euskaraespañol

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Koronabirusa: Irtenbidea ezagutzatik soilik etor daiteke

Fisiologian katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/20

Irudia
Juan Ignacio Pérez Iglesias. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Mendebaldeko egungo populazioak inoiz ezagututako osasun publikoko krisi handiena dugu aurrez aurre uneotan. COVID-19ak eragindako pandemiak milaka pertsonaren osasunaren eta bizitzaren gaineko ondorio zuzenak izango ditu. Eta, gainera, bestelako ondorioak ere izango ditu, agian lausoagoak, baina, aldiz, irismen handiagokoak.

Espainiako gripea bezala ezagututako 1918ko pandemiak ez digu balio egun bizitzen ari garenak ordena sozialean izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko. Hasteko, ziurtasun eza handia da bai 1918ko gripearen, bai egungo pandemiaren eraginaren eta hilkortasunaren gainean.

Denbora igaro beharko da oraindik COVID-19aren gaineko datu fidagarriak izateko. Bestalde, gaur egun orain dela mende bat baino askoz ere ezagutza handiagoa daukagu eta gaixotasunari aurre egiteko baliabideak ere nabarmen ugariagoak dira. Azkenik, kontuan izan behar da herrialde askotan Espainiako gripeak utzitako aztarna soziala oso ezberdina izango zela Lehen Mundu Gerrarekin bat egin izan ez balu.

Gerrateak dagoeneko gure mugetatik urrun ematen diren garaiotan, hondamendi natural handirik gabeko gurea bezalako zona geografiko batean, COVID-19ak gure gizarteen ahulgune bat utzi du agerian. Europar belaunaldi askorentzako lehen aldiz, benetako mehatxu bat gure bizimodua arriskuan jartzen ari da. SARS-CoV-2 birusaren hilgarritasuna kutsatutakoen % 1ekoa baino txikiagoa izanagatik, oso-oso erraz transmititzen da eta milioika pertsona infektatzera irits daiteke (Alemaniako agintariek populazioaren % 70 kutsatuko dela aurreikusi dute).

Eta dagoeneko jakin badakigunez, inolaz ere mespretxagarria ez den infektatuen ehuneko bat larriki gaixotzen da eta zainketa intentsiboak behar izaten ditu. Hori dela eta, osasun sistemak arriskuan daude uneotan eta eskuragarri dauden baliabideak nahikoa ez izatera heltzeak arazo gehigarriak sor ditzake, baita ereduaren gaineko konfiantza krisi sakona ere. Horri guztiari, dagoeneko ematen ari diren eta guztiz suntsitzaileak izan daitezkeen ondorio ekonomikoak gehitu behar zaizkio.

Zaila da ebaluatzea emango denaren pareko trauma soziosanitario batek osasun sistema on bat izateak ematen duen lasaitasunera ohitutako gizarteetan izango dituen ondorioak, baina ez dira soziopolitikoki kaltegabeak izango. Birusaren hedapen azkarra geratu eta osasun publikoaren gaineko ondorioak arintzen asmatzen ez duten herrialdeek, segur aski, ezegonkortasun politikoari aurre egin beharko diote.

Bestalde, epidemiak xenofobia haztegi ezin hobea dira. Herrialde edo zona geografiko ezberdinen artean pertsonen mugimenduak mugatzea gaixotasunaren hedapenari eusteko baliagarria izan daiteke agian, baina herritarrek atzerritarren gainean duten pertzepzioan ere eragiten du. Horrela izan da milurtekoz milurteko eta ez dago arrazoirik orain ezberdina izango dela pentsatzeko.

 

Baikortasunerako datuak

Mehatxu larriak aurrez aurre ditugun aldi berean, hori bai, baikortasunerako datuak ere baditugu. Munduko potentzia zientifikoek birusa eta birusari aurre egiteko modua ezagutzeko egiten ari diren ahaleginak ez du parekorik. Orain artean, herrialde ezberdinetako adituen artean inoiz ez zen hainbeste informazio partekatu.

Ziurrenik inoiz ez da izan egungoaren pareko hedapena eta luzapena izan duen ahalegin kolektiborik. Hori albiste ona da gizateriarentzat, luzera begirako irtenbidea ezagutzatik bakarrik etor baitaiteke.

Orain dela mende bat baino hobeto gaude orduan baino ezagutza handiagoa dugulako. Eta aurrez aurre dugun arazoari konponbidea emateko, are eta gehiago ikasi beharko dugu oraindik. Etorkizunean, gainera, beste pandemia batzuk ditugu zain, agian birus berriek edo superbakterioek eragindakoak. Erronka gehiago ditugu zain, osasun arlokoak eta bestelakoak ere bai. Zientzia eta teknologia ez dira aski izango erronkoi aurre egiteko, baina zientziarik eta teknologiarik gabe ezinezkoa izango da irtenbideak aurkitzea.