euskaraespañol

Gasteizko udalak eta UPV/EHUk master bat sustatuko dute enpresa 4.0ren arloan

Berezko titulu hau, Araban ezaugarri hauekin irakasten den lehendabizikoa, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen Gasteizko egoitzan irakatsiko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/15

Irudia
Argazkia: UPV/EHU.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekano Jon Barrutiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu  dute, 2018/19 ikasturtean ‘Digital Management & ERP: Gestión de la Empresa 4.0’ masterra izeneko berezko tituluari dagokion prestakuntza programa garatzeko, EHUko organo eskudunak onetsitako ikasketa planari jarraituz.

Euskal Herriko Unibertsitateak erabaki du ‘Digital Management & ERP: Gestión de la Empresa 4.0’ masterra izeneko berezko tituluari dagozkion ikasketak ezartzea Gasteizko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean; hain zuzen  ere, Arabako Lurralde Historikoan ekonomia eta enpresaren alorrean eskaintzen den lehen graduondoko titulua da. Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak 15.000 euro jarriko ditu 2019ko ekitaldian titulu horri dagozkion gastuak finantzatzen laguntzeko.

"Lan-merkatua enpresen eraldaketa digitala kudeatzeko gauza diren profesionalak eskatzen ari da, eredu ekonomiko berrirantz eboluzionatzearren. Eskaera horri erantzuteko, zer hoberik enpresa, erakunde eta akademiako eragileen ahaleginak batzea baino, teknologia berrietan, negozio eredu berrietan eta talentuaren sorkuntzan prestakuntza irtenbideak martxan jarriz. Azken bi urteetan 4.0 eremuko titulazio berriak sortu dira Gasteizen unibertsitatearen, Lanbide Heziketako ikastetxeen eta prestakuntzaren alorreko beste eragile batzuen eskutik. Gaurkoa beste aurrerapauso bat da bide horretan”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Hainbat alorretako titulatu berriei (Enpresa Kudeaketa eta Zuzendaritza, Ekonomia, Marketina, ingeniaritzak, Informatika, Negozio Kudeaketa, Enpresa Zientzietako Diploma...) eta enpresa-kudeaketaren alorreko profesionalei zuzentzen zaie masterra. Modulukako egitura malgua du. Bi espezialista ikastarok osatzen dute, bakoitza 300 ordukoa, zeinak aldi berean edo bi ikasturtetan egin baitaitezke: "Enpresaren kudeaketa digitala” espezializazio ikastaroa, eta “Enpresa kudeaketarako sistemak-ERP” espezializazio ikastaroa. Ikasleak bi modutara egin dezake matrikula: espezializazio ikastaroetako edozeinetan izena eman eta EHUko “Espezializazioa” berezko titulua lortu, edo bi ikastaroak egin, urte berean edo urte ezberdinetan, eta “Master” titulua lortu.

Jon Barrutiaren iritziz, “master horrek aukera ematen du gaitasun profesionalak garatzeko osagarri digitala oinarri duen eremu ekonomiko eta sozial berri batean jarduteko. Berritzailea eta zeharkakoa denez, ibilbide profesional sendo baterako bidea izan daiteke, eta 4.0 enpresarekin lotutako profil profesional ugari betetzen ditu. Hainbat alorretako prestakuntza eskaintzen du, hala nola negozio digitalen modelizazioa, agile metodologiak, marketin digitala (SEO, SEM, datuen analisia), ERP, informazioaren teknologiak... Horretaz gain, enpresetan borondatezko praktikak egiteko programa eskaintzen du, eta lan-poltsa"

Ikasturte honetan hasi da ‘Digital Management & ERP: Gestión de la Empresa 4.0’ masterra ematen, eta prestakuntza proposamen horretan beste eragile batzuek hartu dute parte EHUz gain: SEA-Arabako Enpresariak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak.