euskaraespañol

DIPCen eta Seuleko Nanozientzia Kuantikoko Zentroaren arteko lankidetza-hitzarmena

Zientzia-elkarlana eta ikerlarien arteko mugikortasuna bultzatuko dira, eta batera mintegiak, biltzarrak eta beste hainbat jarduera antolatuko dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/07

Irudia
Michelle Randall, Pedro Miguel Etxenike, Andreas Heinrich eta Ricardo Díez. Argazkia: DIPC

Donostia International Physics Center-ek (DIPC) eta Center for Quantum Nanoscience-k (QNS), Seuleko Nanozientzia Kuantikoko Zentroak, bi zentroen arteko zientziaren alorreko elkarlan-hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmenaren sinaduran, Pedro Miguel Etxenikek, DIPCen presidenteak, eta Ricardo Díez Muiñok, DIPCen zuzendariak, parte hartu dute Andreas Heinrich-ekin eta Michelle Randall-ekin batera, Hego Koreako zentroaren zientzia zuzendaria eta eragiketa zuzendaria, hurrenez hurren. Bi ikerketa zentroek zenbait ikerketa lerro estrategikotan interes komunak dituzte fisika kuantikoaren eta nanozientziaren elkargunean. 

Hego Korea mundu mailako liderra da mikroelektronikaren arloan eta baita garapenaren adierazgarri argia ere. 2000garren urtetik aurrera I+Gn egindako inbertsioa bikoiztu egin du, 2015ean BEGaren %4,23a inbertituz. Herrialdea aurretik bizi ez den garapena izaten ari da ibilgailu elektrikoen, robotikaren, material berrien eta erdieroaleen esparruetan, besteak beste.

Nanozientzia Kuantikoko Zentroa Hego Koreako Oinarrizko Zientziako 27 Institutuetako bat da. Orain dela gutxi sortutako QNSak sistema solidoetako efektu kuantikoak ikertzen ditu eta hasieratik internazionalizazioaren aldeko apustua egin du, dagoeneko finkatuta dauden DIPC bezalako beste zentro batzuekin harremanak estutuz. QNSren erronka zientifiko disruptiboen artean, sistema kuantiko atomikoak eta molekularrak gainazal lisoetan kontrolatzeko ahaleginak nabarmentzen dira. Horrela, sistema hauen erabilera frogatu nahi da qubits gisa (bit kuantikoak) konputazio kuantikoaren arloan aplikazio nabarmenekin.  

Nanozientziaren arloan 20 urteko eskarmentua duelarik, QNSren zuzendaria, Andreas Heinrich, mundu mailako liderretako bat da atomoen propietate kuantikoak gainazaletan ikertzen. Aitzindarietako bat izan da atomoen banakako argazkiak ateratzeko erabiltzen diren Tunel Efektuko Mikroskopioen hobekuntzan. IBM multinazionalean karrera bat egin ostean, 2017an QNSen zuzendari izendatu zuten. Erakundearen erronka oinarrizko zientziaren arloan munduko liderretako bat izatea da. 

DIPC, bere aldetik, sistema nanometrikoen ezaugarri elektronikoen eta estrukturalen simulazioan eta karakterizazioan ezagutza handia duen ikerketa zentroa da. Jarduera hau Materialen Fisika Zentroko CFM (CSIC - UPV/EHU), Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta CIC nanoGUNEko ikertzaileekin elkarlan estuan gauzatzen da. Gainera, DIPCk teknologia kuantikoekiko apustu garbia egin du, alor honetan ikerketa lerro estrategiko bat garatu baitu.

Pedro Miguel Etxenikek azpimarratu du: “Hitzarmen hau ez da jaiotzen elkarlan erreala baino lehen, baizik eta geroago. Edukiarekin jaiotzen da, izan ere, DIPCn eta QNSn badira elkarlanean ari diren pertsonak eta elkarlana pertsonek sustatzen dute. Erakundeek ikusgaitasuna eta garrantzia gehitzen diote elkarlanari, epe luzean marko egonkorra ezarriz”.

Hain zuzen ere, Nicolas Lorente (DIPC, CFM) eta Deung Jang Choi (DIPC, CFM) fisikariek denbora daramate Seuleko QNSko zientzialarirekin elkarlanean. Zehazki, datorren astean, DJ Choi-k eta Andreas Heinrich-ek bigarren aldiz antolatuko dute DIPCren Spins on Surfaces (SoS II) nazioarteko kongresua Donostian UPV/EHUko udako ikastaroen barruan.

Akordioaren esparruan, elkarlana, ikerlarien arteko mugikortasuna eta batzarren, mintegien eta beste jarduera batzuen antolaketa sustatuko da.