Ondorioz, COVID-19aren ondoriozko erantzun inflamatorioa handiagoa da, eta gora egiten du hiltzeko arriskuak.

Gainera, obesitatea gaixotasun ez transmitigarri batzuekin lotuta egoten da (adibidez, 2 motako diabetesarekin, hipertentsio arterialarekin edo gaixotasun kardiobaskularrekin), eta horiek inflamazio sistemiko bat garatzeari mesede egin diezaiokete, infekzioa areago gaiztotuz.

Gantz gehiegitasuna txarra da birikentzat

Dieta eredu desegokietan, animaliatan (karraskarietan) egindako azterketen arabera, frogatu da gantz (gehienbat saturatu) askoko dietekin makrofagoak birika ehunean (zehazki, albeoloetan) infiltratzeari onura egiten zaiola. Horrek berebiziko garrantzia du COVID-19arekin gaixotu diren pazienteetan, epitelio albeolarraren infekzioa nahiko arrunta izaten da eta.

Era berean, karbohidrato findu/sinpleak hartzea plasmako markatzaile proinflamatorioen kontzentrazioa handitzearekin lotu izan da.

Beraz, oraindik COVID-19rako sendabiderik ez dugun arren, dieta orekatua izatea (alderdi energetikoan eta nutrizio alderdian), eta askotarikoa, elikagai fresko eta sasoikoekin, eta bizimodu aktiboa izatea funtsezkoak dira obesitatea eta horri loturiko efektuak garatzea ekiditeko. Hala, etorkizunari begira, nutrizio hezkuntzan (eskolan) eta baliabide gutxien dituzten kolektiboei elikadura mota hori bermatzeko programetan oinarritutako estrategiak hartu beharko lirateke kontuan.

The Conversation