euskaraespañol

Hasi da «Invisible Express» ikasleentzako lehiaketa, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren barnean

Zazpigarren edizio honetan, film laburrak klima aldaketari buruzkoak izan beharko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/04

Irudia

Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak, UPV/EHUren Garapenerako Lankidetza Bulegoarekin elkarlanean, unibertsitateko ikasleei zuzenduta dagoen «Invisible Express» lehiaketaren zazpigarren edizioa deitu du. Edizio honetan, epaimahaiak proposatu du aurkezten diren proiektuak klima aldaketari buruzkoak izatea.

Aurtengoan, 54 taldek eman dute izena; guztira, UPV/EHUko 171 ikaslek. Zinema-proiektuak urriaren 1etik 9ra bitartean gauzatu eta entregatu behar dira.

Film labur irabazleak Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren 11. edizioan emango dira jakitera. Jaialdia urriaren 17tik 24ra egingo da. Sari hauek banatuko dira: Epaimahaiaren Saria, 1.000 eurokoa, eta Ikusleen Saria, 500 eurokoa. Sari bat lortzea ez da eragozpen izango bestea ere eskuratzeko. Ikusleen Sariaren irabazlea hautatzeko, kanal bat sortuko da YouTube-n; proiektu guztiak ikusi eta ekoizpen gogokoenaren aldeko boza eman ahalko da.

Atzo, irailak 30, oinarriak eta film laburren gaia eman zituzten jakitera antolakuntzako ordezkariek, Kultura, Communication y Desarrollo GKEak eta Marta Olazabal Salgado Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko ikertzaileak. Azken hori epaimahaikidea izango da ordezkari zientifiko gisa, eta, besteak beste, Fridays for Future mugimenduko ikasle bat ere epaimahaikide izango da.

«Invisible Express» film laburren lehiaketa, Film Sozialak Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren barnean dago. Jaialdi horretan, askotariko errealitate sozialak bistaratzen dira; genero berdintasunik eza, giza eskubideen urraketa, bidegabekeria soziala, bizi garen gizarte kulturartekoa, elkartasuna, lankidetza edota ingurumenarekiko eta garapen jasangarriko proiektuak dituzten pertsonekiko errespetua. Milioika pertsonari eragiten diote gai horiek guztiek, eta zirkuitu konbentzionalak baztertuta dauzka.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta BBK Fundazioak ere babesten dute lehiaketa.

Informazio gehiago: [ikusi]