euskaraespañol

Automobilgintzaren Ingeniaritzako curriculum praktiken hasiera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/31

Irudia

Datorren astelehenean, azaroak 4, UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Automobilgintzaren Ingeniaritzako hirugarren mailako ikasleen praktikak hasiko dira. Guztira 35 ikasleek egingo dituzte praktikak, EAEko eta Nafarroako hemeretzi enpresatan, tartean, Mercedes-Benz España SAU, Michelín España Portugal SA, Aernnova, Alcorta Forging Group SA, Análisis y Simulación SL, CIE Automotive, Ederlan, Ekide Group, GKN Driveline Zumaia, Industria Auxiliar Alavesa SA, Mubea Inauxa, Maier MTC, Optimues 3D, RPK S. Koop., Rubí grupo Ingeniería de Productos Metálicos IPM, Segula Tecnologías España SAU, Silver Car, Sunsundegui, Vicomtech eta Volkwagen Navarra SA.

Aipatu datatik 2021eko ekainean ikasketak amaitu arte, udako oporraldia kenduta, 1.050 praktika ordutik gora egingo dituzte enpresetan, prestakuntza ibilbide indibidualizatu bat osatzeko enpresako tutorearen eta eskolako irakasleen laguntzaz. Astean hiru egunetan joango dira enpresara; gainerako bietan, eskoletara. Hala, denbora errealean transferitu ahalko dira irakasgaietan eskuratutako ezagutzak enpresan enpresako ekoizpen ingurunera, eta, aldi berean, ikasleek zeharkako konpetentziak eskuratuko dituzte, etorkizuneko lanbide jardunean oso erabilgarriak izango zaizkienak.

Automobilgintzaren Ingeniaritzakoa da UPV/EHUko lehen gradua automobilgintza sektoreko enpresen laguntza eskergarekin egituratu eta ikasleek osorik formatu dualean egingo dutena, Elgoibarreko IMHko Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolari atxikitako zentroak eskainitako graduaren ondoren.