euskaraespañol

CORTADA 2020 jaialdiaren oinarriak argitaratu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/23

Irudia

CORTADA 2020 jaialdiaren oinarriak argitaratzearekin batera, Vitoria-Gasteizko Film Laburren XXIV. jaialdia abian jarri da. Hain zuzen, jaialdi hori da Espainiako Zinema Arte eta Zientzien Akademiaren Goya sarietarako eta ikus-entzunezkoen ekoizleen eskubideak kudeatzeko erakundearen (EGEDA) Forqué sarietarako kalifikatzen duen euskal ikus-entzunezko lehiaketa bakarra, ZINEBIrekin batera.

Gasteizko lehiaketa ospetsu hau Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako Campuseko Errektoreordetzak antolatzen du, Vitoria-Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesarekin. Aurten, 2020ko abenduaren 16tik 19ra egingo da.

Egungo egoera aintzat hartuta, jaialdia egokitu egingo da agintari politiko eta sanitarioek zehaztutako jarraibideetara, eta aurrez aurre egiten jarraituko da, betiere egoerak horretarako aukera ematen badu, eta ospakizunaren unean egokiak diren edukiera eta higiene gomendioei jarraikiz. Osasun alerta berrezarriz gero edo salbuespenezko egoeraren bat izanez gero, antolakuntzak jaialdia era mistoan antolatzeko eskubidea izango du: aurrez aurre eta online, edo soilik birtualki, jaialdiaren webgunean (http://www.festivalcortada.com) edo egokitzat jotzen dituen bitartekoetan. Jaialdiaren sail bat, HEMENGOAK izenekoa, online izango da soilik, eta edizio honetan Euskal Autonomia Erkidegoko lanek parte hartu ahal izango dute bertan.

Jaialdiko sail guztiak lehiaketaren parte izango dira, nahiz eta honako hauek izango diren soilik ofizialak: FIKZIOA, ANIMAZIOA, DOKUMENTALA eta GUREAK (euskal film laburrak). Lau mila eurotik gora banatuko dira sarietan. Salbuespen gisa, CORTADA jaialdiaren XXIV. edizioak ez ditu izango UNILABUR eta EHULABUR sail ez-ofizialak. Horiek, ziurrenik, 2021eko edizioan berreskuratuko dira. Halaber, salbuespenez, edizio honetan kendu egingo dira PUBLIKOAREN SARIA eta EUSKARAZKO FILM LABURRIK ONENAREN saria, eta azken hori, ziurrenik, 2021eko edizioan berreskuratuko da. Euskarazko film laburrak sustatzeko, EHUSKARABANDA BIDEOMARATOIA egiten jarraituko dugu, eta 2020ko edizioan erabat birtuala izango da. Horren berri ematen joango gara irailetik aurrera.

FESTHOME plataformaren bitartez eman daiteke izena. Film laburrak aurkezteko azken eguna irailaren 14a izango da. Oinarriak lehiaketaren webgunean eta UPV/EHUko Arabako Campuseko kulturaren webgunean ikus daitezke.